Duela hilabete eta erdi jokatu zuen azken partida ofiziala Bidasoak, lehia etenda egon baita Munduko Txapelketa dela eta. «Luze» egin zaio itxaronaldia Gorka Nieto taldeko kapitainari (Etxebarri, Bizkaia, 2002). Baina azkar aseko zaio gosea, astebetean hiru lehiaketatan ariko baitira.
Hilabete eta erdiren ostean ekingo diozue berriro lehiari. Aprobetxatu duzue denbora?
Bai. Lehen bi asteetan, burua lasaitu eta fisikoa landu genuen. Azken hilabetean, berriz, Bartzelonaren aurkako partida prestatu dugu bete-betean. Taldekide batzuk Munduko Txapelketan aritu dira, eta, beraz, lehiatzeko erritmoa dute, baina baita neke handiagoa ere. Hala ere, oso ondo entrenatu gara; gogotsu gaude.
Etenaren aurretik bolada onean zineten: Asobal ligan, azken bost partidak irabazi zenituzten, eta Europako Ligan, azken hirurak. Amorrua eman zizuen gelditzeak?
Pixka bat bai. Denboraldi hasiera ez zen erraza izan, eta askotan galdu genuen. Gero, ordea, bide zuzena topatu genuen, eta amorru pixka bat eman zigun gelditu behar izateak. Hala ere, oso garrantzitsua izan zen etenaldira ondo eta konfiantzaz iristea.
Aldaketa garrantzitsua izan duzue taldean: Alex Mozas dabil entrenatzaile, Jacobo Cuetararekin zortzi urtez aritu eta gero. Denbora behar zenuten aldaketara egokitzeko?
Bai, Jacobok jokamolde oso zehatza baitzuen. Oso pozik gaude Alexekin, harekin egiten ari garen lanarekin eta partidak planteatzeko moduarekin. Egokitu behar izan genuen, baina lortu dugu, eta ondo ari gara.
Zertan dira ezberdinak Mozas eta Cuetara?
Jacobok jokamolde apur bat kontserbadoreagoa du. Alexi, berriz, asko gustatzen zaio jokalariok korrika egitea. Gehiago arriskatzen dugu, baina ikuslearentzat erakargarriagoa da hori. Uste dut ondo funtziona dezakeela.
Zuek, jokalariok, zein jokamolde duzue nahiago?
Guri irabaztea gustatzen zaigu. Garrantzitsuena da egiten dugunak funtzionatzea, eta, egun, funtzionatzen du. Adibidez, hobeto ari gara defentsan, eta, horri esker, gusturago ari gara.
Erdikoa eta kapitaina zara. Lan gehiago izan duzu?
Bai, baina oso eskertuta gaude Alexek egokitzapenean izan duen jarrerarekin; prest egon da aurreko zenbait gauza aprobetxatu eta bere erara txertatzeko. Prestasun hori oso baliagarria izan zen taldeak aurrerapausoa emateko; egokitzapena arindu zuen.
«Alexek [Mozasek] egokitzapenean izan duen prestasuna oso baliagarria izan da aurrerapausoa emateko»
Beraz, aurreko eta oraingo entrenatzailearen jokamoldeen arteko nahasketa bat da zuena?
Eskubaloia ez da zerbait zehatza, eta lehen funtzionatzen zuenari eusten diogu. Adibidez, lasai esaten diogu Alexi jokaldi batek oso ondo funtzionatzen zuela, eta egin dezakegula. Arazorik gabe onartzen du, guk dena taldearen mesedetan egiten baitugu.
Hilabete eta erdiko etena izan duzue, baina gogorrak izango dira hurrengo asteak. Prest zaudete?
Bai, baina atseden gutxi hartu dugu; itzulera oso gogorra izango zela bagenekienez, bete-betean aritu gara prestatzen. Aurkari indartsuak izango ditugu, baina ilusioa dugu, eta uste dugu haiekin lehiatzeko gai garela.
