Erremontea

Toki bakarra dago libre

Urrizak eta Larrañagak Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurka jokatuko dute binakakoaren finalerdia, gaur. Irabazleak Segurolaren eta Barrenetxea VI.aren kontra ariko dira finalean, astebete barru.

Binakako Erremonte Txapelketa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Javier Urriza, Iban Larrañaga, Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz, finalerdirako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko abenduaren 21a
05:10
Entzun

Azken txanpan dago Binakako Erremonte Txapelketa. Jada jakina da Beñat Segurolak eta Endika Barrenetxeak osatutako bikotea finalean izango dela, hilaren 28an, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa). Aurrelari aizarnazabaldarra eta atzelari hernaniarra zuzenean sailkatu ziren finalerako, ligaxka lehen postuan amaitu eta gero.

Gaur jakingo dute noren aurka ariko diren txapela irabazteko lehian. Javier Urriza eta Iban Larrañaga Josetxo Ezkurraren eta Xabier Azpirozen kontra ariko dira finalerdian (15:15, ETB1).

Ligaxkan, hobeto aritu ziren Ezkurra II.a eta Azpiroz. Hamahiru puntu lortu zituzten sei partidatan: lau irabazi zituzten, eta bi galdu. Azken neurketan ihes egin zien lidergoak, eta finalerako sailkapenak ere bai, Segurolaren eta Barrenetxea IV.aren aurka galdu eta gero. Urriza eta Larrañaga okerrago aritu ziren, eta nahi baino lehenago geratu ziren zuzenean sailkatu ezinik. Hamar puntu batu zituzten: bi neurketa irabazi zituzten, eta lau galdu.

Gaur ariko diren bi bikoteek bitan jokatu zuten elkarren kontra ligaxkan, eta bakoitzak neurketa bat irabazi zuen: Urriza eta Larrañaga nagusitu ziren aurrenekoan, 2-0 (15-11 eta 15-12), eta Ezkurra II.a eta Azpiroz bigarrengoan, 2-0 (15-14 eta 15-14). Berdinketa hautsiko da gaur.

Ezkurra II.a gogotsu dago, baina aitortu du oraindik sartua duela azken partidako arantza. «Aurreko hiru jardunaldietan lehen postuan ginen, eta nahiko alde handia ateratzen genien Segurolari eta Barrenetxeari. Baina azken bi partidak irabazi, eta aurrea hartu ziguten. Pena izan zen, baina finalerdiari begira gaude jada».

«Partida oso gogorra» izango delakoan dago. «Ligaxkan hirugarren izan arren, Urrizak eta Larrañagak osatzen dute bikoterik indartsuena: Urrizak oso zulo gutxi ditu, eta dituen horiek ederki betetzen ditu Larrañagak. Hura primeran ari da, eta Urrizari buruz ezer gutxi dago esateko. Aurreneko bi sailkatuek baino partida gehiago galdu zituzten ligaxkan, baina horietatik hiru tanto bakar batengatik».

«Ligaxkan hirugarren izan arren, Urrizak eta Larrañagak osatzen dute bikoterik indartsuena: Urrizak oso zulo gutxi ditu, eta dituen horiek ederki betetzen ditu Larrañagak»

JOSETXO EZKURRAOriamendiko erremontista

Sakearen garrantzia azpimarratu du. «Guk sakatzean, pilota kendu behar diogu Urrizari, gu nagusitzen hasteko. Larrañagak sakatzen duenean, berriz, saiatu behar dugu ahalik eta ondoen erantzuten, haiek ez dezaten ekimena hartu eta min egin. Guk izan behar dugu ekimena».

Egun seinalatua da binakakoko finalarena, eta han egon nahi du. Aurrelari doneztebearrak, gainera, arantza atera nahi du, jokatu dituen hiru finalak galdu baititu. «Ea berriz sailkatu naitekeen, eta laugarren ahaleginean txapela irabazi».

Sentipen onak

Larrañaga ere gogotsu dago, gorabeherak izan arren finala jokatzeko aukera baitute. «Hasieran ondo moldatu ginen, baina, gero, hiru partida galdu genituen tanto bakar batengatik; azken hirurak, hain zuzen. Hala ere, azkenekoan, Segurolaren eta Barrenetxearen aurkakoan, ondo nabaritu genuen geure burua. Bi aste pasatu dira, eta gogor entrenatzen aritu gara. Ni ondo nago, eta Urriza ere bai. Dena ematera irtengo gara».

Nabarmendu du Ezkurra II.ak eta Azpirozek «bikote oso orekatua» osatzen dutela. «Josetxo oso ondo ari da aurrean, besoa fresko-fresko du, eta abiadura handia ematen dio pilotari. Horrela ari denean, oso zaila da hari aurre egitea. Azpiroz, berriz, ondo ari da; zaila da hari tantoa egitea. Hala ere, uste dut Urrizak eta biok irabaz dezakegula geurea egiten badugu».

Ezkurra II.ak egin bezala, hark ere funtsezkotzat jo du ondo sakatzea. «Ez badut ondo sakatzen, Josetxok sake errestoan bukatuko du tantoa. Beraz, ondo sakatu behar dut, tantoan nagusitzeko. Tantoa luzatzen bada, berriz, ahalik eta pilota gutxien galdu beharko ditugu, eta, aukera suertatzen denean, Urrizak aurrean bukatu beharko du. Ni saiatuko naiz pilota baztertzen, Josetxo deseroso sentiarazten, eta Azpiroz atzeko zuloan edukitzen».

«Ez badut ondo sakatzen, Josetxok sake errestoan bukatuko du tantoa. Beraz, ondo sakatu behar dut, tantoan nagusitzeko»

IBAN LARRAÑAGAOriamendiko erremontista

Sailkatuko balitz, hirugarren finala luke atzelari azkoitiarrak: aurreko bietan txapeldun izan zen: 2019an Urrizarekin, eta 2022an Segurolarekin. «Ederra da final bat jokatzea. Sekulako giroa sortzen da aurreko egunetan. Finalerdia irabaziz gero, gainera, motibazioz gainezka egongo ginateke. Ilusioa piztuko lidake Urrizarekin beste final bat jokatzeak, eta Segurolaren eta Barrenetxearen aurka aritzeak».

Lehen Mailako finalerdikoaren aurretik, Bigarren Mailakoa jokatuko dute Aimar Jabalerak eta Oier Apezetxeak, Julen Loitegiren eta Aritz Zubiriren kontra. Kemen Aldabe eta Aitor Aiestaran finalerako sailkatuta daude, ligaxka aurreneko postuan amaitu ondoren. Final hori ere hilaren 28an jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.