Xabier Artetxe. Ineos taldeko prestatzaile burua

«Tourrean nagusi izan gineneko zirrara sentitu nahi dut berriro»

Bileraz bilera dabil Artetxe. Sasoi berriaren bide orria ezartzeko garaia da, eta gerora hartu beharreko ildoaz ere hausnarrean dabiltza Ineosen. Tourreko agintea berreskuratu nahi dute.

GORKA RUBIO / FOKU.
enaut agirrebengoa
Larrabetzu
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Angry basque (euskaldun erretxina) deitzen dioten arren, Ineos taldean «oso estimatua» sentitzen da Xabier Artetxe (Larrabetzu, Bizkaia, 1978). Ia hamar urte daramatza han prestatzaile gisa, modu zorrotz eta askean lan egiten. «Inoiz ez didate ez mugarik ez trabarik ipini». Erronka handia du orain esku artean: Ineosi izan zenera itzultzen laguntzea. Etorkizunean, ez du baztertzen kirolez aldatzea: «Gogoa dut beste iturri batzuetatik edateko».

Prestatzaileen burua zara Ineos taldean. Zein eginkizun dituzu?

Ni, berez, prestatzaile bat gehiago naiz. Hurrengoa nire hamargarren urtea izango da taldean, eta prestatzaile bezala aritu naiz azken bi urteetara arte. Taldean lauzpabost prestatzaile gaude, eta bakoitzak sei edo zazpi txirrindulariren ardura izaten du. Nik lan hori egiten jarraitzen dut, baina horrez gain, beste guztia koordinatu beharra dago: lan ildoa, urteko plangintza osoa, altueran egiten diren egonaldiak...

Hori horrela, lan asko duzu urtearen garai honetan?

Bai, lan eta lan nabil. Trantsizio fase betean gaude. Gazte asko ari dira taldean sartzen. Datorren denboraldia prestatu beharra dago, baina hausnarketa sakona ere egiten ari gara epe luzeko begiradarekin. Gure helburu nagusia oraindik ere Tourra irabaztea izanik, helburu hori nola lor dezakegun ari gara aztertzen.

Zeresana izaten duzu fitxaketei edo kontratu berritzeei loturiko erabakietan?

Interesa dugunean txirrindulari batengan, bere datuak pasatzen dizkidate, eta aztertu egiten ditut, eta nire iritzia ematen dut. Taldearen barruan zer zeregin izango lukeen, eta soslai horretako txirrindulari bat komeni zaigun edo ez esaten du zuzendarien buruak. Nik, berriz, prestatzaile ikuspuntua ematen dut: zer eman diezaioken taldeari, zenbat lan egin duen, non dagoen momentu honetan eta nora irits daitekeen... Beti agian ez, baina gehienetan kontsulta hori egiten zaigu fitxaketak egiteko orduan.

Movistarrekin kontratua sinatua zuen Carlos Rodriguezek, baina, azkenean, Ineosekin berritu du. Gertatu denaz xehetasunik eman dezakezu?

Iaztik maila handia ari zen ematen, eta aurten kontratua bukatzen zitzaionez, talde asko zituen atzetik. Movistarrek interes handia zeukan, eta oso eskaintza ona egin zion. Hanka bat han jarria zuela zirudien. Gurekin urtea oso ondo joan zaio, beste aurrerapauso bat eman du, eta Ineosek ikusi du taldearen etorkizunean oso garrantzitsua izan daitekeela. Berak babes hori sentitu du, eta Tourra izan da mugarria: zer maila eman dezakeen erakutsi du, eta horrekin batera, ikusi du taldeak zer-nolako babesa eman diezaiokeen. Adostasuna zegoen bi aldeen artean, eta beste lau urtez jarraituko du gurekin.

Horrekin batera, lider bila aritu zarete beste talde batzuetan.

Merkatuan zer dagoen ikusi behar duzu, eta taldeko manager Rod Ellingworthek esan izan du: taldea ez da kontratua duen inoren bila joango, baina maila ona duen norbait kontratuz libre gelditzen bada, Ineosen interesa izango du. Taldeburu diren gehienek oso kontratu luzeak dituzte: Pogacarrek berak, Vingegaardek, Ayusok, Evenepoelek. Roglicekin ziur taldeak hartu-emana izango zuela, libre gelditu den heinean. Beste urte baterako kontratua zuen, baina askatasuna eman dio Jumbok [azkenean, bi urterako sinatu du Borarekin].

Taldean baduzue Tourra irabaz dezakeen inor, edo nahitaez norbait fitxatu behar duzue?

Ez dakigu, eta horregatik, bi ildoak jorratu behar dira. Beste taldeetako lider onenek kontratu luzeak dituzte, beraz, konfiantza izan behar dugu orain dugun taldean. Batzuek dagoeneko erakutsi dute irabazteko edo aurrean egoteko gai direla: Bernal, Thomas eta Carlos Rodriguezen kasua da. Eta, era berean, ez dakigu Pidcock eta Sheffield bezalako gazteak noraino irits daitezkeen. Horrekin batera, lanean jarraitu behar dugu gure taldean ez dauden txirrindulari interesgarriak fitxatzeko. Batzuk berehala eta oso gazterik iristen dira gorenera, baina ez da beti hala gertatzen. Vingegaardek, adibidez, garapen prozesu bat izan du Tourrak irabazten hasi aurretik.

Daukan aurrekontuarekin, Ineosek derrigorrez irabazi beharko luke Tourra?

