Bi asteko geldialdira aho zapore ezin hobearekin helduko da Alaves. Asteazkenean garaipen garrantzitsua lortu zuen Donostian, eta gaur beste hiru puntu eskuratu ditu Las Palmasi irabazita (2-0). Fitxatu berriei esker heldu dira golak: Eibarretik iritsi den Stoichkoven erdiraketa bat baliatuta sartu du lehenengoa Carlos Vicentek, urtarrilean heldu zen jokalariak, eta, area kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin, Toni Martinezek sartu du bigarrena.
Nabarmentzekoa da azken horrena: asteartean heldu zen Portotik Gasteizera, entrenamendurik egin gabe gola sartu zion Realari asteazkenean, ostegunean aurkeztu zuten, eta gaur, berriz ere aulkitik aterata, 14 minutu soilik behar izan ditu gola sartzeko. Ikusgarria izan da, gainera. Alavesek asmatu duela dirudi. Idolo berria du Mendizorrotzak.
Aldea handiagoa ere izan zitekeen, Luka Romerok luzapenean penalti bat huts egin ez balu. Dena den, 2-0 irabazi du Alavesek, eta denboraldi bukaeran inor ez da oroituko huts horretaz. Jokoaren kontrola Las Palmasek izan du neurketaren zati handienean, baina SIvera fin ibili da beste behin ere, eta etxeko taldeak jakin du izan dituen aukerak baliatzen, bisitariek ez bezala.
Sailkapen nagusian zazpi puntu ditu Alavesek. Bi aste barru Bartzelonara bidaiatuko dute babazorroek, Espanyolen aurka jokatzeko.