Iaz Getxon (Bizkaia) jokatutako Munduko Txapelketako emaitzak berdindu ez arren, Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentearen ustez, euskal sokatiralariek Holtengo (Herbehereak) Munduko Txapelketan egindako lana «oso ona» izan da. Zazpi domina eskuratu ziren iaz Getxon, eta bi lortu dituzte euskal sokatiralariek Holtenen. «Aurkezpenean esan bezala, asmoa iazko emaitzak berdintzea zen. Emaitza aldetik, iazkoa askoz ere hobea izan zen, baina oso pozik amaitu dugu. Dominak ez ditu edonork lortzen. Gainera, lurra eta baldintzak ez dira egokienak izan», azpimarratu du Duñabeitiak.
Suitzako Sins taldea menderatuta lortu du Laukizko (Bizkaia) Gaztedi taldeak urrezko domina, 560 kiloko mailan. Txapelketa abiatu aurretik begiz jota zuten maila zen, eta aurreikuspenak bete dituzte. «Oso pozik amaitu dugu. Txapelketa hasi aurretik sinatuko genukeen horrelako emaitza bat. Ez genekien zehazki nola geunden gu, eta, bereziki, aurkariek zer maila izango zuten», azaldu du Jon Iñaki Mardaras Gaztediko prestatzaileak. Bi tiralditan menderatu zuten Suitzako taldea.
Gaztediko sokatiralariek osatu zuten euskal selekzioa gizonezkoen 560 kiloko mailan, eta, Suitzako selekzioaren aurka finala galduta, zilarrarekin konformatu behar izan zuten. «Finalera nahiko erraz iritsi ginen, baina finalean ezin izan genuen onena eman. Finala bidegabea izan zen guretzat, nahiz eta Suitzak ondo irabazi zigun. Epaileek oso zorrotz jokatu zuten gurekin, eta hainbat tiralari bere onetik aterata iritsi ziren finalera. Ez dut porrota justifikatu nahi, baina berdintasuna hainbesterainokoa denean, detailerik txikienak erabaki dezake azken emaitza». Getxokoarekin alderatuta, uste du txapelketa «ezberdina» izan dela: «Hemen talde gehiago aritu dira. Getxoko txapelketa jokatu baino bi hilabete lehenago, ez genekien lehiatu ahal izango ginen edo ez. Halere, podiumean talde eta selekzio antzekoak ikusi ditugu iaz eta aurten».
Emakumezkoetan, Gaztedik540 kiloko mailan eta Erandioko (Bizkaia) Goiherrik 23 urtez azpiko 500 kiloko mailan lortutako laugarren postuak izan dira emaitzarik onenak. «Apur bat triste goaz, emaitzak ez direlako espero genituenak izan. Dominak irabazteko nahiarekin gentozen, baina ez gara gure onena emateko gai izan», esan du Nagore Bilbao Gaztediko tiralariak. Iaz, adibidez, Gaztedik urrea eskuratu zuen 500 kiloko mailan. «Ez dakigu zehazki zer gertatu zaigun. Ez gara gaizki ibili, baina ez ditugu tiraldi osoak egin. Pena izan zen Ingalaterrako Melton Mowbray taldearen aurka galdutako hirugarren eta laugarren posturako lehia».
Kilo gutxiko mailetan hobeto moldatu ohi dira euskal sokatiralariak, eta Herbehereetako Munduko Txapelketa ez da salbuespena izan. «Esaterako, 640 kiloko mailan 600 kilotik beherako pisua eman genuen. Tiraldi batzuk irabazi arren, aldea handia da. Disfrutatzera atera ginen», nabarmendu du Mardarasek.
Baldintza zailak
Tiralari eta ordezkariak ados daude baldintzak zailak, edo, gutxienez, egokienak izan ez direla esatekoan. Mardarasek azaldu du nolakoa izan den Holtenen aurkitu duten lurra: «Padura antzeko batean lehiatu gara. Ez da Getxokoa bezain lur trinkoa, bigunagoa da, hondartsua. Hala, tiraldiak oso luzeak izan dira. Zortzi edo hamar minutuko tiraldi asko ikusi ditugu, eta Getxon luzeenek sei minutuko iraupena izaten zuten». Hasieran, baldintza haiek «aldeko» izango zituztela uste zuen Bilbaok, baina ez zen hala izan. Dena den, Mardarasek aitortu du ahalegindu zirela Euskal Herrian baldintza horietara egokitzen: «1996an bertan aritu ginen. Bertako lurra ezagutzen genuenez, ahal genuen neurrian, etxean baldintza horietan entrenatzen ahalegindu gara. Halako baldintzetan, teknika eta estrategia asko aldatzen dira. Indarra baino gehiago, iraupena da garrantzitsuena. Lan asko egiteko txapelketa izan da».
Euskal sokatiralariak
Tira eta tira, beste bi domina Euskal Herrira
Bi domina lortu ditu euskal ordezkaritzak Herbehereetan, Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. Urrea Gaztedik eskuratu du, gizonezkoen 560 kiloko mailan, eta, modalitate berean, zilarra bereganatu du euskal selekzioak. Lurraren baldintzekin kezka adierazi dute euskal kirolari eta ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu