Tontorrerako bidea, zabalik

Ziklo-kroseko Munduko Txapelketako gizonezkoen proba jokatuko da bihar Fayettevillen (AEB), eta aspaldiko irekiena izango da. Azken zazpi urteetako garaileak, Van der Poel eta Van Aert, ez dira ariko, eta irabazten duenak aurrenekoz jantziko du ostadar elastikoa elite mailan.

Ziklo-kroslariak, ahalegin betean, hondartza batean, iaz Ostenden jokatutako Munduko Txapelketan (Flandria). BAS CZERWINSKI / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Zinez berezia izango da ziklo-krosekoaurtengo Munduko Txapelketa. Hasteko, Europatik kanpo jokatuko da, orain arte bigarren aldiz. 2013an bezala, Amerikako Estatu Batuetara jo beharko dute ziklo-kroslariek, gailurra jo, eta han ostadarra lortzeko ametsaren atzetik. Zirkuitua Millsap mendiaren gainean baitago, Fayettevillen, Arkansasen. Halako probetarako propio atondutako gunea da, eta sasoi honetan, Munduko Kopako bigarren proba ere hartu du. Hots, ozeanoz bestalde aritu arren, eszenatokia ez zaie guztiz arrotza egingo txirrindulariei.

Ohiz kanpokoa izango da, dena den; gizonezkoen probako irabazlea bezalaxe. Azken zazpi urteetan, urrezko dominak beti bukatu du Mathieu van der Poelen edo Wout van Aerten kolkoan, baina aurten ez dira lehiatzekoak. Hartara, libre utzi diete tontorrerainoko bidea azken koska noiz igoko zain izan direnei. Eta horrek ikuskizunari mesede egin diezaiokeela uste du Unai Yus txirrindulari ohiak (1974, Gasteiz). «Kirol honi asko eman diote Van der Poelek eta Van Aertek: lehen frikiok ikusten genuen bakarrik, baina haien arteko lehiak jende asko erakarri du. Oso borroka itxia izan da, ordea; eta oraingoan ez direnez egongo, lasterketa irekiago eta politago bat ikus dezakegu».

Herbeheretarra arazo fisikoek utzi dute jokoz kanpo. Bizkarreko minez da Tokioko Olinpiar Jokoetan erori zenetik, eta apenas lehiatu den ziklo-kroseko aurtengo sasoian. Flandriarrak, berriz, kirol arrazoiengatik hartuko du atseden: errepideko klasikoen prestaketa lehenetsi du. Urrezko aukera zuen laugarrenez irabazi,eta Van der Poelen pare jartzeko, baina, Yusen arabera, zentzuzko erabakia hartu du. «Lokatzean dena irabazi ostean, helburu nagusiak errepidean ditu orain. Eta hori horrela izanda, ez zitzaion komeni Munduko Txapelketan parte hartzea: ziklo-kroseko denboraldia hiru astez luzatu beharko zuen, hain justu, errepidean bolumen gehien sartu behar den garaian. Gainera, bidaia oso luzea denez, gutxienez bi egun galduko zituzkeen».

Gainontzeko ziklo-kroslariek, aitzitik, inoiz baino motibazio handiagoa edukiko dute. Izan ere, edonork irabazten duela, garailea aurrenekoz bihurtuko da munduko txapeldun elite mailan. Eli Iserbyt flandriarrak bi aldiz irabazi du 23 urtez azpikoen lasterketa, 2016an eta 2018an, eta hura izango da, Yusen irudiz, biharko faborito nagusia: «Bera izan da onena denboraldi osoan». Ez dio gezurrik, hamalau garaipen lortu baititu, horietatik zazpi Munduko Kopan.

Tom Pidcock britainiarra ere bi aldiz izan da munduko txapeldun azpiko mailetan: juniorretan 2017an, eta 23 urtez azpikoetan 2019an. Iserbyt baino gutxiago lehiatu da sasoi honetan, baina ikusitakoak ikusita, indarrak paretsu egon daitezke buruz buru. Prestaketak ezarri dezake aldea. «Iserbytek buru-belarri prestatu du, hau baita haren helburu nagusia. Pidcock, ordea, errepidean ere ibili da, bolumena lantzen, eta txinparta apur bat falta dakioke». Nabarmendu du biak «txirrindulari txikiak» direla, Van Aert eta Van der Poelen kontrara.

Yusen ustez, Toon Aerts ere sar liteke garaipenaren lehian: «Oso indartsu ibili da azkenaldian». Koska bat beherago, Laurens Sweeck eta Michael Vanthourenhout leudeke. Hortaz, oso talde indartsua izango du Belgikako selekzioak, ohiko legez. Horri etekina nekez aterako dio, ordea. «Ziklo-krosa banakako kirola da. Egia da taktikek batzuetan garrantzia izan dezaketela, baina Belgika ez da selekziorik onena talde lanean. Lider asko ditu, eta ez dute elkar laguntzen. Munduko Txapelketak galdu izan dituzte bakoitza bere kabuz aritzeagatik». Herbehereen kasuan, Lars van der Haar izango da taldeburu bakarra.

Zirkuitu «gogorra eta azkarra»

Lasterketaren gakoa «akatsik ez egitea» izango da. «Kale egiten duena jokoz kanpo geldituko da». Baieztapen hori zirkuituaren ezaugarriakaintzat hartuz egin du Yusek. Abiada bizian hasiko dira, eta zatirik gogorrena aurkituko dute berehala, igoera motz eta bortitzekin. Ondoren, harbidea igaro, eta jokoan sartuko da teknika, eskailera luze batean. Bi hitzetan, zirkuitu «gogorra eta azkarra» izango da.

Eta norentzat da egokiagoa? «Pidcock izan daiteke alde horretatik abantaila duena, batez ere giro lehorra izango delako. Van der Haar ere ongi moldatzen da halako zirkuitu azkarretan. Toon Aerts, ordea, trebeagoa da lokatzetan. Eta Iserbyt beti dago hor. Teknikoki oso ona da, sufritzeko gaitasun handia dauka, eta lasterketak oso ondo bukatzen ditu».

Yusek lau Munduko Txapelketatan hartu zuen parte elite mailan, 2005 eta 2008 artean. Nolakoa da halako proba bat barrutik bizitzea? «Izugarria. Momentu oso berezi bat dago: irteera. 40.000 pertsona daude, baina, bat-batean, isiltasuna besterik ez duzu entzuten. Hasi orduko, sekulako burrunba izaten da berriro». Amaieran, berriz, garailearen oihua aditzen da. Bihar,txapeldun berri batek egingo du deiadar, ziklo-krosaren gailurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.