Ineosek aurrekonturik handiena duela esan ohi da, eta hori mito bat dela iruditzen zait. Sky taldean agian hala izango zen, baina gaur egun, beste talde batzuek gaitasun handiagoa dute fitxaketak egiteko. Ikustea besterik ez dago Jumbok edo UAEk zer txirrindulari dituzten. Lidl-Trek eta Boran ere sekulako kontratuak eskaintzen ari dira. Uste dut ez garela gu World Tourrean aurrekonturik handiena duena, eta ez dakit aurreneko hiruretan egongo garen 2024an. Dena den, Tourra irabazi ez badugu, ez dut uste bakarrik horregatik izan denik. Ez gara urruti egon: 2021ean eta 2022an podiumera igo ginen, Carapazekin eta Thomasekin.

Urte honetako Jumbok Sky onenari irabaziko lioke?

Agian bai. Urtetik urtera hobetuz doa txirrindularitza, eta 2016ko edo 2019ko irabazleek izandako datuekin ezin da gaur egun Tourra irabazi. Gainera, talde moduan ere maila handia erakutsi du Jumbok. Hortaz, esan daiteke orduko Sky baino indartsuagoa dela. Baina dena esate aldera, aldaketa handiak izan dira: teknologia garatu egin da, bizikletak azkarragoak dira, elikadura eta errekuperazio fasea hobetu egin da... Skyk ekarri zituen gauza asko kopiatu eta hobetu egin dituzte zentzu batzuetan, eta zorionez, txirrindularitzak aurrera egin du, eta asko igo da World Tourreko maila. Orduan, 2015a ezin daiteke 2023arekin alderatu.

Jumboren nagusitasunak luzaro iraun dezake, edo gauzek orekatzera egingo dute?

Ez da erraza urte luzez goi-goian egotea. Beraiek gutxienez hamar urte daramate proiektu honetan lanean, eta gorenera iristea lortu dute azkenean. Ordea, momenturen batean txirrindulariek ezingo diote errendimenduari eutsi, eta langile taldearentzat ere ez da erraza eguna joan eta eguna etorri maila horretan aritzea. Halako batean, ikusiko dute ez direla Tourra irabazteko gai. Gure aroan ere ematen zuen gauzak erraz ateratzen zitzaizkigula, lider bat edo bestea eduki. Baina 2019az geroztik ez dugu Tourrik irabazi. Pogacar nagusitzen hasi zen, eta ematen zuen hurrengo hamar Tourrak bereak izango zirela, baina esan bezala, hor goian irautea ez da erraza.

Tourra Bernalekin irabazi zenuten azkenekoz. Hark istripu larria izan zuen iaz, eta osatze prozesuan zu izan zaitu gidari. Erronka handia izan da?

Bai. Momentu zailak izan ziren. Istripuaren ondoren, lehen helburua bizirik jarraitzea zen. Eta gero, ahalik eta bizi kalitaterik onena izatea, lesio oso larriak izan zitzakeelako. Hurrengo pausoa, bizikletan ibiltzea izan zen. Iaz, inork uste baino askoz lehenago hasi zen berriz ere lehiatzen. Asko sufritu zuen. Aurten, ordea, Tourra eta Vuelta bukatzeko gai izan da. Oso pozik gaude. Ez dugu ahaztu behar nola zegoen orain dela hemezortzi edo hogei hilabete. Hori bai, bera irabazle bat da, eta hor aurrean egon nahi du berriro. Ez da erraza izango, baina badut esperantza. Sei urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta berak eman dizkit pozik handienak.

«Lan egiten uzten didan talde batean egon nahi dut». Zure hitzak dira, 2011n BERRIAri esanak, artean Caja Ruralen zenbiltzala. Ineosek aukera hori eskaini dizu?

Bai: konfiantza eta askatasuna eman dit gauzak nahi bezala egiteko, eta nahi izan ditudan baliabide guztiak eduki ditut eskuragarri. Ni taldera iritsi nintzenean, komunikazio falta zegoen taldeko multzo latinoarekin, eta prestatzaile bat nahi zuten zulo hori ixteko eta ziklista multzo horrekin lan egiteko. Baina inoiz ez didate ez mugarik ez trabarik ipini lan egiterakoan. Asko hazi naiz profesional moduan. Atzerrira joan behar izan dut halako aukera bat lortzeko, beste askori gertatu zaien bezala. Prestatzaileen buru izendatu naute, eta oso estimatua sentitzen naiz. Euskal Herrian oso jende baliotsua dugu, eta World Tourrean hemengo langile ugari dago.

Zeintzuk dira ziklistei duten onena ateratzeko gakoak?

Hori ez da aldatu gizakia entrenatzen hasi zenetik: ondo entrenatu, ondo jan eta ondo lo egin. Hori egiten duen kirolari orok oso maila ona lor dezake. Askotan beste gauza batzuei begiratzen zaie, hobekuntza txikiak lortu nahian, eta funtsezkoa zer den ahaztu egiten da.

Beste urte askoan jarraituko duzu Ineosen?

Ez dakit. Izan ditut aukerak taldez aldatzeko, azken urtean ere bai, baina momentuz, gogotsu nago Ineosen. Tourrean nagusi izan gineneko zirrara sentitu nahi dut berriro. Baina pentsakor ere egoten naiz batzuetan. Bizi osoa txirrindularitzan eman dut, eta gogoa dut beste iturri batzuetatik edateko. Aukera polita izan liteke beste kirol batean proba egitea, ikasitakoa transmititzeko, eta aldi berean, gauza berriak ikasteko. Mendiari lotutako kirolak asko gustatzen zaizkit, adibidez, mendiko eskia.Eta futbolak ere erakartzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.