Asier Usarraga. Baiona errugbi taldeko jokalaria

«Top14an segida izateko, oinarri sendoak behar dira»

Top14ra itzultzeko lehen aukera du Baionak etzi, Mont-de-Marsanen aurka (17:45). Usarragak dio aurkarien ostiko ahaleginak zaintzea eta diziplina gako izango direla.

AVIRON BAIONA.
Iñaki Berastegi.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Miarritzeren aurkako derbian maila galdu eta gero, Baionak Top14 ligara itzultzea baino ez du buruan, Asier Usarraga jokalariak dioenez (Donostia, 1994). ProD2ra jaitsi izanagatik ere, egitasmoari «segida» eman zion zuzendaritzak, eta taldeak denboraldi bikaina osatu du. Bi aukera izango ditu maila nagusira bueltatzeko: lehenik, etzi, Montpellierren (Frantzia), Mont-de-Marsanen aurka;eta, bestela, datorren astean, Perpinya Top14 ligako azken-aurreko sailkatua menderatu beharko du.

Bi aukera dituzue Top14 ligara itzultzeko, baina igandekoa final baten gisara ulertu behar da, ezta?

Txapelketako finala da; beraz, bai. Ahaleginduko gara azken partida izan dadin: txapelketa irabazi, eta lehen aukeran Top14ra itzultzea.

Ez da komeni bigarren aukera horretan gehiegi pentsatzea?

Buru-belarri ari gara igandeko partida prestatzen. Mont-de-Marsanek denboraldi aparta egin du, oso talde indartsua da, eta saiatuko gara irabazten. Partida hau galduko bagenu, bigarren aukera horretan pentsatzen hasiko ginateke.

Mont-de-Marsanen aurkako ligako bi partidak galdu egin dituzue. Errebantxarako gogoa duzue?

Bai, etxeko partida alde handiz galdu genuelako batez ere. Bestea gutxigatik izan zen, baina hura ere galdu egin genuen. Hirugarren hau izango da euren aurkako partida garrantzitsuena, eta irabazten badugu, ez gara asko akordatuko aurreko bietaz.

Top14ra itzultzea izan da helburu bakarra?

Aurreko urtean gertatu zena gertatu eta gero, jaitsi ginen moduan jaitsita, triste amaitu genuen denboraldia. Taldeak esfortzu handia egin zuen ekonomikoki aurrekontu handiari eusteko ProD2 mailan, eta bai, zuzendaritzaren helburua, eta hala esan zuten, igotzea da. Argi dago partidak jokatu egin behar direla, eta diruarekin soilik ez dela ezer egiten. Helburua betetzetik garaipen batera gaude. Ez bagara igotzen, uste dut taldeak badituela oinarriak, daukanarekin, ProD2an beste denboraldi on bat egiteko. Ez da mundua amaituko, baina gure buruan igotzea baino ez dago.

Asko eragin dizue iaz Miarritzeren aurka maila galdu izanak?

Bai, agerikoa da. Gainera, uste dut denboraldi ona egin genuela Top14 ligan, eta detaile txikiengatik ez genuen hamabigarren postuan amaitu eta jaitsierako kanporaketa ekidin. Taldeari eragin zion, baina, horregatik, partida honetarako oso motibatuta gaude.

Maila galdu arren, entrenatzailea eta taldearen gehiengoa mantentzea erabaki zuen zuzendaritzak. Emaitzak ikusita, erabaki zuzena izan dela dirudi.

Bai, aurreko denboraldian lan ona egin genuelako. Nik uste erakutsi genuela talde hark nahikoa maila zuela Top14an jokatzeko. Hortaz, blokearen zati handiena mantendu eta jokalari batzuk ekarrita, bagenekien ProD2 mailan goiko postuetan buka genezakeela.

Ez duzue etxean jokatuko, ezta Mont-de-Marsanen etxean ere, Montpellierren baizik. Aurreko bi partidak galdu dituzuela kontuan hartuta, zer egin behar duzue ezberdin irabazteko?

Partida itxia espero dut. Ostiko asko izango dira, eta lan horretan ondo aritu beharko dugula iruditzen zait. Baloiak ondo jaso beharko dituzte gure atzeko lerroko jokalariek, eta ostiko horiek ondo bueltatu. Hala lortzen dituzte puntu gehienak: ostiko bat ematen dute, eta aurkariak akats txiki bat izaten badu, entsegua lortu ohi dute. Hori kontrolatzen badugu, neurketa irabazteko aukera izango dugu. Ezin dugu akatsik egin, finalak detaileengatik irabazten baitira. Diziplina ere garrantzitsua izango da.

Zer da errazagoa: Mont-de-Marsani irabaztea, edo Top14ko hamahirugarren sailkatuari, Perpinyari?

Biak dira zailak [kar, kar, kar].

Miarritzek maila galdu du. Igo berri diren taldeentzat hain zaila da Top14an mantentzea?

Oso maila altua dago, bai, eta igotzen diren taldeek zailtasun handiak dituzte. Igo eta hurrengo urtean jaitsi egiten dira asko eta asko. Horregatik, egitura ekonomiko sendo bat behar da. Oinarri sendoak behar dira Top14an segida izateko. Jean Dauger berritzea ere garrantzitsua da. Baiona lana ondo egiten ari da.

2013-2014ko denboraldiaz geroztik ez daude Miarritze eta Baiona aldi berean Top14an.

Hamalau toki daude bakarrik, eta ikusten ari da ligako talde indartsuenak hiri handietako taldeak direla: Bordele, Tolosa, Parisko taldeak... Hemen, bata bestearengandik hain gertu egonda, biak gorengo mailan izatea oso zaila da.

Bi taldeak uztartzea litzateke agian onena. Hori ezinezkoa al da?

Epe laburrera ez dut uste hori gertatuko denik. Ez du itxurarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.