Clara Azurmendi

Tokio ageri da zerumugan

Badmintoneko maila nagusian lehen sasoia amaitzear da Azurmendi. Ondo egokitu da, eta, datorren sasoian, urrats erabakigarria egin nahi du munduko sailkapenean.

LUIS TEJIDO / EFE.
ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hiru urte falta dira oraindik suziria piztu eta Olinpiar Jokoak berriz has daitezen. Tokion izango dira, 2020an. Iazko udan Rion jokatutakoen ostean, fisikoki eta psikologikoki berriz indarrak hartzeko urtea izan da hau kirolari askorentzat. Baina aro hori amaitzear da. Tokiora joateko lehen zutarriak jartzen hasi beharko dute berriz irailetik aurrera. Hori da Clara Azurmendi badminton jokalariaren kasua (Donostia, 1998). Lehen aldiz Olinpiar Jokoetan egotea du amets. Oraindik urruti bada ere, Tokio ageri da hortzimugan. Pekinen Joana Martinez donostiarra aritu zen.

Madrilgo Blume goi mailako kirolgunean bizi da duela bost urtetik Azurmendi, nerabea zenetik.14 urte zituenean utzi zuen Donostia, hara entrenatzera joateko. Orduan Aldapetan jokatzen zuen, eskolako taldean. «Ez zen erabaki erraza izan. Lehen urtean, asko kostatu zitzaidan ohitzea, familiarekin egoteak beste lasaitasun bat ematen zidalako». Baina gustura dago orain. «Ez naiz damutzen etorri izanaz. Heldua izaten erakutsi dit, eta ardurak hartzen. Gainera, oso aberasgarria da beste kirolari askorekin batera hartzea halako esperientzia».

Aurreko denboraldian hasi zen maila nagusiko torneoren batean lehiatzen. Aurten egin du, dena den, urrats erabakigarria. Lehen sasoia amaitzear da maila nagusian: «Ondo moldatu naiz, eta jokatu ditudan txapelketetan eroso sentitu naiz». Dena den, sumatudu alderik. «Puntuak gogorragoak dira fisikoki, eta psikologikoki ere arreta gehiago jarri behar duzu. Edozein oker ordaintzen duzu».

Denboraldia ederki biribiltzen ari da, maiatzean Espainiako Txapelketa irabazi baitzuen bakarka. «Carolinak [Marin] ez zuen parte hartu, baina ez zen erraza izan».Errusiandu sasoiko azken torneoa, uztailaren 4tik 9ra. Ostean, bi asteko atsedena hartuko du. «Lehen astean ez dut ukitu ere egingo erraketa».

Irailean hasiko da berriz lehiatzen. Besteak beste, torneo bana jokatuko ditu Belgikan eta Kroazian. «Abendura bitarte nahiko egutegi betea izango dut. Nazioartean ibiliko naiz dezente». Izanere, torneoez gain, DanimarkakoLiga jokatuko du Grave taldearekin. Odenseren atzetik, Danimarkako klubik indartsuena da. Europan badmintonak indar handiena duen herrialdeetako bat da. 3.000tik gora lizentzia ditu.«Duela bi sasoi hasi nintzen han jokatzen. Liga oso indartsua da, eta han entrenatzeak on egiten ditaire pixka bat hartzeko». Astearte eta ostegunetan ditu partidak, irail eta urtarril artean.

2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak buruan dituela hasiko du denboraldia. Datozen bi urteetan, munduko sailkapenean igoz joan behar du han egoteko. Oraintxe 92. dago, eta gutxienez hamaseigarren egon beharko du sailkatzeko. «Herrialde bakoitzeko, gehienez bi doaz. Lehena hamasei onenen artean badago, bigarrenak ere hala egon behar du. Bestela, zerrendan ondoen dagoena doa. Carolina egonda, nire aukera bakarra hori da».

Kantxako ausardia

Pixkanaka igo nahi du. «Datorren sasoianlehen 50en artean egotea litzateke helburua. Hortik aurrera, ikusiko dugu». Zenbat eta gorago, puntu gehiago ematen dituzten torneoetan parte hartzeko aukera izango luke. Horretarako, jakitun da baduela zer hobetua, batez ere fisikoki. «Torneo horietan puntuak luzeagoak dira, eta intentsitate handiagokoak. Mentalki are indartsuago egon behar duzu».

Erasoko jokoa maite du, eta joko molde horrekin jarraitu nahi du. «Puntuen ekimena niri eramatea gustatzen zait. Izan ere, garaia naiz [1,83 neurtzen du], eta horrek lagundu egiten dit erasoan. Defentsan, ordea, gehiago kostatzen zait mugitzea». Hala, aurrealdean pisua duten erraketak erabiltzen ditu.

Fernando Rivas da haren entrenatzailea. Harekin ari da hori guztia lantzen. Egunero, hiru orduko bi lan saio egiten dituzte: goizean, kantxako lana egiten dute, eta, arratsaldean, fisikoa ere egiten dute. Carolina Marin olinpiar txapeldunaren entrenatzailea ere bada Rivas. Marinekin aritzen da Azurmendi zentroan. «Nola jokatzen duen ikustearekin bakarrik, izugarri ikasten dut. Hobetzen laguntzen dit, haren maila ikaragarria baita. Oso bizkorra da, eta aurkariaren jokaldiak ederki irakurtzen ditu. Gainera, psikologikoki oso indartsua da».

Oso entrenatzaile berritzailea da Rivas. Asian egon izan da. Hango herrialdeetan oso hedatua dago badmintona, eta erabiltzen dituzten entrenatzeko metodoak ikertzen eta ikusten aritu da. Hipoxiako kamera erabiltzen dute, adibidez, errendimendua eta errekuperazioa hobetzeko. Kamera horrek altitudea simulatzen du, eta han sartuta kirolariak globulu gorri gehiago sortzen ditu, eta horrela oxigenoa errazago garraiatzen da. Entrenatzeko ere koloretako betaurrekoak erabiltzen dituzte.Gorputz adarrak lotuta jokatzen dituzte partidak, eta hizkuntz lengoaia ere lantzen dute.«Oso entrenatzaile metodikoa eta berritzailea da. Uste du hobekuntza hortik datorrela». Gainera, aurkari bakoitza muturreraino aztertzen du Rivasek. «Bideo asko ikusten ditu. Ni ez naiz horren zalea. Pistatik kanpo, nahiago izaten dut irakurri, musika entzun...».

Horrekin batera, ikasketak ditu buruan Azurmendik. Batxilergoa amaitu berri du, eta Fisioterapia Gradua egin nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.