Herri gutxik izango dute Mutrikuk(Gipuzkoa) adina aldapa. Kostaldeko herria da, baina mendi arteko txoko batean dago. Handik irteteko bi modu daude bakarrik, itsasotik edo gora eginez. «Argi dago hori, Mutrikun txirrindulariren bat ateratzen bada, eskalatzailea izango da, ziur!», bota du umoreko Asier Illarramendik (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Realeko kapitaina futbolarengatik da ezaguna, baina bizikletaren harra sakon sartua du, hala ikusteko, nola ibiltzeko. Baina badaki ezin dela nahi beste ibili. «Oporretan-eta ibiltzen naiz, ona da gorputza mugitzea, baina kontuz ibili behar dugu. Beti dago erortzeko arriskua, edo auto batek jotzea. Bizikleta gainean dena ez dago zure esku».
Txirrindularitzaren egunerokoa «gertutik» jarraitzen du Illarramendik, eta nahikoa da hari muturra erakustea tira egin eta azken lasterketetako xehetasunak eman ditzan. Bere jarioak, galdera zuzena merezi du: ea zer nahiago duen telebistaz ikusteko, txirrindularitza edo futbola? «Txirrindularitza», bota du berehala, eta ondoren azaldu du erantzuna. «Nire egunerokoan futbola dut, kalean ere bai. Futbolaz inguratuta bizi naiz, eta, deskonektatzko, asko gustatzen zait beste kirol batzuk ikustea, eta, batez ere, txirrindularitza». Itzulia ostiralean pasatuko da Mutriku ingurutik, Kalbarioko igoera berrian, eta, ondo bidean, erdilaria ez da urrun ibiliko.
Txirrindularitza afizioa umetan esnatu zitzaion. 11-12 urterekin mendiko bizikletan ibiltzen zen lagunekin. Futbolak, baina, goiz jo zion atea, eta ez zuen txirrindulari biderik egin. Baina arrastoa utzi zion. «Tourra eta Giroa ikusten harrapatu ninduen, eta haien atzetik beste lasterketa batzuk ezagutzen zoaz. Azken urteetan asko gustatzen zait klasikoak ikustea. Orain jokatzen dira, udaberrian, eta entretenigarriak dira. Egun bateko lasterketetan edozer gauza pasa daiteke». Txirrindulari kutunak errepasatzen hasita, izen bat atera zaio: «Joseba Beloki. Harekin hasi zitzaidan zaletasuna». Gaur egungoen artean Peter Sagan eta Alejandro Valverde miresten ditu. «Sagan makina bat da. Valverde, berriz, daukan adinarekin hain sasoi onean egotea gauza handia da. Aurten, ez dirudi horren fin dabilenik, baina ziur urtea bukatzerako zakua ondo betea duela».
Telebistaz txirrindularitza asko ikusitakoa da, baina zuzenean ez nahi beste. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Espainiako Vuelta ikusi izan ditu bide bazterretik, baina ez Tourra. Pena du. «Kuadrillakoak-eta joaten dira, baina data txarrak dira niretzat. Sasoi-aurrean bete-betean egoten gara. Iaz pentsatu nuen Tourrera joatea, baina ezinezkoa zen. Erretiroa hartzen dudanean,ziur nago proba klasiko handiak ikustera joango naizela». Ez da erretiratzen denerako asmo bakarra: «Tourmaletera igo nahi dut, eta beste mendi askotara. Baina, horretarako, orain nabilena baino pixka bat gehiago ibili beharko dut».
Illarramendik baditu mendate batzuk bere garaipen zerrendan. «Covadongako aintzirak, Albako Ermitako gaina eta Valdezkarai igo ditut, besteak beste. Niri Tourrera bizikletarekin joatea gustatuko litzaidake. Probatuko dut hori ere noizbait». Oporretan ibiltzen da bakarrik bizikleta gainean, eta gozatu egiten du. Nahiko luke gehiago ibiltzea, baina, halere, txukun dabil. «90 kilometro egin izan ditut gehienez, eta nahiko ondo. Gogoan dut ni baino gehiago ibiltzen den lagun batekin joan nintzela Valdezkarai ingurura. Bazkalordua zen, eta hura gose zen, eta estutu zuenean pixka bat sufritu genuen. Baina bestela, ondo moldatzen naiz».
Euskal Herriko Itzulia. Gainera, txirrindularitzazaleak (I). Asier Illarramendi.
Tourmalet du zain
Futbolari bizitza eta egutegia txirrindularitza zaletasunarekin uztartzea ez da erraza; baina, halere, Realeko kapitainak beti du bizikleta hotsa inguruan. Erretiroa hartzen duenerako planak eginak ditu buruan, hala bide bazterrean oihu egiten, nola pedalei eragiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu