Toto Schillaci futbolari ohia zendu da

59 urte zituen, eta koloneko minbiziak jota hil da. Italiako 1990eko Munduko Kopan egin zen ezagun. Txapelketako golegile nagusia izan zen, sei golekin. Gainera, torneoko jokalari onena izendatu zuten. Besteak beste, Juventusen eta Interren jokatu zuen.

Toto Schillaci futbolari ohia, besoak zabalik, gol bat ospatzen.
Toto Schillaci futbolari ohia, besoak zabalik, gol bat ospatzen. BERRIA
ainara arratibel gascon
2024ko irailaren 18a
12:35
Entzun

Salvador Schillaci Toto futbolari ohia hil da, 59 urterekin, koloneko minbiziak jota. Denbora zeraman gaixo, baina azken astean okerrera egin du haren osasun egoerak. Egun batzuk zeramatzan Palermoko erietxean (Italia). Italian Messina, Juventus eta Inter taldeetan jokatu zuen. Japonian ere aritu zen, Jubilo Iwata taldean, hain zuzen. Hala ere, aurrelaria Italiako Munduko Kopan egin zen ezagun, 1990ean. Azeglio Vicini hautatzaileak Gianluca Vialliren eta Andrea Carnevaleren ordezko moduan sartu zuen deialdian. Artean denboraldi bakarra zeraman Juventusen jokatzen, baina berehala erakutsi zituen bere dohainak. Izan ere, 30 partidatan 15 gol sartu zituen.

Munduko Kopa hartan, bere herrikideen aurrean, loria dastatu zuen. Sei gol sartu zituen, eta, txapelketako golegile nagusia izateaz gain, jokalari onena ere hautatu zuten. «Batzuetan dena daukazu alde, eta txapelketa hartan hori gertatu zitzaidan», adierazi zuen urte batzuk geroago. Lau minutu bakarrik behar izan zituen gol bat sartzeko. Italiak Austriaren aurka egin zuen debuta Munduko Kopa hartan. Schillaci 74. minutuan zelairatu zen, Carnevaleren ordez. Neurketa 0-0 zegoen, eta irten eta gutxira ederki baliatu zuen Vialliren erdiraketa bat, buruz 1-0ekoa sartzeko. Hala amaitu zen partida. Hurrengo neurketa ere aulkitik hasi zuen, eta, minutu batzuk jokatu arren, ez zuen aurkariaren atea zulatzerik izan. Bi garaipenekin, Italia sailkatua zegoen final-zortzirenetarako, eta multzoko faseko azken partidan, Txekoslovakiaren kontra, Vicini hautatzaileak hasieratik jokatzeko aukera eman zien Schillaciri eta Roberto Baggiori. Biek gola sartu zuten.

Final-zortzirenetan eta final-laurdenetan ere haren golak erabakigarriak izan ziren Italiak aurrera egiteko, eta finalerdietan ere ez zuen huts egin. Gola sartu zion Argentinari. Italiarrek gertu zuten amestutako finala. Baina, Wallter Zengaren hutsegite bat baliatuz, Claudio Canniggak berdinketaren gola sartu zuen. Kanporaketa penaltietan erabaki zen, eta hor argentinarrak izan ziren nagusi. Kolpe gogorra izan zen finaletik kanpo geratzea. Baina hirugarren geratzeko norgehiagoka falta zen, eta hor ere utzi zuen arrastoa. Penaltiz gola sartu zion Ingalaterrari, eta horri esker lortu zuen txapelketako golegilerik onena izatea. Selekzio arteko hurrengo txapelketa nagusia 1992ko Eurokopa izan zen, baina Italia ez zen sailkatu.

Klubetan egin zuen ibilbidea ere aipatzekoa da. Messinan egiten ari zen lan onak Juventusen arreta erakarri zuen, eta 1989an fitxatu egin zuen. Turingo taldearekin 132 partida jokatu zituen, eta 36 gol sartu. Italiako Kopa bat irabazi zuen gainera, baita UEFA bat ere. Ondoren, Interrera joan zen. 36 partidatan 12 gol egin zituen elastiko urdin eta beltzarekin. Italiako futbola utzi eta Japonian jokatu zituen bere kirol ibilbideko azken urteak, Jubilo Iwata taldean (63 gol 95 partidatan). Golak sartzen zituen aldiro besoak zabaltzen zituen. Gol senaz gain, bazituen beste ezaugarri batzuk: bizkorra zen, eta langilea. Izan ere, kosta egin zitzaion gora iristea. Futbolari izan aurretik gozogile lanetan aritu zen, baita kalean saltzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.