Argentinako eta Euskal Herriko errugbiak kolpe latza hartu du goizaldean: Federico Martin Aranburu jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil dute goizaldean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) lagun batekin zebilen Mabillon del Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan dute bi pertsonarekin. Banatu egin dituzte han zeuden beste batzuek, baina auto batean itzuli dira bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu dute Aranburu.
Miarritzen bizi zen Argentinakoa, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan. Hain zuzen, bazkide zuen Shaun Hegarty lagunarekin zebilen Parisen. Bien asmoa zen gaur gauean jokatuko den Frantzia-Ingalaterra Sei Nazioetako partida ikustera joatea.
Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin (2005ean eta 2006an). Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015 eta 2018 artean, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere.
Miarritzek sare sozialetan atera du ohar txiki bat. Familiari eta lagunei doluminak eman eta babes osoa eskaini diete.