Teresa Errandoneak atletismoari agur esatea erabaki du, 29 urterekin. Irundarrak 21 urte egin ditu atletismoaren munduan, baina goi mailari agur esateko garaia iritsi dela erabaki du, denbora gehiago eskaintzeko bere bizitza pertsonalari eta orain arte kirolarekin uztartu duen lan arloari.
Errandonea gogor ari zen lanean bere bigarren Olinpiar Jokoak izango zirenetarako sailkatzeko, hau da, uda honetan Parisen egoteko, baina orpazurdetan izandako eragozpenek gogoa txikitu diote, batez ere lan karga handitzen zenean. Azken hilabeteak, nazioarteko kontzentrazioak barne, nahiko gogorrak izan dira, eta, erabakia hartzea zaila izan bada ere, Teresa Errandoneak ulertu du egoera horretan jarraitzeak kalte edo min psikologikoa besterik ez ziola ekarriko.
«Ez da batere erraza izan erabakia hartzea, baina ez nintzen ondo sentitzen. Etapa hau itxi behar nuen aurrera egin ahal izateko. Orain, nire bizitzako beste alderdi batzuetan jarri behar dut arreta, baina urte hauetan guztietan jaso dudan babesa eskertu nahi dut, batez ere goi mailan pasatu ditudan urteetan jasotako sostengua. Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, taldekideei eta urte hauetan guztietan nire ondoan egon diren babesle eta erakunde guztiei», azpimarratu du Errandoneak.
Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak nabarmendu nahi izan du zein garrantzitsua izan den Teresa Errandonea bezalako kirolari bat izatea atletismoa bezain zorrotza den kirol batean. «Programa olinpikoaren barruan dauden kirol guztietan Europako eta Munduko txapelketetarako eta batez ere Olinpiar Joko batzuetarako sailkatzea ez da erraza, baina are zailagoa da atletismoaren moduko kirol gogor batean lortzea. Ekitaldi handietako kirol nagusietako bat da atletismoa, eta Teresa izan da gure ordezkaria haietako askotan; horregatik, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu».
Basque Teamek ere izan ditu esker hitzak bekadun izan duen atletarentzat. «Basque Team fundazioko kideentzat harro egoteko modukoa izan da Teresa Errandonea gure familiaren parte izatea. Teresa bere balioengatik, konpromisoarengatik nabarmentzen da, eta lanerako duen gaitasunagatik, beti bikaintasunez eta dotoreziaz lan egiteagatik, baina gehiegi ere nabarmendu gabe», gaineratu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.
Errandonearentzat gogorra izan da bizimoduaren parte izan duen atletismoari agur esatea. «Pentsa dezakezuenez, ez da nire bizitzako egunik onena, baina uzteko asmoa, hilabeteak bueltaka izan ondoren, egia bihurtu da», izan dira haren lehen hitzak gaurko prentsaurrekoan. Azkenean, atleten alderdi gordinena ezagutu du Errandoneak azken urteetan: lesioak. «Tokioko Olinpiar Jokoetatik ilusio handiz itzuli nintzen, lan egiteko gogoz eta nire helburuak lortzeko gogo biziz. Baina azken bi urteak guztiz kontrakoak izan dira. Gauza onak egon dira, baina lesioak eta eragozpenak izan dira nagusi».
Egoera horretan ez da erraza Errandonea bezalako goi mailako kirolari batentzat aurrera egitea, baina, erreta amaitu badu ere, ez da damutzen egin duen bideaz. «Gogorra izan da. Azkenean, ohartzen zarenean asko ematen ari zarela baina ez duzula jasotzen merezi duzuna, gauza asko planteatzen dituzu. Hala ere, mila aldiz aukeratuko nuke hartu dudan bidea. Atletismoa dena izan da niretzat, nire bizitza izan da, eta dena horren inguruan ibili da. Zorionekoa naiz bizi izan dudan guztia bizi dudalako».
Ibilbide oparoa
Errandoneak 8 urterekin ekin zion atletismoari, eta berehala nabarmendu zen hesi lasterketetan eta luzerako jauzian; azken proba horretan, 16 urtez azpiko Espainiako txapeldun ere izan zen 13 urterekin. Bost urte geroago, Espainiako txapelduna izan zen lehen aldiz, kategoria absolutuan, pista estaliko 60 metroko proban. Hala ere, haren ibilbidea aintzat hartuta, 100 metroko hesiduna izan da haren proba nagusia.
Aipatutako Espainiako txapelketa irabazi ondoren, bere marketan garapenik izan gabe eman zituen denboraldi batzuk, eta, ondorioz, aldatzeko garaia heldua zela erabaki zuen 2018ko maiatzean; hortaz, Ramon Cid entrenatzailearekin hasi zen lanean. 2019an Espainiako bigarren txapelketa irabazi zuen, aire zabalean, eta nabarmen hobetzen hasi zen. 2020an, 8.00,4ra jaistea lortu zuen 60 metroko hesidunean, eta, hala, pista estalian Munduko Txapelketara joateko gutxieneko marka erdietsi zuen. Dena den, COVID-19ko pandemiaren ondorioz, txapelketa hori bertan behera geratu zen.
«Atletismoa dena izan da niretzat, nire bizitza izan da. Zorionekoa naiz bizi izan dudan guztia bizi dudalako», Teresa Errandonea hesi lasterkaria.
2021ean, nazioarteko txapelketak itzultzearekin batera, debuta egin zuen goi mailako lehiaketa batean, pista estaliko Europako Txapelketan, eta 60 metroko hesidunean finalerdietarako sailkatzea lortu zuen. Uda horretan bertan, Nazioen Arteko Europako Txapelketan estatuko selekzioaren bosgarren postua lortzen lagundu zuen, 100 metroko hesidunean hirugarren amaitu baitzuen. Ondoren, Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehenengoz, Tokiokoetan, baina ez zuen lehenengo txanda gainditu.
2022ko pista estaliko denboraldian ez zen aritu aurreneko urteetan bezain fin, baina Munduko Txapelketan parte hartu zuen, eta finalerdietara iritsi zen. Handik gutxira, lesio bat izan zuen soleoan, eta, ondorioz, ezin izan zen lehiatu urtearen hondarrean.
2023ko udan, Espainiako selekzioko kide izan zen Krakovian jokatutako Europako Jokoetan, eta seigarren postua lortu zuen 100 metroko hesidunean.