Ezusteko handi batek hartu zuen herri kirolen mundua joan zen larunbatean, Gasteizen: maila nagusiko kanporaketan zortzigarren egin, eta Euskal Herriko Txapelketako finaletik kanpo geratu zen Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1988), azken bost aldietako irabazlea. Atutxak kirol legez hartu du kanpoan geratzea, eta adierazi du «lasaiago» egongo dela aurtengo finalean, harmailetan.
Egun batzuk igaro dira larunbateko kanporaketatik. Zer hausnarketa egiten duzu, hotzean, han jazotakoaz?
Hotzean egiten dudan hausnarketa beroan egindako bera da. Egia esan, nahiko ondo hartu nuen. Normaltzat jo nuen. Azkenean, ez dut esango nik nahi nuenean etorri zaidanik, baina bai ondoen prestatuta nengoenean. Lasaitasunez hartu dut.
Zuretzat, beraz, ez da horrenbesteko ezustekoa izan?
Ezustekoa, bai. Batez ere, finalean ez sartzea. Prestakuntza ondo neraman, entrenamenduetan ondo ari nintzen. Larunbatean ez zen nire eguna izan, eta horrelakoak izaten dira kontuak. Beraz, ezustekoa izan zen, baina, Euskal Herriko Txapelketa irabazi eta gero, banekien uneren batean jaitsiko nintzela. Gero, bigarrenez eta hirugarrenez ere irabazi nuen [bost irabazi zituen segidan], eta, azkenean, momentu horrek iritsi behar zuen noizbait. Azkenean, une hura zenbat eta urrunago egon, orduan eta hurbilago ikusten duzu erortzea.
Egunen batean iritsi behar zuen, baina herri kirol munduan jendea harritu egin da zu zortzigarren postuan ikusita.
Bai, baina, sailkapena hartzen baduzu, minutu baten barruan gaude bospasei aizkolari. Egun txar batekin, norberaren denbora atzeratu egiten da, eta egurretan ere ez nuen zorte handirik izan. Hor beste pare bat minutu atzeratzen dira, eta horren guztiaren baturan erabakitzen da sailkapena, eta hiru bat minututara geratzea.
Nola sentitu zinen kanporaketa jokatzen ari zinen bitartean?
Etsipena izan zen sentipen nagusia. Ikusten duzu denbora aurrera doala, ikusten duzu korapilatzen ari zarela, eta segitu egin behar duzu sufritzen. Gorputzak ez dizu erantzuten, eta aurrera zoazen heinean beste korapilo bat agertzen zaizu, eta burua ere korapilatu egiten zaizu. Kontraesanak sortzen dira, ikusten duzu finalak ihes egin dizula. Orduan, jarraitzea eta lanak ondo bukatzea besterik ez da geratzen.
Saioa amaitu berritan adierazi zenuen adarren bat ere egokitu zitzaizula. Horrek ez du batere laguntzen.
Hori da. Korapiloak esaten dudanean, adarrei buruz ari naiz. Korapilo edo adar horiek agertzen direnean, zaildu egiten da lana. Bigarren egurrean azaldu zitzaidan bat, eta buelta hartu behar izan nuen. Hirugarren enborrean, oinbikoan, berriz, kristoren korapiloa egokitu zitzaidan, eta beste oinbikoan gauzak oso zail ikusten nituen. Bosgarren enborrean beste korapilo bat izan nuen, eta hor ikusi nuen finalak ihes egiten zidala. Horri nire egun traketsa gehitu, eta horrek guztiak ekarri zuen zortzigarren postua.
Aurten, arraroa izango da zu ez ikustea finaleko koadroan eta txapeldunaren kutxatilan.
Tira, hein handi batean, normala ere bada. Oso gutxitan gertatu da bost aldiz jarraian txapeldun bera izatea, eta aldatzeko ordua ere etortzen da. Horrek ez du esan nahi Aitzol Atutxak beste txapel bat irabaziko ez duenik. Oraingoz, baina, badugu beste bide batzuetatik gozatzeko aukera. Bost txapel jarraian irabazteak ez zidan bizitza aldatu, eta seigarrena ez irabazteak ere ez dit aldatuko.
