Terapiatik dominetara

Txapelketetako lehiatik urrun hasi zen Richard Oribe igeri egiten, terapia gisa. Ordutik, Paralinpiar Jokoetan dominak pilatzen aritu da, Javier de Aymerich entrenatzailearekin.

Javier de Aymerich eta Richard Oribe, elkarri bostekoa ematen, Londresko Paralinpiar Jokoetan. BERRIA.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Sei Paralinpiar Jokotan lehiatu eta hamazazpi domina eskuratu. Aurkezpen askorik ez du behar Richard Oribe igerilariak. Erreferente bat da aurkarientzat; bera gainditzea da erronka. 38 urterekin Londresko Jokoetan bi domina lortuta, bere mailan munduko onenen artean dagoela berretsi du donostiarrak. «Eta hala jarrai dezake oraindik». Itxaropen handiz begiratzen du etorkizunera Javier de Aymerichek, Oriberen entrenatzaileak. «Dominen lehian beharko luke Rio de Janeiron, 2016an».

Lehiatik urrun hasi zen Oribe igeri egiten, terapia gisa. Garun paralisiarekin jaioa, horren eragina murrizten saiatu zen zenbait ariketa eginez. Horrela konturatu zen orekari eusteko zituen arazoak uretan ez zituela. Eta hainbat kirol probatu ondoren—futboleko atezain postua, atletismoko pisu jaurtiketa…—, igeriketa gustatu zitzaion gehien. Lehen txapelketan lortutako emaitzak igeri egiteko gogoa handitu baino ez zuen egin. «Ona zela konturatu zen, eta denoi gustatzen zaigu zerbaitetan ona izatea».

Hasierako sentipen horiek egiazkoak zirela frogatu zuen berehala. Bartzelonako Paralinpiar Jokoetan ekin zion, 1992an, eta lau urte geroago hasi zen dominak pilatzen. Atlantako Jokoetan, hiru urre eta bi zilar lortu zituen. Gorenean zegoen jada. Baina inor gutxik ezagutzen zuen. Aymerichek berak ere ez, igeriketarekin oso lotura estua izan arren. «Bazenik ere ez nekien». Oriberen entrenatzaileek hitz egin zioten berari buruz. Eta laguntzeari ekin zion, haren inguruan talde bat sortzeraino: Konporta. Oribek bere prestaketa egin ahal izatea zen helburua.

1997tik, elkar ezagutu zutenetik, banaezinak dira Aymerich eta Oribe. «Nire seme zaharra balitz bezala ikusten dut». Haien lotura ez da soilik profesionala. «Beste gauza asko ere irakatsi dizkiot: informatika, argazkigintza...». Oso azkar ikasten baitu.

Londreskoak laugarren Paralinpiar Jokoak izan dituzte elkarrekin. «Ilusio handiarekin joan ginen, prestaketa on bat eginda». Izan ere, urtea lasai antolatzeko aukera izan zuten, igerilariak berehala lortu baitzituen Jokoetarako gutxieneko markak. Jokatu zuen lehenengo txapelketan, Londreserako txartela berea zuen jada.

Etxean bezala sentitu ziren Londresen, oso gustura. «Antolakuntza bikaina izan da». Instalazioak oso onak izan direla dio Aymerichek, eta igerilekua, bereziki, oso azkarra. Baina harmailek harritu dute gehien. 17.000 lagunentzako lekua izanda ere, egunero bete dira. «Baina ez ikasle eta erretiratuekin, kirolari horiek miresten zituzten familiekin baizik». Olinpiar Jokoetako izarrak —Michael Phelps eta Ryan Lochte kasu— lehiatzean soilik beteko zirela uste zuen entrenatzaileak. «Horiek ez ezik, paralinpiar kirolariak ere goi mailako kirolari gisa ikusten dituzte».

Giro horretan, dominak pilatzen jarraitu du Oribek. Zilarra lortu zuen estilo libreko 100 metroko proban, eta brontzea 200 metrokoan. «Bi domina kolkoratzea lorpen handia da». Gero eta zailagoa du podiumera igotzea, eta asko gozatu dute egindakoarekin, baina baita dominarik lortu gabe ere. Laugarren izan zen estilo libreko 50 metroko proban, eta konturatu zen gertukoek asko baloratzen dutela bere lana. Txapelketei heldutasun handiagoarekin egiten die aurre orain. «Londresen, ikusi dut askoz ere metodikoagoa eta ordenatuagoa dela». Gainontzeko kirolarientzat eredugarria dela uste du Aymerichek.

«Kirolari aparta da». Entrenatu dituen igerilari guztien artean, ez du bera bezalakorik ikusi prestatzaileak. «Oso arduratsua da entrenatzeko garaian». Hainbeste urtez goi mailan egon ondoren, egunero lanean jarraitzeko motibazioa mantentzen du Oribek. «Oso kirolari handien ezauga- rri bat da beti hobetzeko nahi hori».

Igerilari donostiarra munduko onenen artean dago oraindik. Hala izango zela bazekien haren entrenatzaileak, zientziari esker zein mailatan ari daitekeen ikus dezaketelako. «Horregatik dakit 2016ko Paralinpiar Jokoetan dominen lehian beharko lukeela». Oribek igeriketan jarraitu behar duela uste du Aymerichek. «Munduko bost onenen artean egonda, ez dago zertan erretiroan pentsatu». Igeriketa baita haren mundua, eta hari lotuta egotea nahi du entrenatzaileak, gozatzen duen bitartean.

Baina izango dute etorkizunean pentsatzeko denbora. Oraingoz, atseden hartuko dute, nekagarria izan baita prestaketa. Palman izango da orain (Herrialde Katalanak), lagun baten ezkontzan. Donostiara itzultzean, berriz, ia hilabete oso bat egongo da entrenatu gabe. «Igeri egiteko gogoa sartzen zaion arte», une honetan neke psikologikoa handiagoa baita neke fisikoa baino.

Gaur egun, kirolari ezaguna eta miretsia da Oribe. Jende askok gelditzen du kalean, trizikloan doala. Paralinpiar Jokoak telebistaz ikusteko aukera izan da lehenengoz, eta aurretik ezagutzen ez zuten ikusle askok bidali dizkiote mezuak. «Paralinpiarrak goi mailako kirolari gisa ikusten hasi dira, eta ez gizajo gisa». Gorrotatu egiten dute zein meritu duen esapidea. Euren meritua gainontzeko kirolarien berbera dela uste dute.

Aymerichek uste du elbarritasuna duten kirolarien egoera asko normalizatu dela Gipuzkoako igerilekuetan. «Gainontzekoak ohitu egin dira haiekin lehiatzera». Elbarritasuna duten gazteek, kirolean hasteko, ez dute arazo askorik. «Serioago hartu nahi dutenean dauzkate zailtasunak». Lorpenak izan behar dituzte laguntzaren bat jaso aurretik. «Eta horrela oso zaila da urruti iristea». Gainera, entrenatzaile gutxi daude, ez baitute laguntzarik jasotzen. «Ez dira musu truk ariko lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.