Frantziako Tourra. Imanol Erbiti. Movistar taldeko txirrindularia

«Tourra ederra da, baina ez du barkatzen»

Hamargarren aldiz ari da Tourrean, eta gustura zegoen egiten ari zen lanarekin, herenegun Mikel Landa erori zen arte. Tourra irekia ikusten du, eta uste du bere liderrek zeresana eman lezaketela: «Biak ondo daude».

«Tourra ederra da, baina ez du barkatzen».
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ordu eta erdiko saioa egin dute goizean, eta bazkalostean erantzun du telefono deia. Imanol Erbitik (Irunberri, Nafarroa, 1983) onartu du karta jokoan gustura egingo lukeela, baina ez dute ohiturarik taldean. «Estresik ez», esan du, «gaur lasai». Landaren erorikoak atseden eguna mikaztu die, baina ez dute une oro gai berari bueltak ematen ibili nahi: «Hori iragana da, orain aurrera begiratu behar dugu».

Gustura hartu al duzue lehen atseden eguna?

Bai. Beharrezkoa zen. Hamar etapa jokatu ditugu dagoeneko, Tour erdia kasik. Mesede egingo digu herenegungo erorikoaren ondoren ideiak ordenatzeko. Ez da une txarra gelditzeko.

Zer moduzko giroa duzue Landaren erorikoaren ondoren?

Amorrua ematen dizu; segundo batean, film guztia aldatu zen. Tira, erdia bai behintzat. Denok salbatuta egotetik, aurkari zuzen batzuekiko aldetxoarekin, gainera, tiraka ibili behar izatera igaro gara. Dena kontrolpean genuela uste genuen, eta begira. Baina tira, hori iragana da orain.

Ordekalarien helburua liderrak mendira ondo iristea da, eta azken etapako azken unean zapuztu zitzaizuen.

Lasterketaren azterketak gainditzen gindoazen, eta kanpoko aldagai bategatik lana pixka bat zapuztu zaigu. Lehen atseden egunaren bezpera ez da inoiz erraza izaten, eskarmentuak irakatsi dit hori, eta herenegun, gainera, haizea zegoen. Ondo gindoazen, irratiak sustoa eman zigun arte: «Mikelen erorikoa!», eta hortik aurrera eromena izan zen.

Ondo hasiak zineten.

Bai, tira, nire ustez, taldekako erlojupekoan lan hobea egin genezakeen. Ez zen desastre bat izan, orduko 55 kilometrora joan ginen, baina aurrerago buka genezakeela uste dut. Ez da erraza orduko 58 kilometrora doazen taldeen mailan egotea.

Zer moduz dago Landa? Asko aldatu da Tourra harentzat?

Ondo dago. Kolperen bat du, baina ondo dago. Tourra asko aldatu da berarentzat. Galdu duen alde horri buelta ematea zaila da. Hasieratik zaila bada goian egotea, bada, pentsa orain. Baina Mikel ausarta da, eta ausardia horrekin bere modura lehiatzeko aukera du orain, zaleen gozamenerako.

Eta Quintana?

Tourraren aurretik esan nuen biak ondo ikusten nituela. Dauphinen, agian, Quintana ez zegoen sasoi betean, baina lan oinarri sendoa egin du. Bere itxura fisikoak ematen dit konfiantza, beste Tour batzuetan baino gehiago. Eta Mikel berdin, Giroaren ondoren oso fin ikusi nuen. Zentratuta zegoen, eta dago. Aldapa gora hastean onenetako bi izango direla uste dut, harrituko ninduke hor goian ez ikusteak.

Iazko urtea ez zen ona izan Movistarrentzat. Aurten, aldiz, arrakasta handia izan duzue Giroan. Horrek laguntzen al du?

Bai. Talde barruko giroa hobetzen laguntzen du. Ez dago itolarririk, eta gauzak lasaiago egin daitezke.

Taldeko txirrindulari askoren etorkizunari buruzko zurrumurru daude: Quintana, Landa, Carapaz... Eragiten al du horrek guztiak?

Eramaten ikasten duzu, eta bien jarrera aldatzen ez bada ondo kudeatuko dugu. Bi mutil atsegin dira, zintzoak... Haiek ere badakite, hartzen duten erabakia hartzen dutela, hamabost egun itxarotea mesedegarria dela haientzat. Ondo moldatzen badira, eta elkar ondo hartzen badute, bientzat mesede.

