Jokin Altunak eta Xabier Tolosak zazpigarren garaipena eskuratu zuten atzo Joseba Ezkurdia eta Julen Martijaren aurka, Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldian. Lan erdietara aurretik iritsi ziren nafarrak, baina atsedenaldia ederki baliatu zuten gipuzkoarrek neurketari beste abiadura bat ezartzeko. Aspeko lau pilotariek ikuskizun ederra eskaini zieten Bizkaia pilotalekura bertaratu ziren ikusleei, eta horiek txalo zaparrada batez eskertu zuten kirolarien lana.
Arratsaldeko beste partidan 22-18 nagusitu zitzaizkien Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari, eta bederatzigarren garaipena poltsikoratu zuten.
Hasiera berdindua izan zuen partidak. Altuna III.a ederki sartu zen, eta Amezketako aurrelariaren bi tanto eder tarteko —boleaz bata eta dejadaz bestea—, 0-3 aurreratu ziren gipuzkoarrak. Nafarrek, ordea, bazekiten partida garrantzitsua zutela atzokoa, eta Ezkurdia berehala esnatu zen markagailua irauli eta hiru tantoz aurretik jartzeko: 6-3.
Une horretan iritsi zen partidako lehen mugarria. Une hartatik aurrera tanto bakoitza asko borrokatu zuten bi bikoteek. Atzelariak jo eta jo aritu ziren, lan zikinak egiten, eta azken Lau eta Erdiko Txapelketako finalistekkideei pilotak kentzeaz gain, abagune txikiena baliatu zuten errematean daukaten abilezia erakusteko.
Luze joan zen partida lan erdietarako, eta bertara abantaila txiki batekin iritsi ziren Ezkurdia eta Martija (13-10). Gipuzkoarrak partidan egon ziren une oro, eta geldialdia baliatu zuten arnasa hartu eta markagailuari buelta emateko. Une horretan ikusi zen arratsaldeko Altuna III.a zitalena. Amezketarrak oso gutxi behar izaten du aurreko koadroetatik pilota nahi duen tokira bidaltzeko, eta atzo zaleak aulkietatik altxatzeko gaitasuna erakutsi zuen, beste behin. 14-11 zihoan partida une horretarako, eta Altunaren une gozoa baliatuta, zazpi tanto jarraian egin zituzten: 14-18.
Nafarrek partidak eskuetatik ihes egin behar ziela ikusten zuten, eta atsedenaldia eskatu zuten indarberritu eta azken bala erakutsi nahian; ez zen hala izan, ordea. Tolosak lan bikaina egin zuen atzera bidaltzen zituzten pilotak eramaten, eta nekea gainean zutela ikusita, Ezkurdiak bizpahiru pilota galdu zituen aurreko koadroetan arriskatzerakoan.
Azkenerako 16-22 amaitu zen partida, eta gipuzkoarrek bigarren posturako lehia bizian jarraituko dute. Altuna III.ak «bikote-garaipena» izan zela azpimarratu zuen: «Hasieran Josebak [Ezkurdia] min egin digu, baina elkarri lagunduta irabazi dugu partida».
Amaierako susto eta guzti
Sailkapeneko liderrek beste urrats bat eman zuten atzo, Labrit pilotalekuan, Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka, eta lau jardunaldiren faltan ia seguru dira finalerdietan. Miraria beharko dute bertatik kanpo gelditzeko: partida denak galdu beharko lituzkete, eta Lasok eta Imazek denak irabazi.
Hasiera-hasieratik nabarmendu ziren Elordi eta Zabaleta. Atzelariak bere jokoa inposatzea lortu zuen, eta Mallabiko aurrelariak ez zuen gehiegi barkatu; 14 tanto egin zituen guztira. Berehala lortu zuten liderrek abantaila, eta 16-4 jarri ziren aurretik.
Kostata aritu ziren Peio Etxeberria eta Rezusta, Zabaletak ezartzen zuen erritmotik atera ezinda. Baina partidak amaiera gertu zeukala zirudienean iritsi zen erreakzioa. Liderrak lasaitu egin ziren markagailuan zeukaten aldea ikusita, eta haien huts egiteek eta Peio Etxeberriak egindako tantoek beste kolore bat eman zioten neurketari. 16-4tik 19-13ra joan ziren lehenbizi, eta 21-18ra ondoren. Arriskuak hartu eta hartu, azkenerako liderrek lortu zuten azken tantoa egitea, eta beste garaipen bat lortu zuten.
Bestalde, gaur jokatuko da jardunaldiko azken partida, Agoncillon (Errioxa, Espainia). Bertan Urrutikoetxea-Albisuk Jaka-Arangurenen kontra neurtuko dituzte indarrak. Jaka-Arangurenek partida bakarra irabazi dute txapelketan, eta ia aukerarik gabe geratu dira finalerdietako ligaxkan egoteko. Aukera apur horiekin jarraitzeko irabazi beharra dute gaur. Urrutikoetxea-Albisuk, berriz, lau dituzte. Baina puntuak pilatzen jarraitu beharra dute, sailkapena ziurtatu, eta ligaxka ahalik eta gorenen bukatzeko.
Tolosak eutsi, eta Altunak erakutsi
22-16 irabazi dute Altunak eta Tolosak Bizkaian, lan handia egindako partida batean. Elordi-Zabaletak bederatzigarrena lortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu