Taula bat, bi aurkari eta koroa bat

Anand eta Carlsen elkarren aurka ariko dira bihartik aurrera, xakeko Munduko Txapelketako finalean

Josu Tornay.
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Taula bat, eta alde bakoitzean jokalari bat: alde batean, Viswanathan Anand indiarra, 2007tik munduko xake txapelduna; beste aldean, berriz, Magnus Carlsen norvegiarra, munduko zerrendako lehena. Horixe izango da bihartik aurrera Chennain (India) ikusiko den irudia. Bi jokalariok ariko dira Munduko Txapelketako finalean. Xakearen koroa dago jokoan

Anandek iazko maiatzean eutsi zion hirugarrenez tituluari, Moskun jokatutako finalean Boris Gelfandi irabazita. Carlsen, berriz, duela urte erdi pasatxo sailkatu zen finalerako, Londresen jokatutako torneoan nagusituta. Biak estu ibili ziren irabazteko: indiarrak berdinketa hausteko partida bizkorretan lortu zuen puntu erabakigarria. Anand eta Gelfanden artekoak ez zuen pasiorik sortu zaleen artean. Ezin esan gauza bera hautagaien torneoaz. Han ere emozioa izan zen azken unera arte. Carlsenek azken partida galdu zuen, baina Kramnikek ere bai, eta horrek egin zuen hautagai norvegiarra. Torneoak ikusmin handia bereganatu zuen, eta lehia polita izan zen.

Bihar hasiko denak, ordea, txiki utziko du Londreskoa. Aspaldi ez zegoela horrenbesteko ikusmina. Gari Kasparov eta Anatoli Karpoven arteko lehia mitikoen ostean torneo garrantzitsuenak indarra galdu zuen. Vladimir Kramnik, Veselin Topalov, Anand, Gelfand eta abar ez dira ikuskizun bikain eman zaleak. 2010ean Kasparovek honela deskribatu zuen gertatzen ari zena: «Gaur egun xake teknikoagoa eta oldarkorragoa jokatzen da, baina glamour-a galdu egin da». Hala ere, badirudi glamour hori berreskuratu egin dela. Ez da gutxiagorako, Kasparoven belaunaldiaren osteko jokalaririk erregularrena eta sekula ikusi den etorkizun handieneko jokalaria izango dira aurrez aurre finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.