FUTBOLA. ALEMANIAKO EUROKOPA

Ez dira konformatzen egote hutsarekin

Gaur estreinakoz ariko da Georgia nazioarteko txapelketa handi batean. Mamardaxvili atezaina eta Kvaratskhelia erasoko jokalaria dira selekzioko izarrak.

GEORGIA SOCCER
Georgiako jokalariak sailkapena ospatzen, Greziaren aurka martxoan jokatutako partidan. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

1991ko apirilaren 9an independentzia aldarrikatu zuenetik, Georgiak lehenengoz jokatuko du nazioarteko txapelketa handi baten azken fasea. Turkiaren aurka ariko da gaur Dortmunden (Alemania), 18:00etan (La2, TDP eta Bein). Gainera, zortea izan du, ustez, multzorik errazena egokitu baitzaio: 2016ko irabazlea da taldeko faboritoa, Portugal, baina beste bi taldeak, Txekiar Errepublika eta Turkia, ez dira lehen mailako selekzioak: txekiarrak 36. postuan daude FIFAren sailkapenean, eta turkiarrak, 40.ean; Georgia, berriz, 75.ean dago.

Luzea izan da Georgiaren bidea txapelketa handi bateko azken fasean jokatzeko. 1990ean jokatu zuen lehen partida Georgiak, oraindik Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren barneko errepublika bat zela; lehen partida ofiziala 1994an jokatu zuen, Moldaviaren aurka 1-0 galduta. Handik aurrera, Munduko Koparako eta Eurokoparako sailkatzeko faseetan porrot egin du beti, eta 2020ko Eurokopa jokatzear egon zen, bigarren aukera jokatu baitzuen Ipar Mazedoniaren aurka, baina ez zen sailkatu.

Antzeko bidea izan du 2024ko Eurokopara sailkatzeko: bigarren aukerara pasatu zen, taldekako fasean azken-aurreneko postuan geratu baitzen, Gibraltarren aurretik. Luxenburgo kaleratu zuen Georgiak, 2-0 irabazita, eta Greziaren aurka aritu zen Eurokoparako sailkatzeko. Berdindu egin zuten, eta penaltietan sailkatu zen.

datuak

75.

Georgiaren postua FIFAren sailkapenean. FIFAk egiten duen selekzioen sailkapenaren arabera, gizonezkoen futbolean 75. selekziorik onena da Georgia. Eurokopan parte hartzen ari diren taldeen artean okerren sailkatua dago Kaukasoko herrialdea.

161,05

Taldearen merkatuko balioa, milioi eurotan. FIFAren sailkapenaren arabera Eurokopako talderik apalena bada ere, taldeko jokalarien merkatu balioa batuta ez da okerrena. 161,05 milioi euro balio dute jokalari guztiek, Transfermarkt atariaren arabera. Atzetik ditu Eslovakia, Eslovenia, Albania eta Errumania.

Etxean jokatu zuen Georgiak, herrialdeko estadio handienean, eta partida amaitzean ehunka zalek berdegunera egin zuten jauzi jokalariekin batera sailkapena ospatzeko. Zorte handirik izan ez duen selekzio horren historiako une garrantzitsuena izan da partida hori. Aurrez lortutako garaipenik handiena agian 2016an Espainiari 1-0 irabaztea izan zen, lagunarteko partida batean.

Eurokopan lortzen dituzten emaitzak lortzen dituztela ere, zaleentzat festa hutsa izango dira Alemanian gutxienez jokatuko dituzten hiru partidak, eta, nahiz eta FIFAren sailkapeneko talderik txarrena izan, ezustean aurrera egin dezake, Eurokopan halakoak eta handiagoak jazo izan baitira: 1992an gonbidatuta joan zen Danimarkak irabazi zuen txapelketa; 2004an, berriz, Greziak Portugali irabazi zion finalean, eta trofeoa irabazi; eta, 2016an, azkenik, Islandia final-laurdenetara iritsi zen.

Taldeko izarrak

FIFAren sailkapena kontuan hartuz gero, Eurokopako talderik apalena da Georgia, baina Europako talde handietan bikain ari diren jokalari batzuk ditu. Khvitxa Kvaratskhelia da taldeko izarra. 2022-2023ko denboraldian hasi zen bere izena ezagun egiten: Batumiko Dinamon 11 partidetan zortzi gol sartu ostean, ia hamabi milioi euro ordaindu zituen Napolik hegaleko jokalari gaztearengatik. Denboraldi bikaina egin zuen Italiako taldean: liga irabazi zuten 30 urte baino gehiagoren ostean, eta Txapeldunen Ligan ere lan bikaina egin zuen Victor Oshimen aurrelariaren ondoan.

Kvaratskheliak hamalau gol sartu zituen denboraldi horretan, eta, amaitu berri denean hain fin aritu ez den arren, 11 gol sartu ditu. Europako talderik handienen interesa piztu du, eta horietako askok saiakerak egin dituzte georgiarra fitxatzeko. Transfermarkt futbolarien merkatua aztertzen duen atariaren arabera, 80 milioi euroko balioa du merkatuan.

Futbolean arrakasta izateko aurrean eta atzean jokalari onak izatea beharrezkoa dela esan izan da maiz, eta, atzera joanda, Valentzian denboraldi bikaina egin duen Giorgi Mamardaxvili du atean Georgiak. 23 urte besterik ez ditu, baina Valentzian egin dituen hiru denboraldietan maila goreneko atezaina dela erakutsi du. Azkenekoan ia hamar gol eragotzi ditu, Opta superordenagailuaren arabera, eta ligako lehen hiru atezainik onenen artean dago, Unai Simonekin eta Alvaro Vallesekin batera. Itxuraz, talde handi batera egingo du jauzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.