Marcelinho Huertas. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Top16az txorakeria asko esan dira; ez dut gehiegizko baikortasun hori ulertzen»

Gaizki aritu zen jokalari brasildarra Valladoliden, eta amorratu antzean dabil. Zuhurtzia darabil ahoan etengabe. Unicajarekin tentuz jokatzeko aholkatu du.

Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Lan saio luzea egin dute astearte goizean jokalariek. Valladoliden egindako partida kaskarraren ondorio zuzena, ziurrenik. Eguerdia ondo pasata atera dira jokalariak aldageletatik: David Logan, Fernando San Emeterio, Brad Oleson begia more-more duela, eta Marcelinho Huertas bera (Sao Paulo, Brasil, 1983). Igandeko haserrea ahazteko du oraindik Huertasek. «Ni gaizki aritzen banaiz, taldea ere bai, eta izorratuta nago», aitortu du. Poz pixka bat eman diote argazkilariaren irudi politek.

Lau hilabete beteko dira laster lehiaketa hasi zenetik. Zein da zure balantzea?

Beno, emaitzei dagokienez, zuzena dela esango nuke. Ez bikaina, baina ezta txarra ere. Ez gara talde trinkoa izan, erregulartasuna lortu nahi genuen; baina bi lehiaketetan murgilduta egotea zen asmoa, eta horretan gaude.

Jendearen begietara denboraldia ez da hain ona. Ados al zaude?

Jendeak oroimen ona du, eta pasa den sasoian zer lortu zen gogoratu eta berriro hori errepikatzea nahi du, baina hori gauza zaila da. Urtero ezin da arrakasta handiren bat lortu. Ez dakit justua den, taldean egon diren aldaketekin, exijentzia maila berbera izatea, baina tira, animoz eta ondo gaude. Gorabeheratsu gabiltza, hori ukaezina da, baina partida garrantzitsuak aurrera atera ditugu, eta hori ere aintzat hartzeko modukoa da.

Kanpotik, abiadura hartzea falta zaizuela sumatzen da.

Hori baino, egiten ditugun huts batzuk behin eta berriro egiten direla da larriagoa. Abantaila lortzen dugunean arnasa ematen diogu aurkariari, partida bukatu ordez, eta garesti ordaintzen ari gara hori. Batzuetan behartu samar aritzen gara erasoan, egin behar ez diren jaurtiketak eta jokaldiak eginez. Naturaltasun handiagoarekin jokatu beharko genuke, jakin badakigulako. Defentsan ere erregulartasun apur bat falta zaigu. Ondo aritzen gara askotan, baina kontzentrazioa galtzen dugu batzuetan.

Analisi horren ondorioa?

Bada, oreka falta zaigula. Hitz egokia dela uste dut. Halere, Euroligako ligatxoan bigarren postuan sailkatu ginen 5-5 balantzearekin. Ligan okerxeago gabiltza, baina hirugarren talde onena gara. Bigarren itzuli osoa daukagu buelta emateko, eta egindako hutsak konpontzeko buruan indarra badugula uste dut. Denboraldia oso luzea da, eta ezin gara lasaitu partida bat galtzeagatik. Gauza bat da partidak irabaztea, eta beste bat, oso ezberdina, tituluak irabaztea; eta, orain, partidak irabazteko unea da.

Zuk zeuk aipatu dituzu taldearen hutsak. Nola eragiten du horiek konpontzeko ezinak?

Buruarentzat zigor handi samarra da, baina ez du min handirik sortzen. Hemen, taldean, bakoitzak izaera jakin bat dugu, eta ahal duen moduan gainditzen du egoera, baina Baskonian talde moduan konpontzen ditugu okerrak. Tituluak taldeak lortzen ditu, eta hutsak taldeak egin. Bakoitzak bere kasa jardutea alferrikakoa da.

Garaipen bolada on batek taldearen jardun gorabeheratsua konponduko al luke?

Ez dakit, baina agian ez. Ez dugu obsesiorik eduki behar bolada on hori lortzeko. Pentsa Kopa hasi aurreko partida guztiak irabazten ditugula. Kopa irabazteko bermea ematen al digu horrek? Ez. Topiko bat da. Baina partidaz partida joan behar dugu, hemendik hiru edo lau astera ditugun partidetan pentsatu gabe. Gure helburua ez da hilabete barru ondo egotea, hori bihar lortzea baizik. Bolada onak egunero lan ona egiten badugu etorriko dira.