Gozatzeko beste gauza batzuk dituzula diozu. Zeintzuk dira?
Familiarekin-eta egoteko denbora kentzen digu aizkorak. Ematen dizkigu plazerak, baina, hortik aurrera, ezer gutxi gehiago. Kasu honetan, bideaz gozatu dut, entrenamenduekin gozatu dut, ahalik eta ondoen eta ilusioz, eta tontorrera ez iristeak ez du bidea izorratu behar. Ez dituzu tontorreko ikuspegiak ikusiko, baina, bideaz gozatu baldin baduzu, helburuaren erdia bete duzu.
Seigarren txapelarekin Arrospideren, Olasagastiren eta Nazabalen marka berdinduko zenuke. Helburutzat duzu hori?
Ez da helburua, ilusioa baizik. Ez naiz obsesionatuko, bakoitzak bere ibilbidea baitu, baina etorkizuneko ilusio gisa ikusten dut, irits daitekeena. Arrospidek, Olasagastik eta Nazabalek 30 urteetatik aurrera lortu zuten txapelen bat, eta bat baino gehiago ere bai: gehienek ez zuten txapelik 30 urteen aurretik. Ikusten dut posible dela, eta zergatik ez.
Bide zabala duzu oraindik. Mikel Mindegiaren bederatziak lortzea posible ikusten duzu?
Hitz handiak dira horiek. Azkenean, bat lor daiteke. Oraingoan egun txar bat izan dudan moduan, nor daki hemendik lau urtera egun on bat izango dudan. Hor kolokan egonda, beti egongo dira aukerak. Uste dut oinak lurrean eduki behar direla; agian beste txapel bat lortzea gerta daiteke, eta agian ez, baina Mindegiaren markez hitz egitea gehiegi amets egitea dela uste dut.
Nola ikusten duzu hilaren 27kofinala?
Polita geratu da. Aizkolari gazteak badaude; [Jon] Rekondorentzat lehen aldia da, eta [Eneko] Otañorentzat, bigarrena. Erakutsi du aurrekoa ez zela kasualitatea izan. Iñaki Azurmendik final asko jokatu ditu segidan; hark ez du hutsik egiten. Hiru faboritoen artean kokatzen ditut [Julen Alberdi] Txikia IV.a, [Mikel] Larrañaga eta [Iker] Vicente, azken bi horiek bereziki. Alberdik aurrea hartu zion Larrañagari Gipuzkoako Txapelketan, eta ikusi zen Larrañagak, Vicentek eta hirurok zer-nolako lehia izan genuen iazko finalean. Aurten ere gertu ibiliko direla uste dut.
Finala gertutik ikusteko prest zaude?
Bai, noski, eta, gainera, uste dut aurreko finaletan baino gehiago gozatuko dudala. Kanpotik ikusita gustuko genuelako hasi ginen aizkoran, eta askotan gehiago gozatzen da kanpotik. Zaleok horretarako desiratzen gaude.
Zer helburu dituzu hemendik gutxira?
Larunbatean, Bizkaiko Binakako Txapelketa dugu, eta saiatuko gara sentipen onak berreskuratzen. Larunbatetik ez dut aizkorarik ukitu, eta ea berreskuratzen ditudan. Aizkoratik kanpora ditudan beste proiektuei helduko diet. Buru-belarri nabil haiekin, eta ea ondo irteten diren.
Zeintzuk dira proiektu horiek?
Jatetxe bat irekiko dugu; datorren urtera begirako proiektuen artean dago. Horretarako ere denbora gehiago izango dut aurrerantzean.
Aitzol Atutxa. Aizkolaria
«Tontorrera ez iristeak ez du izorratu behar egindako bidea»
Azken bost urteetan txapeldun izan ostean, Euskal Herriko Txapelketatik kanpo geratu da Aitzol Atutxa. Ez du baztertzen egunen batean seigarren txapela lortzea: «Helburua baino gehiago, ilusioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu