Xabier Orbegozo 'Arria V.a'. Aizkolaria

«Tolosako plazara hustuta iristeak ematen dit beldur handien»

Azpeitiko zezen plazan hogei kana-erdiko moztu; handik Tolosara joan, Hernio zeharkatuta (25 km); eta Tolosako zezen plazan beste hogei kana-erdiko ebaki. Guztia, bost ordu eta hamar minutuan baino gutxiagoan. Horra Arria V.ak igande honetarako bere buruari jarri dion erronka.

GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gogotsu dago iganderako Xabier Orbegozo, Arria V.a (Errezil, Gipuzkoa, 1977). Azken hilabeteetan buru-belarri aritu da erronka prestatzen, eta egin duen lana plazaratzeko irrikan dago. Baikor da.

Ate joka duzu erronka. Zer sasoitan zaude?

Aizkoran ibiltzeko oso sasoiko nago. Mendian ibiltzeko, banekien ondo iritsiko nintzela. Ondo moldatzen naiz mendian, baina zalantza nuen ea mendiko entrenamenduek aizkoran eragingo ote zidaten. Ez dit batere kalterik egin. Aitzitik, mesede egin dit. Berrogei kana-erdiko moztea ez da nolanahiko lana, eta aizkora lanak ezin nituen albo batera utzi.

Zure beldurra zen pisua galtzeaaizkoran ibiltzeko. Pentsatutako pisuan al zaude?

Bai, zerbait galdu dut, baina esperotakoa besterik ez. Gustura nago alde horretatik; 90 kiloren inguruan nago. Lesioek ere errespetatu naute, eta orain arteko prestakuntzetan dena ematen aritu naiz. Entrenatzaileak bidalitako entrenamenduak bete ditut.

Lan handiak hartu dituzu oraingoan.

Hala da, bai. Ez da inoiz egin. Berrogei kana-erdiko mozte hutsa jada izugarrizko lana da. Beraz, pentsa zer den lan horri beste 25 kilometro mendian korrika gehitzea. Lanen perspektiba galdu egiten dugu, baina ,garai batean, hamabi-hamasei kana-erdikora eta plazan hamar kilometro korrika egitera jokatzen ziren apustuak. Lan hori halako bi egin beharko dut igandean.

Egin beharreko bi lanak ere oso ezberdinak dira.

Bi kirol dira: bata, geldirik egin beharrekoa; bestea, ordea, dena mugimenduan: potentzia hutsa bata, eta anaerobikoa bestea. Ea nola moldatzen naizen.

Prestatzen ari zinela, Binakako Txapelketan aritu zara. Zer eman dizu horrek erronkari begira?

Plazaratzeko beldurra uxatu dut txapelketan lehiatuta. Plazan ibili naiz, aurkariak izan ditut, eta ikusi dut aizkoran sasoiko nagoela. Horrek animoa eta segurtasuna eman dizkit. Ez dut plazaratzeko inolako beldurrik. Txapelketan,lanak suzkoak izan dira, serieka ibili gara... Entrenatzeko ederki etorri zait txapelketan aritzea.

Zerk ematen dizu beldur handien igandeko lanean?

Tolosako zezen plazara hustuta iristeak. Oso arriskutsua litzateke horrela iritsiko banintz, agonia batean, hilzorian. Korrika gaizki joanda, kilometroa bost minutuan egin beharrean, sei minutuan egin dezakezu; baina aizkoran beste gauza bat izaten da. Lanak bukatzeko zailtasun handiak izango nituzke.

Ez duzu erreferentziarik izango. Horrek zer du onik?

Niri berdin zait. Ez dut ezer gordetzen inoiz; lanak azkar egitea gustatzen zait, eta niretzat erreferentziarik onena da mendian egin beharreko lana oso ondo ezagutzen dudala. Asko ibilitakoa naiz bertan, asko maite dut Hernio, eta bi plazak zer esanik ez... Oroitzapen onak besterik ez dut. Aspaldi pentsatutako erronka da.

Eta txarrik?

Etxetik gauzak erraz ikusten direla. Askok diote hiru ordutan erraz egingo dudala mendiko saioa, baina burua hotz izan behar dut. Zatika hartuko bagenitu, hiru apustu handi dira. Egurrak oso samurrak izango dira, eta alde horretatik lan handia egin dute aitak eta Patxi Larretxeak.

Zein izango da estrategia?

Indarrak neurtuz hasiko naiz, baina, ondo sentitzen banaiz, jo egingo dut. Lehen hogei kana-erdikoak azkar pasatu nahi nituzke, eta gero, mendian, erritmo erregularra eramateko moduan ikusten dut neure burua. Bi laguntzaile izango ditut mendian, eta haien laguntza ederki etorriko zait. Aldapa gora ondo ibiltzen naiz, eta aldapa behera asko aritu naiz azkenaldian. Ea Tolosako lanetara nola iristen garen. Hori izango da gakoa.

Eguraldiak asko baldintza dezake mendiko eremua.

Bai. Entrenatzen ondo ibili gara, baina 20 minuturen gorabehera izateko ez da askorik behar. Beroa ez da ona, baina euriak ere gauzak asko zaildu ditzake jaitsieretan.

Denbora muga ere jarria duzu: bost ordu eta hamar minutu. Nola zatitu dituzu hiru lanak?

Lehen hogei kana-erdikoak 50 minutuan bota nahiko nituzke; mendiko lanak hiru orduren inguruan, eta azken hogei kana-erdikoak, berriz, ordubete inguruan. Erraza da kalkuluak egitea, baina gero aldagai asko daude. Jateko eta edateko denbora beharko dut, aldaketak... Bost ordutik jaisteko gai naiz, baina hori egunean bertan erakutsi behar da; aurretik ez du ezerk balio. Ez du balio gero esateak «horrela egin izan banu, horrela saiatu izan banintz…».

Bost ordu eta hamar minututik jaitsiz gero, 6.000 euro da saria, eta 3.000 euro, denbora horretatik gora eginez gero. Jendeak ere dirua jokatuko omen du. Nola daude eskariak?

Batzuek diote mendiko lanak hiru orduan ezetz; beste batzuek, berriz, Azpeititik Herniora bi orduan ezetz... Horrelakoak gara euskaldunak. Ni horretan ez naiz sartzen, badut nahiko lan neure buruarekin.

Zer eskatzen diozu erronkari?

Jendeari erakutsi nahi nioke gu ere eliteko kirolariak garela. Askok egun ez dakite zer-nolako esfortzua egiten dugun, zenbat entrenatzen garen...

Erronkak erretiro usaina duela diote batzuek. Hala al da?

Halakoak egiteko azken aukera izango dut agian, baina udan oraindik ere baditut erakustaldi batzuk hartuta, eta negura begira eragin handia izango du erronka honetatik nola irteten naizen. Bi deabruak ditut buruan: batek segitzeko esaten dit; besteak, ordea, uzteko. Pentatloia ere hor dago.

Irailean pentatloiaren arantza ateratzeko asmorik duzu?

Bai, egin nahiko nuke, behintzat. Ia ziur naiz han izango naizela, besoak errespetatzen banau.

Eta apusturik?

Uste dut nik baino arrazoi gehiago dituzten gazteak badirela horretarako. Asko jokatutakoa naiz, eta herri kirolak ez ditut ulertzen apusturik gabe. Txapelketak jokatu bakarrik egingo bagenu, asko galduko genuke. Honekin ez dut esan nahi txapelketak beharrezkoak ez direnik, baina apustuek sortzen dute giroa. Azken apustuetan ikusi dugu jendeak nola erantzun duen. Tristea litzateke sua itzaltzen uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.