Hiru Handiak lotuz, erronka eta marka

Sarah Ugarte mendiko korrikalaria, Tolosan hasi eta bukatu, Aizkorri, Anboto eta Gorbeiara igo da korrika, eta bizikletaz joan da Arantzazu, Urkiola eta Murua abiapuntuetara. Iaz baino ordubete gutxiagoan egin du balentria: 16 ordu eskasean.

Sarah Ugarte mendiko korrikalaria Aizkorri gailurrean
Sarah Ugarte Aizkorri gailurrean, mendi horretan bidelagun izan zuen Laiene Arrospiderekin.
2024ko urriaren 18a
05:05
Entzun

230 kilometro eta 3.300 metroko goranzko desnibela errepideko bizikletaz. 42 kilometro mendian korrika 2.200 metro gehituz gorantz. Urriaren 13an, igande-pasa dotorea osatu zuen Sarah Ugarte korrikalariak (Donostia, 1986) Euskal Herrian barrena: Tolosatik (Gipuzkoa) goizean goiz abiatu, eta gauez itzuli. Bidean, Arantzazu, Aizkorri, Urkiola, Anboto, Murua, Gorbeia eta handik Tolosarako itzulera osoa, zatika korrika, zatika bizikletaz, aldiro bere baitako indarrez soilik baliatuz.

16 ordu eta 3 minutuan osatu zuen lana, erronka hori bera iaz egin zuenean baino ordubete eta 5 minutu azkarrago. Hor zeukan aurtengorako koska, hura gainditzea, eta bai aise egin ere. Batik bat mendian urratu zuen denbora: Urkiolatik Anbotora eta jaitsi, iaz baino 20 minutu azkarrago, eta Muruatik Gorbeiara eta buelta, 30 minutu azkarrago. Gehitu bizikletan batezbesteko bizixeagoa, eta hara hor, ordubetetik gorako hobekuntza markan. Iaz udan egin zuen, bero kolpe handiena jo zuen egunetako batean, abuztuak 21 zituela. Aurten urrira atzeratu du eginahala: egun argi murritzagoa bai, baina tenperaturan berme handiagoa ere bai, udazkeneko arriskuak arrisku. Bada, eguraldi aparta izan zuen alde, ateri eta eguzkitsu, bero txarrik ez, eta tartean fresko ere bai, Anboton kasurako.

«Taldea izan da gakoa. Ezinbestekoa da ondo antolatutako lagunak edukitzea», zioen artean nekeak jota, baina irribarretsu, Tolosako Olarrain auzoko Benta Haundira itzuli berritan. Eneritz emaztea, Elaia eta Ona haien bi alabak, Ugarteren bi ahizpak, Eneritzen gurasoak... Hantxe bildu ziren une berezi hura bizitzeko, jada 20:30ak zirela, ilunpean.

Hantxe bertan, Benta Haundin, abiatu zen Ugarte goizeko ordu txikietan, Iñigo Larrarte lagun eta konplizearekin batera. Beasain, Zumarraga, eta, konturatzerako, Oñatitik Arantzazura gora egin zuten. Han, Laiane Arrospide zuen zain, korrika ekiteko prest, Urbiara lehendabizi, eta segidan Aizkorri tontorrera zuzenean. Erronkako lehen gailurrean, egunsenti dotorea eta bi lagun eta taldekideren arteko poza.

Sarah Ugarte mendiko korrikalaria Anboto gailurrean
Sarah Ugarte Anboto gailurrean.

Arantzazura jaitsi orduko anoa eta etxekoen energia hartuta, eta Amaiur Iglesias laguntzan zuela, Durangaldera jo zuten bizikletaz, Oñatitik Arrasatera –Iglesiasek, zulatu bat tarteko, ezin izan zuen handik aurrera jarraitu–, Elorriora, gero Durangora, eta Mañaritik Urkiolako pendiza gogorrei ekiteko. Eguneko nekerik handiena han izan zuen: «Oso gogorra da Urkiola: %10eko batez besteko pendiza du, gero!», nabarmendu zuen Ugartek. Eta, nonbait, eginahal hura garesti ordaindu zuen Anboton. «Iaz ere berdin-berdin gertatu zitzaidan. Urkiola igotzen behar baino gehiago gastatu, santutegitik gora pistan korrika hasterako ahuldadea sumatu, eta errekuperatzen kosta egin zitzaidan. Mamu bakan batzuk harrotu baziren ere, banekien aurrera egiteko gai izango nintzela, eta hala izan zen».

