Tobalina, estreinakoaren pisurik gabe

Carlos Tobalinak 9. amaitu du Europako Txapelketako pisuko finala.Finaletik kanpo geratu da Naroa Agirre pertika jauzian; baita Sergio Fernandez ere, 400 hesidunetan

Carlos Tobalina bizkaitarra, atzo, pisu jaurtiketako sailkatze saioan. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
unai zubeldia
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Ez dago modu hoberik txapelketa handi bateko debuterako. Carlos Tobalina bizkaitarraren jaurtiketa batekin hasi zen Europako Atletismo Txapelketa, atzo, Zurichen, Suitzan. 18,04 metro. Apal samarra izan zen debuta, gutxi-asko bi metro gehiago behar zirelako arratsaldeko final preziatuan sartzeko. Baina, tentsioari neurria hartuta, 20,06 metroko jaurtiketa egin zuen Barakaldon jaiotako atletak bigarren saialdian, eta 20,04 metrokoarekin itxi zuen goizeko jarduna. Zuzenean sailkatu ziren sei atletengandik urrun, baina, postuei esker, debuteko egunean, arratsaldeko finalera.

Gozatzea beste helbururik ez zeukan Tobalinak finalean, eta, zortzi onenetan sartu gabe ere, gozatu egin zuen. 9. amaitu zuen finala, 20,04 metroko jaurtiketarekin. David Storl alemaniarra nagusitu zen (21,41 metro); Borja Vivas espainiarra izan zen bigarren (20,86), eta Tomasz Majewski poloniarra hirugarren (20,83).

Bizkaitarra baino dezente apalago ibili ziren Naroa Agirre pertika jauzilaria eta Sergio Fernandez 400 metro hesidunetako atleta: finaletik kanpo geratu ziren biak. Donostiarrak lehen saialdian igaro zituen 4,00 eta 4,15 metroko langak; bigarrenean 4,25ekoa; hirugarrenean 4,35ekoa... Baina etsi egin behar izan zuen 4,45ekoarekin. Ona izan zen bigarren jauzia, baina ezin, azkenean. Zizur Nagusiko atletak, berriz, erabateko zorte txarra eduki zuen 400 metro hesidunetan. 50,89 segundoko denborarekin, Janis Baltuss letoniarraren denbora berbera egin zuen Espainiako txapeldunak, baina milarenen eraginez geratu zen finaletik kanpo, bere txandako bosgarren postuan.

Emakumezkoen 10.000 metroko finalean Jo Pavey britainiarra izan zen azkarrena atzo (32.22,39), Clemence Calvin eta Laila Traby frantziarren aurretik. Zazpi final jokatuko dira gaur: gizonezkoen 20 kilometro ibilketa, 10.000 metro, disko jaurtiketa eta 100 metrokoa, eta emakumezkoen luzera jauzia, 100 metro eta 100 metro hesidunetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.