David Merino. Aspeko pilotaria

«Titin bakarra da; erretiroa hartzen duenean, hutsune handia utziko du»

Iaz, kalbarioa izan zuen, eskuko minen ondorioz; aurten, berriz, ondo jokatzen ari da binakakoan, emaitzak lagun ez izan arren.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Augusto Ibañez Titin III.ak eta David Merinok (Villar de Torre, Espainia, 1990) sei partida jokatu dituzte binakako txapelketako ligaxkan, eta bi bakarrik irabazi. Igandean, partida ia erabakigarria dute Xala eta Zubietaren aurka, Logroñon (Espainia). Merino II.a ondo jokatzen ari da: «Eskua hobeto dut, eta gustura ari naiz». Masajistarenean dagoela hartu BERRIAren deia. Esku batean masajea hartzen ari da, eta bestearekin eusten dio sakelakoari.

Igandean, laugarren partida jokatuko duzue Logroñon. Jendea mugitzen duzue.

Ezin gara kexatu. Lehen partidan jende gutxiago egongo zela uste genuen, eta sarrera ona izan zen. Azken bietan giro bikaina egon da, baina ezin izan diegu eman garaipenik. Bakarra, eta ia mirariz. Guk gure esker on guztia adierazi nahi diegu gure zaleei.

Keinu itsusiren bat edo beste ikusi da Adarragan; epaile batek ika-mika izan zuen ikusle batekin.

Zale bat kantxara jaitsi zen, baina bakarra da, eta mila zeuden pilotalekuan. Ez zaio eman behar bestelako garrantzirik; beste ikusle guztiek jokaera ona dute. Badago futbolera doala uste duenik, baina hori pilotaleku guztietan pasatzen da. Badirudi bakarrik Logroñon gertatzen dela. Berriro diot: horiek oso gutxi dira.

Titin erretiratzen denean pasio hori gal daitekeela uste al duzu?

Hura da idoloa. Nik aurrekoan esan nuen harrigarria dela urte hauetan Augustorekin ikusten ari naizena. Giro hau harengatik da; hark irabazi du urte luzeko lanarekin, eta giro horrek olatu gainean eramaten zaitu.

Gelditzen zareten errioxarrek ardura handia izango duzue, eta jendeak zuri begiratuko dizu bereziki.

Hutsune handia egongo da betetzeko. Titin bakarra egon da, eta gu ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko gara. Ea zaleek etortzen jarraitzen duten. Nik hura laguntzen gozatu dut, eta giro horri eutsi diezaiogun nahiko nuke. Ni hor nago, baina errioxar asko gara: anaia [Miguel Merino], Cecilio, Untoria, Gorka, Victor... Multzo polita gara. Zaleak gure alboan daude oraindik. Garrantzitsua izango da pilota bizirik manten dadin.

Bi garaipen bakarrik dituzue; nola ikusten duzu egoera?

Oso zail. Gurea partidaz partida joatea da, eta sailkatzeko aukerari eustea.

Sailkapena buruz dakizu?

Gutxi gorabehera. Guk bi garaipen ditugu; aurretik, Urrutikoetxea dago, hirurekin; Bengoetxea gurekin berdinduta dago, eta gero Berasaluze dago. Igandean Xalari irabazten badiogu, harrapatu egingo ditugu.

Irabaziz gero bai, baina, galduz gero, finalerdietatik bi garaipenetara...

Igandekoak bikoitza balio du. Partida oso garrantzitsua da, baina guk gozatzera irten behar dugu. Titinekin hitz egin dut, eta txapelketa honetan gozatu egin nahi dugu, ahalik eta sutsuen bizi lehia hori. Ez da erraza izango, baina ea ligaxkako azken partidetara aukerarekin iristen garen. Nik gozatzea nahi dut, Titinen azken urtea delako.

Zer hitz egiten duzue Titinek eta zuk?

Esandakoa. Guk bagenekien urte honetan oso zaila izango zela sailkatzea. Augustoren azken urtea da, eta oso gustura gaude bikotea osatuz. Egunero gozatzen saiatzen gara. Lehen partidetan ez genuen lortu, baina, azken bi partidetan, gure izpiritu borrokalaria berreskuratu dugu; irabazteko gogoa dugu, eta ilusioz gaude. Gure aurka jokatzen duenak jakin dezala gogotik lan egin beharko duela.

Bai, baina zuen arazoa beste bat da.

Hala da. Tanto guztiak irabazteko borrokatzen gara, baina egitea gehiago kostatzen ari zaigu. Niri kostatu egiten zait kolpearekin haustea, eta Augusto oso ondo zaindua dute.

Nola dago Titin? Behera egin du?

Augusto beti ari da entrenatzen; gogotsu dago. Agian, txapelketa hasieran konfiantzarik gabe zebilen, eta gauzak ez zitzaizkion ondo irteten, baina azken partidetan ondo ari da. Elkar laguntzen saiatzen gara, eta gauzak ondo irteten ez badira, hala delako da, eta aurkariek ere jokatzen dutelako.

2012an txapeldun izan zinenetik sumatu al diozu alderik?

Ez. Noski, freskotasuna galduz joaten da, baina egunen batean gauzak ondo irteten ez bazaizkigu, ez da horregatik. Jarrera ona du, eta oso gogor entrenatzen da.

Final hartako bideoa ikusi al duzu?

Behin edo beste; pare bat aldiz, ez askotan. Partidan baino gehiago, giroan jarri izan dut arreta.

Egun txarra duzunean alaitzeko.

Hala balitz, iaz egunero ikusi beharko nuen. Urte txarra izan zen.

Aurten, aldiz, ondo ari zara.

Udan baino hobeto bai. Eskuak ondo ditut; udan hatza ez zen esnatzen, min ematen zidan...

Uda gogorra izan zen.

Oso, ez nuen batere gozatu. Arreta gehiago jartzen nuen takoetan jokoan baino, eskuaren zati horrek pilota uki zezala eragozten.

Hobeto duzu lesioa?

Bai. Astero hartzen dut masajea. Zurda bat nuen odolari pasatzen uzten ez ziona, eta orain ondo dut. Hatza noizean behin hotz samar gelditzen zait, baina ez udan bezala. Orduan, egunero pasatzen zitzaidan; hatza lokartu egiten zitzaidan odola ez zelako iristen.

Gihar bikia oraindik ere kargatu egiten zaizu. Arduratzen zaitu horrek?

Noizean behin igotzen zait; hor dudan arazo bat da. Ez dakit zer dudan; begiratu izan dut, eta alde hori lantzen ari gara eragozteko. Partidaren tentsioak ere eragina du, entrenamenduetan ez baitzait inoiz pasatzen.

Uda ez ezik, 2013 osoa izan zen gogorra zuretzat, binakakotik hasita.

Hobe iazko txapelketa ahaztea; ez ginen ondo ibili, eta eskuetatik oso justu bukatu nuen. Ez ginen behar bezain ondo aritu.

Lehen urteetan, bilakaera handia izan zenuen, eta, iaz, eten egin zen.

Eskuak ez zidan utzi behar bezala jokatzen, eta hala ezin da hobetu. Entrenatzea ere kostatzen zitzaidan; masajistarenean ordu pila sartu nuen. Baina, zorionez, uda bukaeran izan nuen berri ona. Mesede handia egin zidan Bengoetxearekin sanmateoak irabazteak.

Non duzu hobekuntza tartea?

Beti dago zer hobetua... Aire defentsa, esaterako: beti kosta izan zait boleaz defendatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.