Tekla egokia sakatu du

Alavesi gero eta gehiago nabari zaio Asier Garitanoren eskua: sendoagoa da atzean, eta zorrotzagoa aurrean. Ildo horri eusten saiatuko da gaur, Real Madrilen aurka. Txema Indiasek Garitano goratu du, Leganesen haren kirol zuzendari izandakoak.

Asier Garitano, Alavesen entrenamendu bat zuzentzen, Ibaian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Gutxi dira talde berri batera iritsi, eta beren estiloa azkar batean ezar dezaketen teknikariak. Normalena denbora apur bat behar izatea da, jokamoldea unean uneko jokalari sortara doitu, eta mekanismo guztiak aktibatzeko. Fase horretan izan da orain gutxi arte Asier Garitano. Alavesen jokoak zalantzak piztu zituen sasoiko lehen partidetan, baina prozesuaren hasiera besterik ez zen izan. Bergararrak tekla egokiaren bila jardun du, harik eta azken bi lehietan aurkitu duen arte. Zenbakiak dira horren lekuko: bi neurketak irabazi ditu Arabako taldeak, bost gol sartuta, eta bakar bat ere jaso gabe.

Etxetik kanpo, aurkariaren joari eutsi ezinik zebilen Alaves. Kasurako, lau gol jasota irten zen Osasunaren eta Vila-realen zelaietatik, eta hiru egin zizkion Realak. Hori horrela, bisitari moduan irabazi ezinik zebiltzan gasteiztarrak. Alabaina, Ipuruan atea hutsean utzi zuten, eta horrek lagunduta, sasoiko lehen garaipena lortu zuten Gasteiztik urrun. Bada, sendotasuna berreskuratuta, lasaitua hartuko zuen Garitanok, defentsari garrantzi berezia ematen dion teknikaria baita.

Iritzi horretakoa da Leganesen bergararrarekin lan egindako Txema Indias (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971). Nolanahi ere, ez luke teknikari defentsibo gisa sailkatuko. «Lehentasuna defentsa indartsua izateari ematen dio, baina erasoko jokoa ere ondo lantzen du. Esan izan dit azken denboraldietan posizio jokoa eta jokoa eraikitzeko fasea hobetu nahian ibili dela. Oso pertsona azkarra da, eta nahiago du eskuragarri dituen jokalarietara egokitu, estilo eta eskema zurrun bat ezartzea baino».

Garitanok moldatzeko duen gaitasunaren adibidetzat, egun darabilen sistema aipatu du Leganeseko kirol zuzendariak. «Hemen, gutxitan ipini izan zituen bi aurrelari, baina Alavesen goi mailako bi errematatzaile dituela ikusi du, eta hala, bere plana egokitu. Oreka aurkitu du, erasoan dituen baliabideak aprobetxatzen ari baita». Horren harira, Indiasekazaldu du Garitanok jokalariak «zukutu» egiten dituela. «Jokalari bakoitzari onena ateratzen dio. Bikain egiten du hori. Oso profesionala da, eta bikain aztertzen du zeintzuk diren taldearen ahulguneak eta indarguneak».

Neurketak ere behar bezala analizatzen ditu entrenatzaile gipuzkoarrak. Eibarren aurka, esaterako, erabakigarriak izan ziren bigarren zatian egin zituen jokalari eta sistema aldaketak : 4-3-3ko eskemarekin, Alavesek zelai erdiko lehia irabazi zuen, eta neurketa aulkitik ateratako Ponsek eta Joseluk apurtu zuten. «Teknikarien zeregina ez da soilik hamaikakoak osatzea. Partidetan, espero ez diren hainbat egoera sortzen dira, eta azkar jokatu behar dute. Alde horretatik, Asier oso adimentsua da, eta haren erabakiek on egin ohi diote taldeari. Batzuetan gauzak ez zaizkio nahi bezala aterako, baina beti du garbi zer eta noiz egin aurkariari irabazten saiatzeko», adierazi du Indiasek.

Normaltasuna ez da normala gaur egungo futbolean, eta Garitano salbuespenetako bat da. Bada, Leganeseko kirol arduradunaren aburuz, garrantzitsua da taldeen gidaritza horrelako norbaiten esku egotea. «Gu, Alaves moduan, Bigarren B Mailan egon gara orain ez asko, eta gertukoak izaten saiatzen gara. Zenbat eta gorago egin, orduan eta indar handiagoa dute egoek eta sonak. Asier, ordea, betiko pertsona umila da, eta ez dut uste sekula aldatuko denik. Lana asko errazten dizute halako entrenatzaileek».

Oroitzapenak berritzera

Eta prestatzaile moduan, asko aldatu al da Garitano orain dela bi urte Leganesetik atera zenetik? Indiasek ezetz uste du. «Mendizorrotzan bertan ikusi nuen Alavesek Valladoliden aurka jokatu zuen partida. Eta egia esan, taldeari Asierren eskua nabaritu nion. Aulkian nor dagoen jakingo ez banu, esango nukeen talde hori Asierrena izan zitekeela lasai asko. Gogorra da defentsan, jokalari guztiek elkar laguntzen dute baloia ez dutenean, eta gero, abiadura handiz ateratzen dira atzetik».

Bergararrak arrasto handia utzi zuen Espainiako taldean. Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zuen lehenik, eta gero, elitean mantendu zuen hurrengo bi denboraldietan. Azkenekoan, balentria egin zuen Espainiako Kopan, gaur Mendizorrotzan ariko den Real Madrili 1-2 irabazi, eta hala, Zinedine Zidaneren taldea kanporatuta. «Gauza handia izan zen klubarentzat eta hiriarentzat, eta, agian, lorpen hark egin zuen ezagun Asier mundu mailan, izan zuen oihartzunarengatik». Eta gaurko lehia antzera planteatuko al du? «Ziur naiz berriz ere partida itsusia prestatuko duela Real Madrilentzat. Espazio guztiak ixten eta lehia katramilatzen ahaleginduko da».

Arabarrei ere oroipen onak dakarzkie Real Madrilek, iaz 1-0 irabazi baitzioten Gasteizen, Manu Garciak 95. minutuan sartutako gol bati esker.

ALAVES-REAL MADRIL

Alaves. Pacheco; Martin, Laguadia, Ely, Duarte; Aleix Vidal, ManuGarcia, Pina, Wakaso; Lucas Perez eta Joselu.

Rreal Madril. Courtois; Carvajal, Militao, Ramos, Mendy; Modric, Valverde, Kroos; Bale, Benzema eta Vinicius.

Epailea. Cuadra Fernandez.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.