Egun ilunean argi izpia izan da Tolosaldea. Lehia handia espero zen bigarren txandan, eta hala izan da. Sekulakoa. Hasierako txanpan Donostiarra, Tolosaldea, eta Arraun Lagunak parez pare izan dira, eta Hondarribia atzeratzen joan da. Hirugarren minuturako, sei segundoren galerarekin zegoen Ama Guadalupekoa, Kaiku eta Zumaia-ren denbora berean. Donostiarrak eutsi dio lehen postuari, eta lau minutuko lanean, bi segundoren tartea ireki du etxeko traineruak Tolosaldea eta Arraun Lagunak-ekin. Gainera, lehen txandan Oriok egin duen denbora segundo batean hobetuz. Aipagarria ere, Tolosaldeak egin duen lehen luzea, denboraldiko onenetakoa.
Ziabogan, Donostiarrak 5.09ko denbora jarri du. Jarraian, Arraun Lagunak eta Tolosaldeak hiru segundora iritsi dira, eta Hondarribia, makal, hamalaura. Bigarren luzean, Tolosaldeak azken martxa sartu du, eta 700 metro falta zirela, estropadaren buruan jarri da. Donostiarra, eta Arraun Lagunak parean izan dira, Tolosaldeatik segundo bakar batera.
Badia barruan sartu dira, azken palakadak emanez, eta oraindik dena zegoen erabakitzeko. Segundo bakar batean hiru ontziak sartu dira, Orioren denbora hobetuz bost segundoan. Ikusgarria izan da estropada amaiera. Oilarren pare jarri dira lehen hiru ontziak, eta ia helmugako argazkian erabakitako estropada izan da. Tolosaldea iritsi da helmugara lehen, 18 ehunenen aldearekin Arraun Lagunakekin. Hirugarren Donostiarra izan da bi segundo eskasera, eta Hondarribia 21era helmugaratu da. Lau hautagai nagusiak lau segundoren tartean izango dira ohorezko txandan, hurrengo igandean.
Orio ohorezko txandan
Aurrez, lehen txandan, Oriok branka sartu du hasieratik eta oso azkar nagusitu, txanda menderatzeko grina erakutsita. Oso ongi finkatutako arraunkera eginez aritu da Orio, eta bigarren Hibaikak jarraitu dio lanaren lehen minutuetan. Aurreikuspenak betez joan dira, eta ontzi bat sartu dute mirotzek gainontzeko ontziei luze erdirako.
Aquariuma pasatuta, orduko 10 km-ko haize boladak izan diren arren, ez dute zailtasun handirik izan lau ontzietako patroiek txalupa zuzentzeko. Lan erditan Oriok 5.13ko denbora markatu du ziabogan, Hibaikak zortzi segundora egin du, eta Kaikuk eta Zumaiak hamabira.
Oriok nahieran egin du bigarren luzea, hirugarren kaletik sartuta eta hamar segundoko tartea irekiz Hibaikarekin. Zumaiak sei segundoko tartea mantendu du Hibaikaren atzetik, eta bigarren luzean galduz joan dena Kaiku izan da, 20 segundora. Hibaikaren bigarren luzea izan da aipagarria. Badia barruan sartu da ontzi horia, ziztu bizian, eta azken metroetan indar guztiak hustu nahian. Bi segundo atera dizkio Hibaikari. Urte osoko lanak ateratzen saiatu da Orio. Helmugan markatutako denbora 10.42koa izan da. Hibaika 15.22 segundora sartu da, ondoren Zumaia 22ra, eta azkenik Kaiku 33ra.
Sailkapena
1. Tolosaldea, 10.37
2. Arraun lagunak, 0.18ra
3. Donostiarra, 2.16ra
4. Orio, 4.66ra
5. Hibaika, 19.58ra
6. Hondarribia, 21.68ra
7. Zumaia, 27.22ra
8. Kaiku, 27.92ra