Pilota. Miarritzeko Munduko Txapelketa. Eneritz Lizardi. Puntista

«Tinko eutsi behar diogu aukera honi, segi dezan»

Lehen aldiz ari dira emakumeak zesta-puntan Munduko Txapelketan. Lauk jokatuko dute gaur finala, eta guztiak dira euskal herritarrak. Lizardik «itxaropena» du lehen aldi honek «jarraipena» izango duela hurrengo ekitaldietan.

ENERITZ LIZARDI.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gaur jokatuko dituzte zesta-puntako finalak Miarritzeko Aguilera Jai Alai pilotalekuan (15:00). Euskal herritarren arteko lehia izango da: emakumezkoetan, Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi ariko dira Ihart Arakistainen eta Arai Lejardiren aurka; gizonezkoetan, berriz, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Aritz Erkiagaren eta Imanol Lopezen kontra jokatuko dute. Lehen aldiz ari dira emakumezkoak, eta, Lizardiren ustez (Mutriku, Gipuzkoa, 2004), «ospatzekoa» da hori. Finalaz, berriz, esan du «lehia handiko partida» izango dela.

Lehen aldiz ari zarete emakumezko puntistak Munduko Txapelketa batean, eta lau euskal herritarrek jokatuko duzue gaur finala. Eskatu daiteke gehiago?

Ez. Iaz lehen aldiz jokatu genuen munduko txapelketa bat, 23 urtez azpikoa, eta orduan ere lau euskal herritar aritu ginen finalean: Maria eta biok, Iharten eta Maialenen kontra [Aldazabal]. Sekulako esperientzia izan zen [irabazi egin zuten]. Urtebete geroago, nagusien Munduko Txapelketa jokatzen ari gara. Guretzat ametsa zen halako txapelketak jokatzea, eta zer esanik bitan jarraian jokatzea; izugarri pozik gaude. Gainera, emaitza oso onak ari gara lortzen.

Miarritzen ari zareten puntista ia guztiak zarete Euskal Herrikoak. Horrek zerbait esan nahi du.

Maila ona dagoela. Hemen ari garenok askotan jokatzen dugu elkarrekin eta elkarren aurka, eta nabari da besteen aldean denbora gehiago daramagula jokatzen. Sei bikote aritu gara txapelketan, eta hori jada lorpen handia da. Ea etorkizunean gehiago garen, eta hobeto aritzen garen. Gazteak gara guztiak.

Zer sentitzen da lehenak izanda?

Sekulako poza, eta ohore handia. 10 urte nituenetik jokatzen dut zesta-puntan, eta inoiz ez nuen pentsatuko munduko txapelketa bat jokatuko nuenik. Poz handia sentitu genuen jakin genuenean lehen aldiz munduko txapelketa bat jokatzeko aukera izango genuela; pizgarri izan zen lanean gogor segitzeko. Nire ustez, pizgarri ederra da atzetik datozenentzat ere; asko eskertzen da jakitea halako txapelketa handi bat joka dezakezula. Helburu argi bat duzu, eta hori lortzen ahalegintzen zara; zure onena ematen saiatzen zara.

Zuek aukera hau izateko, beste batzuek egin behar izan dute lan aurretik?

Dudarik gabe. 10 urterekin jokatzen hasi nintzenean, kuadrillako bat eta biok ginen neska bakarrak herrian; hori dela eta, mutilekin jokatu behar genuen. Gerora esan ziguten Markinan [Bizkaia] bazegoela neska talde bat, eta haiekin lanean ari zela Izaro Arbe [puntista ohia], Xisterako topaketak eginez. Argi dut ez banintz orduan hara joan, eta ez banu Izaro ezagutu, ziurrenik ez nintzela hemen egongo. Ondo dago mutilekin jokatzea, baina adin batetik aurrera aldea nabaritzen da, indarrean batez ere. Jada ez da berdina mutilen aurka jokatzea, eta zu neska bakarra izatea; kantxan eta kantxatik kanpo sumatzen da. Berdintasuna dagoela esaten da, baina ez da horrela; ezberdintasunak daude. Neskok gogor borrokatu behar dugu bigarrenez munduko txapelketa batean aritzeko; mutilek, ordea, ez dute presio hori; badakite gertatzen dena gertatzen dela berriz ere jokatuko dela haien lehia munduko txapelketan. Aukera hau iritsi zaigu, eta tinko heldu egin behar diogu, segida izan dezan.