Oso haserre bukatu zenuen Ligan Valladoliden jokatutako azken partida.

Oso, bai. Egun txarra izan nuen, denboraldiko partida txarrena, eta horrek ikaragarri haserretzen nau. Perfekzionista naiz, eta gauzak gaizki egiteak nire onetik ateratzen nau. Hotzean pentsatu, eta hain partida txarra ez jokatzen saiatzea beste erremediorik ez dut.

Valladoliden ez zinen ondo aritu, baina denboraldi txukuna egiten ari zara. Taldeko jokalari onenetakoa izaten ari zara.

Eskertzekoa da halakoak entzutea. Pozik nago. Joko antolatzailearen jarduna funtsezkoa da talde batean, eta ni ondo aritzen banaiz, taldea ere bai. Ni gaizki nabilenean, taldeak nabaritu egiten du, eta horregatik saiatu behar dut huts gutxi egiten.

Kontua da Baskoniak joko antolatzaile peto bakarra daukala, eta hori nabaritzen ari dela.

Ni ez nago ados baieztapen horrekin. David Loganek eta Pau Ribasek ere 1 postuan joka dezakete, eta ni baino hobeto gainera.

Zer aldatu da taldean Esteban Batista etorri denetik?

Asko eman diezaguke. Egokitu egin beharko du, eta aste batzuk beharko dira bere neurri onena eman dezan. Donostian ondo aritu zen, Valladoliden ez hainbeste. Espazio asko sortzen ditu, handia delako, eta jokaldiak bukatzen dakielako. Barneraketak erraztuko ditu, eta jaurtitzaileek aukera gehiago izango dute, Teletovicek adibidez.

Blokeoa eta jarraipena oso ondo egiten duela erakutsi du Fuenlabradan, eta zu zeu ere maisua zara jokaldi hori egiten.

Badakit ona dela. Udan askotan jokatzen dugu selekzioarekin, eta ondo ezagutzen dut Batista. Tipo jatorra da, ikasi egin nahi du, eta arrakasta gosea du. Ordu asko ematen ditut berarekin, lan saioetan eta Buesa Arenatik kanpora ere. Elkarrekin bazkaltzen dugu sarri, elkar hobeto ezagutzeko.

Berdin egiten al da blokeoa eta jarraipena Tiago Splitterrekin eta Batistarekin, edo ezberdina da?

Ez da berdina. Tiagok memoriaz egiten zuen jokaldia Pablo Prigionirekin, eta begiak itxita ere bikain egiten zuten. Neurria hartu behar zaio, eta jokalari bakoitzak modu ezberdinean egiten du.

Top16a hasiko da gaur. Pozik dabil jendea, erraz sailkatuko zaretela pentsatuz. Zer hausnarketa egiten duzu iritzi horren inguruan?

Txorakeriak direla, eta ez dudala halako gehiegizko baikortasuna ulertzen. Multzoko liderrak izateko hautagai garela esatea, edo sailkapena erraz lortuko dugula esateak ez dauka zentzurik. Jendea ez al da gogoratzen lehen fasean pasa genituen komeriekin? Badirudi Unicaja hutsaren hurrengoa dela, baina lehen fasean Olympiakos menderatu zuen. Horrek zerbait esan nahiko du, ezta? Ez dut ukatzen egokitu zaigun multzoa ez dela zailena. Beste batzuk askoz gogorragoak dira, baina hau Top16a da, Europako hamasei talde onenak daude, eta hor daudenak ez dira herrenak. Egon dadila lasai jendea, hemen lanean serio ari gara final-laurdenetako txartela lortzeko. Lehen postuan dela, ederki. Bigarrena dela, baita ere. Baina sufritu egingo dugu, hori ziur.

Lehen partida funtsezkoa da. Malagan irabaziz gero, aurrerapausoa handia litzateke.

Bai, haiek nahiko jota uzten dituzulako, eta ondoren etxean bi partida jarraian jokatuko ditugulako. Lietuvos aurrena, eta Panathinaikos gero. Baina tira, batek daki zer gertatuko den. Agian Lietuvosek Panathinaikosi irabazten dio, zergatik ez? [atzo jokatu zen partida, eta greziarrek irabazi zuen].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.