Ane Mintegi. Tenis jokalaria

«Tenisa oso mentala da. Kontzentrazioari eustea izan da gakoa»

Historian arrastoa utzi du Ane Mintegi tenis jokalari gazteak. Wimbledon lehiaketa irabazi du junior mailan, finalean Nastasja Schunk alemaniarra hiru setetan (6-2, 4-6 eta 1-6) mendean hartuta.

Ane Mintegi, Wimbledon lehiaketa irabazi berritan. JON SUPER / EFE.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Garaipen historikoa eskuratu zuen herenegun Ane Mintegi tenis jokalariak (Idiazabal, Gipuzkoa, 2003). Junior mailan Grand Slam bat irabaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta gutxiago Wimbledongoa irabaztea. Londresko kantxa ospetsuak ez zuen kikildu Mintegi, eta, galtzen hasi arren, finala poltsikoratu zuen, Nastasja Schunk alemaniarrari irabazita. 2-6 galdu zuen lehen seta, baina buelta eman zion neurketari, eta hurrengo bi setak bereganatuta, garaikurra eskuratu zuen. Idiazabalen adi jarraitu zuten herrikoaren neurketa. Sekula ez zuen lortu balentria hori euskal herritar batek.

Wimbledon txapelketa irabazten duen lehen euskalduna zara. Historia egin duzu. Zer sentitzen da horrelako lorpenarekin?

Emozio eta poz handia. Garaipen oso-oso garrantzitsua da niretzat.

Astebetean zazpi partida jokatu dituzu: euriak ere baldintzatu ditu partidak, atzerapenak sortu baititu eta egun berean bi partida ere jokatu behar izan dituzu. Nola iritsi zinen finalera?

Lehenengo momentuetan tentsio handia izan nuen… partida oso garrantzitsua zen eta nahiko urduri nengoen. Baina partidak aurrera egin ahala, pixkana-pixkana lasaitzea lortu nuen, eta gauzak ondo joan ziren.

Neurketa hiru setera jokatu zen. 6-2, 4-6, eta 1-6 izan zen emaitza. Nola izan zen partida zuretzat?

Lehenengo setean aurkariak oso ondo jokatu zuen. Gehiago izan zen, berak dominatu zuen, eta berea izan zen seta. Bigarrenean, lasaiago nengoen, eta pixkanaka, sakeetan hobeto eta pilota bakoitzari ere amaiera hobea ematea lortu nuen; bigarren set hori irabazi ahal izan nuen. Eta hirugarrenean erabaki zen partida. Ni gustura sentitu nintzen; uste dut oso ongi jokatu nuela. Aurkariaren hainbat akats direla medio, hirugarren seta nirea izan zen.

Partida amaitzear zegoela, garaipena zurea izan zitekeela pentsatu zenuen momenturen batean?

Nahiz eta partida amaiera aldera irabazten ari nintzen, amaitu arte ez nuen horretan pentsatzen, edozein momentutan guztiak buelta hartu eta partida kontra jar daitekeelako. Irabazi nahi nuen, baina garaipena benetakoa izan arte, edozer gerta liteke.

Eta behin irabazita zer pasatu zitzaizun burutik?

Lorpen oso garrantzitsua dela. Nire taldekoekin eta familiakoekin ere gogoratu nintzen.

Zure eskuin besoa eta momentu txarrenetan kontzentrazioari eusteko duzun gaitasuna dira zure indarguneak…

Tenisa oso mentala da. Final honetan, adibidez, lehen seta galtzen ari nintzen momentu horretan, kontzentrazioari eustea izan zen gakoa.

Idiazabalen, zure jaioterrian, finaleko partida zuzenean ikusi ahal izateko, pantaila erraldoi bat jarri zuten plazan. Zer sentiarazten dizu hori jakiteak?

Poz handia! Nire jaioterriaren aldetik babes hori sentitzeak indar handia ematen dit

Azkenik, Wimbledonen ondoren, nola dator egutegia?

Hurrengo asteetan bi torneo jokatuko ditut. Aste honetan, Gasteizen izango naiz, han jokatuko den Araba World Tennis Tour-en parte hartzeko, eta, horren ondoren, Espainiako tenis selekzioarekin Summer Cup jokatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.