Txirrindularitza

Tourra Bilbotik irtengo da 2023an

Bihar ekitaldia egingo dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Tourreko antolatzaile Christian Prudhommek, Guggenheim museoan. Hiru ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan izango dira.

Gerain Thomas, 2018o Tourrean, Larresoron. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 25a
19:52
Entzun

Bilbo Udalak aspalditik zuen Tourraren antolakuntza erakarri, eta txirrindularitzako proba nagusia Bizkaiko hiriburutik ateratzea begiz jota. Bada, bihar bertan baieztatuko da: 2023an lasterketa Bizkaiko hiriburutik aterako da. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Christian Proudhomme Tourreko zuzendariak iragarriko dute, eguerdian Guggenheim museoan egingo den ekitaldi batean. Duela hiru urte igaro zen azken aldiz Frantziako Tourra Euskal Herritik, azken-aurreko etapa, erlojupekoa, Ezpeletan amaitu baitzen. Azken aldiz, berriz, 1992an irten zen Euskal Herritik. Donostiatik irten zen. Urte hartan, Indurainek irabazi zuen Tourra, hark irabazitakoetan bigarrena.

Akordioa baieztatuta, bigarren etapa ere Bilbotik irtengo da. Erakundeek 2016an hasi zuten harremana Frantziako Tourra antolatzen duen enpresarekin, ASOrekin. Eta duela hiru urte Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berak zera adierazi zuen: «Berandu baino lehen, Frantziako Tourra Bilbotik aterako da». Ez da lan erraza, ordea. Izan ere, Tourrak eskari asko izaten ditu etapa hasierak eta amaierak antolatzeko. Are gehiago, lasterketaren beraren irteera bada.

Baina, 2016an, Christian Prudhomme Bilbon izan zen, Espainiako Vuelta bertatik igaro zenean, eta orduan hasi zen hitz egiten antolatzaileekin, eta gustuko izan zuen antolakuntzaren lana.

Diruari dagokionez, 10 milioi euroko kostua ekar dezake halako lasterketa bat antolatzeak. Kopuruak isilean mantentzen diren arren, horren inguruan emandako azken datuen arabera, Tourreko etapa baten amaiera hartzeko, 600.000 euro ordaindu behar dute Frantziako udalerriek, eta 100.000, berriz, irteeragatik. Gainera, hainbat hirik eman dituzte horren inguruko datuak. Edinburgok, adibidez, 2014ko hasiera antolatzeko, 11,63 milioi euro eskaini zituen, eta azkenean ez zuen lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.