Peio Larralde

Tanto bakarra falta zaio: barneratzea

Bigarren urtez jarraian trinketeko buruz buruko finalera iritsi ondoren, 22 urte eskasekin hazpandarrak buruan dauka, dagoeneko, txapela. Bi asteko atseden txiki bat hartuta, binakakoari begira jarriko da berehala.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
unai zubeldia
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Lo askorik egin gabe» erantzun dio Peio Larraldek BERRIAren deiari. «Baina plazer da horrelako lanak hartzea». Batita Ducassouk 22, Larraldek 40. Trinketeko buruz buruko txapeldun. «Erraza da esaten, baina egindakoa barneratzen ari naiz oraindik». Baionako Moderne trinketean ospakizunak hasi. «Eta Baionan bertan afaldu genuen gero». Lagunak, familiako kideak... «Bizpahiru kantu, joko kartak, jan-edana... Momentu gozoak pasatzen dira horrelakoetan». Bi asteko atsedena hartuko du orain, baina binakakoari begira lanean hasi beharko du segidan.

Larraldek «oroitzapen ikaragarriak» bildu ditu finaletik. «Plazer hartu nahi nuen, trinket bete horretaz gozatu nahi nuen, nire jokoa egin nahi nuen... Eta dena ongi atera zitzaidan. Buruan daukat txapela, eta erabat hunkiturik nago». Lapurtarrak barrua askatzeko «jaieguna» izan zuen atzokoa [Credit Agricole banketxean lan egiten du]. «Eta plazer handia hartu zuten eurek ere. Lantokian ere ospatuko dugu bizpahiru txokolate eta kafe pixka batekin».

«Familiarentzat, lagunentzat, entrenatzaileentzat... Denentzat da txapela». Baina sakelakoan jasotako dei bat iritsi zaio benetan barruraino. «Hazparnen badugu gazte bat, oso eri dena. Bordelen da egun. Pilotazale amorratua da, gertutik jarraitzen du kirol hau, Euskal Herriko pilotari guztiak ezagutzen ditu...». Lucasen amaren mezua jaso zuen atzo Larraldek. «Triste da bera, eritasunaren aurka borrokan, eta eskerrak emanez deitu dit, aurretik mezu batzuk bidali nizkiolako indarra emateko. Txapel honek goxa dezala pixka bat». Azken tantoa egin berritan, Hazparneko gazte kuadrilla berehala sartu zen trinketean, Larralde goratzeko. «Baina Lucasi joan ziren pentsamendu guztiak; iaz han zen, eta aurten faltan genuen».

Buruz burukoa, binakakoa, Superprestigea eta Baionako Mastersa. Lau handiak eskuratu ditu lapurtarrak urtebeteren buruan. Dena irabazi ondotik, zer? «[Barrez] Irabazten delarik, irabazi egin nahi izaten da berriz, eta gogotik saiatuko naiz hurrengo txapelketetan ere». Garaipen zerrenda gizenduz joatea da Hazparneko pilotariaren erronka. «Lasaiago kantxaratuko naiz aurrerantzean, hainbesteko presiorik gabe. Badakit irabazteko gai naizela, baina, garaipenez haratago, lehen-lehenik plazera da niretzat galtza zuriak janztea».

Pilotari gazteak finaletara iristea nahikoa izaten da harmailetan jendetza pilatzeko. «Eta harrigarria izan zen Modernean sortu zen giroa». Asteazken-ostegunean amaitu ziren sarrerak. «Eta gazte pila bat zen harmailetan, herrikoak asko eta asko. Eskertzekoa da zure ikusteko sarrera ordaindu izana. Biziki estimatzen dut euren ahalegina».

Galdezka hasi gabe, Larraldek berak hartu du hizketagai ezkerpareta. «Ez dakit parada ukanen dudan edo ez, baina oraindik ez dakit zer den ezkerpareteko jokoa, eta ez dakit Ipar Euskal Herriko pilotariak euren enpresetan izateko interesik baduten ere». Hori bai, lapurtarra ez da aterik itxi zalea. «Inork desafio gogorik izango balu, edo Hego Euskal Herrian ezkerparetean edo trinketean jokatzeko paradarik sortzen bada, ahalegina egingo dut. Zergatik ez saiatu?».

Irujoren «keinu zoragarria»

Baionako Mastersean Juan Martinez de Irujorekin bikotea osatuz jantzi zuen txapela Larraldek. «Eta lehenxeago deitu dit zoriontzeko», argitu du berehala. «Niretzat ikaragarriak dira horrelako gauzak, zoragarriak». Urte batzuk atzera norbaitek halakorik esan izan balio ez zukeela sinetsiko onartu du. «Baina, bat-batean, Irujorekin telefonoz hizketan ari nintzen. Oso estimagarriak dira horrelako keinuak».

Buruz buruko txapeldun berriak zalantza handirik gabe onartu du pilotari izan ez balitz errugbiari helduko ziokeela. «Oso giro ona dute Hazparneko errugbi taldean, eta biziki maite dut kirol hori. Gainera, Baionako eta Miarritzeko errugbi taldeetan ere baditut lagunak». Batera edo bestera bidaian hasi aurretik, berriz, Larraldek nahiago du «Euskal Herriko txoko zoragarriak» bisitatzea. «Mendia, hondartza... Bizi lasaia dugu hemen, eta nik biziki maite dut hori». «Waltary Agusti ahaztu gabe», eta Ducassouren baimenarekin, etorkizuna bere egiten ari da Peio Larralde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.