Garai ona bizi du emakumezkoen zesta-puntak?

Bai, eta horretan funtsezkoa izan da Xistera egitasmoa [Euskal Herriko xistera elkarte guztiek eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak bat egiten duten proiektua]: Iparraldea eta Hegoaldea batu ditu. Hari esker ezagutu genituen Iparraldeko pilotariak, baina baita Kataluniakoak ere. Jendea dabil horretan, eta, zuk ikusten baduzu zerbaitetan jendea dabilela, ez dizu atzera egiten; animatu egiten zara probatzera. Egun, oinarri sendo bat dugu, eta erreferentzia batzuk ere bai. Eta horrek mesede egiten die atzetik datozenei, haiek ikus dezaten ez dela ezinezkoa kirol honetan jokatzea, eta denentzat dagoela aukera.

Zerbait ona duzue: oso gazteak zarete. Asko hobetu dezakezue.

Gure inguruan ni naiz zaharrena, eta 18 urte besterik ez dut. Ondo bidean, guztiok ditugu urte asko hobetuz joateko, eta gauzak egin eta lortzeko. Lanean segitu behar dugu.

Ez dago pizgarri hoberik lanak saria izatea baino, eta zuk azkenaldian jokatu den guztia irabazi duzu: 22 urtez azpiko Europako Txapelketa lehenbizi, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa gero, eta maila nagusiko Euskal Herrikoa ondoren. Gaur, maila nagusiko Munduko Txapelketako finala jokatuko duzu. Espero zenuen halakorik?

Duela bi urte ez nuen imajinatu ere egingo hori guztia irabaziko nuenik. Ametsa izan zen Europako Txapelketa irabaztea, eta zer esanik ez mundukoa. Oraindik ez dut barneratu azkenaldian gertatu zaidan guztia. Hori aski ez, eta, orain, maila nagusiko Munduko Txapelketa irabazteko aukera dut. Inoiz ez nuen pentsatuko horrelako zerbait egiteko gai izango nintzenik.

Erreferenteak izateko beharra azpimarratu duzu lehen. Zuk izan dituzu?

Izaro Arbe; harekin ibiltzen nintzen batetik bestera. Niretzat ez dira erreferente kantxan egiten dutenagatik, kantxatik kanpo egiten dutenagatik baizik. Eta Izarok asko lagundu digu guztioi. Ni saiatu naiz haren pausoak segitzen, eta, nire ustez, pixkanaka-pixkanaka, ari naiz lortzen.

Daniako (AEB) pilotalekua itxi eta gero, apustua egiten ari dira Euskal Herrian zesta-puntaren alde. Gero eta txapelketa gehiago jokatzen dira, eta horietako asko telebistaz ikus daitezke. Gizonezkoenak dira ia guztiak. Gustatuko litzaizuke olatu horrek emakumeok ere bustitzea?

Bai, noski. Daniako frontoia itxi eta gero, zesta-puntak sekulako indarra hartu du Euskal Herrian; ETBk ere asko lagundu du horretan. Guk bitan jokatu dugu telebista kameren aurrean, eta oso gustura aritu gara. Gu prest gaude nahi dutenerako. Inoiz ez gara kexatuko beste txapelketa bat jokatzearren. Gu hementxe gaude, haien aurrean jokatzeko gogotsu. Joko polita egin dezakegu.

Pilota selekzioari txapelketa ofizialak jokatzeko aukera eman diezaiokeen akordioa adostu berri dute. Zer deritzozu?

Ezustea izan zen, baina poz handia hartu genuen hemen ari garen denok. Egun, Espainiarekin aritzea da munduko txapelketa bat eta antzeko lehiaketak jokatzeko dugun aukera bakarra. Baina denon ametsa da euskal selekzioarekin jokatzea; Euskal Herria defendatzea. Ametsa litzateke lau urte barru, Argentinan, selekzioarekin jokatzea. Ea gauzatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.