Han ere bazuen aingeru guardakoa: Garazi Abasolo, hainbat lasterketa eta bidaiatako laguna. Biek gozatu zuten aizkoradun buzoiko momentutxoa Anbotoko gailurrean. Gorbeiara igotzeko, berriz, Muruatik abiatzea hautatu zuen. Beraz, Urkiolatik Otxandio eta gero Zigoitirainoko kilometro gozo eta lausoak erraz osatu zituen bizikletaz, bakarrik joan arren. Behin harrobi ondoko aparkalekutik korrika abiatuta, berriro Abasolo lagun zuela. Iazkoaren oroitza txarrak martxan jarri ziren: «Gorbeian gora beroak jota gorriak pasatu nituen ordukoan; doi-doi iritsi nintzen gurutzera, eta jaisteko ere nahiko lan izan nuen». Baina aurten ez. Eskarmentua lagun, baina batez ere eguraldi jite askoz atseginagoarekin, eroso antzean burutu zituzten gurutzerainokoak, baita jaitsiera ere, pauso luzean».

«Ikaragarri poztuko nintzateke neskaren batek marka hausteko saiakera egingo balu, edo tankerako beste erronkaren bat sortuko balu»

SARAH UGARTEMendiko korrikalaria

Handik, eguneko bizikleta tarte luzeena zuen aurrean, 95 kilometro Tolosaraino, eta ilunbista ate joka zen. Arabatik Gipuzkoara Leintz-Gatzagatik egin zuen, Arrasatetik Oñatira; handik Udana igo, eta bertan Asier Rajadorekin bat egin, hura ere mendian korrika bezala bizikletan ere ederki moldatzen den laguna. Gauak Ormaiztegi aldean hartu zituen, eta harrezkero ilunpean egin zituzten azken kilometroak Tolosaraino.

Helmugan, xume baina goxo, Eneritz emazteak eta Emi ahizpak jardunaldi oso-osoan mimoz prestatutako trantsizioetan azkena: autokarabanako argiak, bozgorailuetan Isabel Aaiunen Potra salvaje, konfeti batzuk, zorion oihuak, txaloak, eta algara alaiak. «Pozarren nago, nekeak jota, baina helburua aise gaindituta. Aurreikuspenak bete egin dira, dena ezin hobeto atera zaigu! Eskerrik asko denoi: zuen babesik gabe ez zen posible izango!».

'15.09 erronka'

Mendi lasterketetan da ezaguna Sarah Ugarte, aurten euskal selekzioan parte hartzeraino. Baina abentura kutsuko erronka hauei ere gustua hartu die. 2022an 15.09erronka egin zuen: Tolosatik bizikletaz Uhartera, handik korrika Beriainera igo eta jaitsi, eta gero Pirinioetaraino bizikletaz, Linzaraino, lanak amaitzeko Hiru Erregeen Mahaia igo eta jaitsiz. «Zera zioen ikerketa baten berri izan nuen: egunean 15 minutu eta 9 segundoz ariketa fisikoa egiteak sekulako onura zuela buru osasunean. Bada, orduetara irauli nuen marka hura, 15 ordu eta 9 minutu, eta aipatu erronka denbora horren azpitik egiten saiatu nintzen, buru osasunaren garrantzia aldarrikatzeko. 14 ordu eta 36 minutuan egin nuen», oroitu du, harrotasunez.

Sarah Ugarte mendiko korrikalaria Gorbeia gailurrean
Garazi Abasolo eta Ugarte, Gorbeia gailurrean.

Buru osasunaren aldarri hori haren arropa babesle nagusiaren lelo eta izen sigletan islatzen da: Anima Sana In Corpore Sano. Aldarriari helduta bete ditu iazko eta aurtengo erronka deigarri hauek. Sasoi betean egonik, aurten sekulako marka ezarri du, gainera, baina bidea ez da samurra izan. «Amatasun baimena hartuta, udaberrian denbora izan nuen familia eta entrenamenduak lasai uztartzeko, eta Zegama-Aizkorrirako sasoi onean jarri nintzen. Lasterketa baino aste batzuk lehenago, ordea, ezker eskuko bigarren metakarpo hezurra hautsi nuen erorita, eta Zegamako dortsala ezin izan nuen jantzi. Bi hilabete burumakur pasatu ostean, uztailean hartu nuen berriz entrenamendua Euskal Herriko hiru mendi esanguratsu hauen erronka berriro prestatzeko», kontatu du, begiak eta ahotsa piztuta. Eta ilusio horren indarrak bideratu du dena.

Segidarik izango ote da orain? «Kar-kar-kar, ez, ez: erronka hau bera nik ez behintzat, ez zait iruditzen. Baina ikaragarri poztuko nintzateke neskaren batek marka hausteko saiakera egingo balu, edo tankerako beste erronkaren bat sortuko balu. Ohituago gaude halakoetan mutilak ikusten, baina balio beza nire abentura honek beste neska batzuk ere inspiratzeko». Erronkako argazkiak publikatzeaz batera, hala idatzi du bere Instagram kontuan: «Har itzazu papera eta boligrafoa, eta idatzi ezazu erronka bat, zure erronka, ilusioz hartuko duzuna, eta motibazioz betetzeko indarra emango dizuna. Nik burutu berri dut nirea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.