Atletismoa

Tigist Assefaren errekorra: 400 metro 105 aldiz 1:15ean egitea bezala

Etiopiarrak munduko errekor berria ezarri du Berlinen, bi ordu, 11 minutu eta 53 segundoko marka eginda. Iaz korritu zuen bere lehen maratoia. Aurreko errekorra Brigid Kosgei kenyarrak lortu zuen, Chicagon, 2019an.

Tigist Assefa, atzo, Berlingo maratoiko helmuga gurutzatzen. FILIP SINGER / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko irailaren 25a
16:05
Entzun

Tigist Assefak munduko errekor berria ezarri du maratoian: bi ordu, 11 minutu eta 53 segundo. Batez beste, hiru minutu eta zazpi segundoan kilometro bakoitza. 400 metro 105 aldiz 1:15ean egitea bezala. 29 urteko etiopiarrak iaz ezustean lortu zuen garaipena errepikatu zuen atzo Berlingo maratoian, baina orduko marka ia lau minutu hobetuta.

Aurreko munduko errekorra Brigid Kosgei kenyarrak lortua zuen, 2019an, Chicagon (AEB): bi ordu, hamalau minutu eta lau segundo. Hura bi minutu baino gehiago jaitsi zuen Assefak. Hamabosgarren kilometrora arte sei korrikalarik eutsi zioten haren erritmoari, baina ordaindu egin zuten gero. Lasterketaren bigarren erdia lehenengoa baino azkarrago egin zuen etiopiarrak.

Assefak ibilbide luzea egin du gailurrera heldu arte. Lehen, 800 metroetan lehiatzen zen, baina han ez zen izar bilakatu, nahiz eta 2016an Rio de Jaineroko (Brasil) Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuen —lehen txandan kanporatu zuten—. Horren ostean, Akilesen tendoian izan zuen lesio batek pista albo batera uztera behartu zuen, eta orduan hasi zen errepideko lasterketak prestatzen.

Lehiatzen 2018. urtean hasi zen, baina kosta egin zaio nabarmentzea. Tartean pandemia bat bizi izanak ez du lagundu; ia bi urte igaro zituen lehiatu gabe. Entrenamenduetan nabarmentzen ari zen, baina bere lehen maratoia ere, iazko apirilean, ez zen ona izan: bi ordu, 34 minutu eta segundo bateko marka egin zuen Riadeko maratoian, Saudi Arabian. Sei hilabete geroago heldu zen Berlingo garaipena, ezustean. Hemezortzi minutu hobetu zuen bere markarik onena. Saudi Arabian baino zortzi kilo gutxiago pisatzen zuen Assefak.

Teknologia gako?

Ordutik, Adidasen irudi bilakatu da etiopiarra. Askoren ustez, errekor berria ezartzeko gakoa izan dira Alemaniako marka horren Adizero Adios Pro Evo 1 oinetako berritzaileak: karbonozko plaka dute,500 euro balio dute, 138 gramo pisatzen dute, eta behin bakarrik erabil daitezke. Bihar jarriko dituzte salgai, eta badira atletismoan aro berri bat hasi dela diotenak. Assefak berak erantzi, altxatu, eta musu eman zien maratoia amaitutakoan.

Atleta gehiagok ere erabili izan dituzte antzeko teknologiak. Izan ere, zapatila berritzaileen inguruko eztabaida ez da berria. Kosgeik aurreko errekorra hautsi zuenean ere, 2019an, zeresana eman zuen gaiak.

Assefaren hurrengo erronka 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak dira. Lehenik eta behin, sailkatzea lortu behar du.

Kipchogek, errekorrik ez

Gizonezkoen lasterketan bosgarrenez irabazi zuen Eliud Kipchoge kenyarrak. Hark ere helburutzat zeukan iaz Berlinen bertan ezarri zuen munduko errekorra apurtzea (2:01:09), baina ezin izan zuen. Lasterketaren lehen erdia marka hausteko erritmoan egin zuen (1:00:22), baina indarrak agortu zitzaizkion bigarren erdian.

Dena den, 38 urteko korrikalariak inoizko markarik onenetan zortzigarrena egin zuen: bi ordu, bi minutu eta 48 segundo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.