Espainiako Kopan ariko zarete lehenik, lehengo Asobal kopan. Halako txapelketa laburrek ilusio handiagoa pizten dizuete?
Bai, are gehiago kontuan hartuta nola sailkatu ginen; hasieran, oso urrun ikusten genuen. Saria da lehiaketa hau jokatzea, eta gozatu egin behar dugu. Titulu bat irabazteko bi partida baino ez zaizkigula falta pentsatu behar dugu.
Zuk esan duzu: bi partida falta zaizkizue titulu bat irabazteko.
Hala da; inoiz ez dugu horren gertu izan titulu bat irabaztea. Bi partida on egiten baditugu, lor dezakegu; lehen partidak perfektua izan behar du. Baina gogotsu gaude. Ondo aritzeko moduan gaude.
Areriorik zailena da Bartzelona. Pena hartu zenuten haren aurka jokatuko zenutela jakitean?
Bai, baina badakigu titulu bat lortzeko Bartzelonari irabazi behar zaiola. Beti dago itxaropena beste talde batek egingo duela lan hori eta bidea erraztuko duela. Baina, oraingoan, guri egokitu zaigu Bartzelona. Hala ere, harekin lehiatzeko gai gara.
Helburua beti da irabaztea, baina zaila da asmo horri eustea Bartzelona parean izanda?
Alderantziz: presiorik eta beldurrik gabe aritzen gara, askeago, konfiantza handiagoz, eta adi-adi une oro, Bartzelonak bost minutuan hauts baitezake lehia.
Zertan da onena Bartzelona?
Hasteko, atezain onenak ditu. Horrez gain, nahiz eta jokalari izugarri onak izan, oso ondo jokatzen dute taldean. Azkenik, defentsa ikusgarria dute.
Nola egin diezaiokezue min?
Askoz hobeto aritzen gara haren defentsatik gertu jokatzeko gai garenean. Arriskutsua da hori egitea, baina horrela jokatu behar dugu; aurrerapausoa eman behar dugu.
Bartzelonaren aurkakoa bakarrik duzue buruan? Asteartean Benfica hartuko duzue Europako Ligako bigarren ligaxkako aurreneko partidan.
Ez dakigu ezer Benficari buruz; bakoitzak bere kasa ikertu duena baino ez. Bartzelonaren aurkakoa besterik ez dugu izan buruan; jokatu behar duzun partidaz harago begiratzen baduzu, gaizki jokatuko duzu. Astelehenean dugu itzultzeko hegazkina; gure asmoa da igandean ere jokatzea eta, hala ez bada, entrenamendua egitea.
«Eskutik egin nahi dugu gora klubak eta biok. Argi nuen hemen jarraitu nahi nuela. Oso pozik nago»
Gustura ari zara?
Bai, pozik nago egin dudan lanarekin. Denboraldi hasieran min hartu nuen, eta horrek jokamolde berrira egokitzeko lana zaildu zuen; kontrakarrean ibili nintzen. Baina medikuek oso lan ona egin dute, eta, egun, ondo ari naiz. Horri eutsi nahi diot.
Bosgarren sasoia duzu lehen taldean. Egonkortuta zaude?
Bai, bai taldean, bai ligan. Lehen urteetako ilusio ikaragarria apaldu egin zait pixka bat, baina oso gustura nago. Eskutik egin nahi dugu gora klubak eta biok.
Horren erakusle da kontratua beste bi urtez luzatu berri duzula: 2026tik 2028ra.
Argi nuen hemen jarraitu nahi nuela. Oso pozik nago.
Anaia, berriz, atzerrira joango da. Pena emango dizu hark taldea uzteak?
Apur bat bai, niretzat oso berezia izan baita elkarrekin jokatzea. Seguru nago azken hilabete hauetan asko disfrutatuko dugula. Baina asko pozten naiz harengatik, beste esperientzia bat bizitzeko aukera izango baitu; hori nahi zuen berak.