Altuna III.a-Tolosa 19-16 Elordi-Zabaleta

Tolosaren lesio bat dela medio, Elordik eta Zabaletak jokatuko dute finala

19-15 irabazten ari zirela, zuntz haustura bat izan du Anoetako atzelariak. Neurketa bikaina egiten ari zen. Igandean jokatuko dute finala, Laso-Imazen aurka.

Tolosa eta Altuna gaurko partidaren une batean, Bilbon, Anoetakoaren lesioaren aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 26a
20:17
Entzun

Kirolaren alderik gogorrena ikusi ahal izan da gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Altuna III.a-Tolosaren eta Elordi-Zabaletaren arteko partida zoragarri zihoan; finalerako sailkatzea jokoan, nor baino nor gehiago ari ziren lau pilotariak. Tanto gogorrak, defentsa ikusgarriak, sekulako erremateak... gorriak 19-15 aurretik zirela, ordea, inork nahi ez zuena gertatu da: min hartu du Xabi Tolosak, eta, minutu batzuk aldageletan eman ostean, jokatzen ez jarraitzea erabaki du. Oinez ere ezin zen ibili ia. Ondorioz, Elordi eta Zabaleta sailkatu dira finalerako.

Pena galanta. Izan ere, Altunari eta Tolosari gutxi falta zitzaien finalera arrakasta handiz iristeko. Atzean, sekulako defentsa lana egin du Anoetakoak —ez du pilota bat bera ere galdu, eta zail asko eraman ditu—, eta Amezketakoa, berriz, bere ohiko mailatik ere gora aritu da, ikusgarri. Pilotazaleak «Jokin, Jokin» abesten jarri ditu pare bat aldiz. Parean, ordea, txapelketako bikoterik onena zuten, eta gauzak zail jarri dizkiete haiek. Zabaletak lan handia egin du, eta Elordi ausart ibili da: hamar tanto egin ditu airez, batzuk ikusgarriak.

Partida gogoangarria zen, bai, baina azkenean bigarren planoan geratu da hori, zoritxarrez. Min hartu ostean, Tolosa, ahal zuen moduan, zaleak agurtzera irten da kantxara, eta frontoian ziren 1.800 lagunen txalo zaparrada jaso du, Altunaren besarkadarekin batera. Txapelketa osoan egindako lana aitortu diote pilotazaleek.

Altunak bazuen bakarrik jarraitzeko aukera. Negarrari eutsiz, EITBko kamerei azaldu die zergatik hartu duen hori ez egiteko erabakia: «Epaileak baietz esan dit hasieran, baina gero enpresak esan dio Xabik kantxan egon beharra zeukala horretarako. Berak esan dit baietz, aterako zela, baina nola zetorren ikusita, ez jarraitzea erabaki dut; egoista iruditu zait». Gehitu du nahiago zukeela lesioa berari gertatzea, iruditzen ari baitzitzaion Tolosa «izugarri disfrutatzen» ari zela txapelketaz.

Zabaleta eta Elordi, triste

Pilotazaleen sentipena, berriz, Elordik eta Zabaletak txartela lortu ostean esandako hitzek laburbiltzen dute ondoen. Biek, sailkatuta jada, erabat hunkituta hitz egin dute. Triste azaldu dira. Nabarmendu dute Tolosa bikain ari zela, eta kantxatik kanpo ere gizatasun handia duela.

Finalari dagokionez, Zabaletak aitortu du fisikoki ez dagoela onenean, eta asteak daramatzala arazo fisikoei aurre egiten. Esan du beteta amaitu dituela hainbat tanto, baina hori normaltzat ere jo daiteke. Oso tanto gogorrak jokatu dituzte gaur. Elordik, berriz, esan du txapela irabaziz gero Tolosari eskaini nahiko liokeela.

Txapelketako azken partida igande arratsaldean jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan, Laso eta Imazen aurka. Ea ordurako behar bezala errekuperatzen diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.