Eta zu? Zer moduz zaude?

Ondo, arazo handirik gabe. Lehen egunean eroriko bat izan nuen, baina urratu txiki bat baino ez zen izan. Izan daitezela denak horrelakoak.

Hamargarren Tourra duzu. Oraindik berezia al da?

Bai, noski; ezinezkoa da Tourra lehiatzera ohitzea, beti du pizgarri berezia. Lasterketa honek oilo ipurdia jartzen dizu: oso polita da, jende guztia sasoiko dago... eta ez dizu barkatzen. Tourrak lotsak agerian uzten dizkizu. Asko eman diezazuke, baina kendu ere bai.

Hamar urte hauetan asko aldatu al da Tourra?

Bai, aldatuz doa. Gaur egun askoz tentsio handiagoa dago ondo kokatzeko lehian. Beti egon da, baina orain gehiago. Tourrak berak ikuskizun handiagoa bilatzen du, gauzak zailago jartzen ditu, eta horrek eragiten du tentsioa. Azken aldietan, urtero, hiruzpalau faboritok aukera guztiak galdu izan dituzte lehen astean, eta faboritoren bat duten taldeek euren esku dagoen guztia egiten dute. Eta 22 gara. Lehen ere horrela zen, baina orain are gehiago espezializatu da.

Duela hamar urte baino askoz bizkorrago al zoazte?

Tropelari dagokionez, bai. Sentipena da batzuetan askoz bizkorrago goazela. Plater handiagoak eta piñoi txikiagoak jartzen dira. Ez dakit telebistaz sumatzen den, baina batzuetan, ordekan, orduko 70 kilometrora joaten gara, ziztu bizian.

Nolakoa izaten ari da Tour hau?

Eliminazio fasea pasatu dugu. Aste honetan ez da itzulia irabazten, baina galdu daiteke. Ez galtzera joan gara, eta askotan horrela aritzea erasoan ibiltzea baino gogorragoa da. Gaurko etapan ere kontu handiz ibili beharko dugu.

Zer postutan zoazen ba al dakizu? Eta zenbat denborara?

Egia esan, ez [121. postuan dago, liderrarengandik ia ordu eta erdira]. Ez bata ez bestea. Sailkapena begiratzen dut, baina niri interesatzen zaidana bilatzeko: nire liderrak eta beste faboritoak non dauden. Ez dit axola nire postuak, gu lan egitera gatoz. Herenegun nire onena eman nuen azken kilometroko pankarta igaro arte, eta, hankek gehiago ezin zutenez, atzean gelditu, eta agian minutu bat galdu nuen 600 metrotan. Eta horrela egun askotan. Gauza bat dakit, sailkapeneko lehen orrialdean nago oraindik! [barrez].

Alde handiak daude sailkapenean. Jende asko dago ordubetetik gora galduta.

Bai, egia da. Sailkapenean eragin handia izan duten bi etapa egon direlako: La Planche des Belles Fillesekoa eta De Gendtek irabazi zuena. La Planchen tropela helmugatik 40 kilometrora gelditu zen atzean, eta ez genuen estutu.

Aste honetan erlojupekoa eta Pirinioak datoz. Nolakoak dira?

Egunez egun joango naiz. Gaur esprinta izango dugu. Bihar Bagneres de Bigorreko etapa da, eta baliteke ihesaldi indartsu bat ematea. Etziko erlojupekoak gorabehera asko ditu. Ostiralean Tourmalet, mito bat, eta nik uste dut hori izango dela Pirinioetan zeresan gehien emango duen igoera. Eta azkenik, larunbateko etapak asko asko higatuko du tropela, Prat d'Albis dirudiena baino gogorragoa baita.

Interesgarri dago Tourra, oreka handia dago.

Ados nago. Ez dago batere garbi, eta hori polita da zaleentzat, eta gu guztiontzat. Guztiok nahi dugu borroka egon dadila eta arreta sortu dezala jendearengan.

Nola ikusi duzu Ineos taldea?

Multzo bikaina dute, eta lasterketa kontrolatzeko indarra badute. Baina beste faboritoak buruz buruko lehian sartu arte ikusi behar. Froome falta zaie, pieza sendoena zena, eta agian horrek ziurtasun pixka bat ken diezaieke. Pinot ere ondo ikusten dut eta igotzaileak ditu alboan. Lanak eman ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.