Hugo Tocalli Argentinako 20 urtez azpikoen hautatzailea da. Gazte mailan beti nabarmendu izan da Argentina; Maradonarekin 1979ko Munduko Txapelketa irabazi zuenetik, hain justu. Maradona Boca Juniorseko jokalaririk trebeena zen ordurako. Urtebete lehenago, 1978an, nagusien Mundiala jokatu zen Argentinan, baina Cesar Luis Menottik ez zuen txapelketara eraman Bocako gaztetxoa. Garai iluna zen atlantiko bestaldeko herrialde handi hartan. Militarren diktadurapean belaunaldi oso bat desagertu zen, etorkizuneko pentsalarien belaunaldia, eta dena ondo lotuta zegoen. Futbolean lege bat ezarri zuten agintariek: 1978ko Munduko Txapelketari begira Argentinako muga itxi zuten, eta hango futbola autarkia moduko bat bilakatu zen. Selekzioaren arrakasta behar-beharrezkoa zuten Jorge Videla diktadoreak eta haren militar taldeak, herritarrei eragindako minaren gainean eztia jartzeko. Horretarako, Cesar Luis Menotti hautatzaileari zerrenda itxi bat egiteko aukera eman zioten, jokalariei atzerriko atea itxita. Zirrikitu batetik, ordea, jokalari batek ihes egin zien; Mario Alberto Kempesek, hain zuzen ere. Rosarioko aurrelari ezkerra Valentziara joan zen, agintarien gogoaren kontra. Hura zen Argentinako aurrelaririk dohatsuena eta gero hala berretsi zuen Munduko Txapelketan. Salbuespenak salbuespen, dekretua gailendu zen talentudunek ihes ez egiteko. Ez zen, ordea, etorkizuna kudeatzeko modurik onena, oinarria ez baitzen egonkorra.
Helburua bete zuten militarrek. Argentina txapeldun atera zen, eta armen fabrikan preso zeuden gazteen sufrimenduarekin nahasten ziren Monumental futbol zelaiko zaleen oihuak. Herrialde hura kontraesanean eraikita dago: baliabidez aberatsa da, baina eguneroko jardunean traketsa.
Mundiala amaitu zenean txapeldunei atzerriko ateak zabaldu zizkieten. Passarella, Tarantini, Bertoni, Ardiles... Europara bidean jarri ziren. Baina benetako kolpea handik urte gutxira jaso zuen Argentinako futbolak, Diego Armando Maradonak Bartzelonara alde egin zuenean. Bomboneran magia sortu zuen Boca Juniorseko hamar zenbakidunak, Ricardo Bocchini idolotzat zeukan artistak. Hausturaren sinboloa izan zen Maradona: Malvinetako gerrak eztanda egin zuen, Argentinako gizartea pixkanaka aldatzen joan zen, Alfonsinen gobernua iritsi zen, eta hortik aurrera politikarien arduragabekeria gailentzen hasi zen.
1980ko hamarkadan istiluetan sartuta bizi zen Argentinako futbola. Hildakoak ere izan ziren harmailetan, eta talentudunen ihesa gero eta nabarmenagoa zen. Italiak eta Espainiak argentinarren uholdea bizi zuten; hainbatek arbasoen jatorria aldarrikatuta. Izan ere, itsasontziak dira gure aberria leloa maiz entzuten da Argentinan. Giro horretan irabazi zuen Argentinak bigarren aldiz Munduko Txapelketa, Mexikon, 1986an, eta horrek talentudunen ihesa areagotu zuen.
Argentinan aginteak bizkarra eman izan dio gizarteari. Pobreen kopurua esanguratsua da, gosea pasatzen dutenak anitz dira, eta futbolari profesional izatea da gazteen ihesbiderik seguruena. Kalean trebatzen dira hainbat eta hainbat gazte, potrero deitzen diren eremuetan; beharrak pizten du haien grina. Talde profesionalak erne ibiltzen dira beti, auzoz auzo, eta eskualdeka antolatzen diren gazte mailako txapelketetatik hartzen dituzte etorkizuneko harribitxiak. Hortik aurrera, dolarrak eta euroak ahalik eta azkarrena eskuratzea da futbol taldeetako agintarien xedea. Baina errealitatea haratago doa. Gaztetxoek, euren gurasoek bultzatuta, ahalik eta lasterren alde egin nahi dute Europara, azkarregi. Hezitzaileen kezka, beraz, ez da txantxetakoa.
HARROBI AGORREZINA. River Platek gazte belaunaldi bikainak kateatu ditu azken hamar urteotan. Sorin, Almeyda, Gallardo, Burrito Ortega, Hernan Crespo, Julio Cruz eta enparauak Enzo Francescoli handiaren magalean hazi ziren. Haiek joan ziren eta berehala iritsi ziren Aimar, Saviola, Cavenaghi, Mascherano eta abarrak. Banda gorriaren akademiak talentudun piloa sortu du, baina talentudun horiek berehala ihes egiten dute. Klubaren diru beharra, Europako kluben talentudun premia eta gaztetxoen ametsa elkartzen dira bidean.
Lucas Trecarichik 15 urte ditu. River Platen harrobian hasi zen, baina hazi aurretik Espainia aldera eraman zuten gurasoek. Leganes 2.B mailako taldean jokatzen du erasoko erdilari ezkerrak. 2011. urtera arte du kontratua; familiari etxea jarri dio klubak, autoa ere bai, eta jokalari gazteari 3 milioi euroko etete klausula ipini diote. Lucas Trecarichi Argentinako 17 urtez azpiko selekzioan hasi berria da; ez dio, beraz, bere jatorriari muzin egin. Leganesen Mariano Juan herrikidearen babesa du. Hura ere River Plateren harrobian hasi zen eta oso gazte Ajaxera joan zen. 20 urtez azpikoen mailan munduko txapeldun izandakoa da Mariano Juan, eta orain Espainiako 2.B mailan ari da.
Lucas Trecarichiren antzeko ibilbidea daramate Argentinako beste bi gaztek Italian. Federico Laurito Udineseren harrobian ari da, eta Argentinako 17 urtez azpiko selekzioan jokatzen du. Hain gazte etxetik alde egin izanak hezitzaileen kezka piztu du, baina kasu kezkagarriagoak ere badira. Adibidez, Fernando Forestieri gaztetxoa hazi gabe iritsi zen Genoara, eta dagoeneko Argentinako selekzioan jokatzeari uko egin dio, Italiaren mesedetan. Azzurrien deia onartu du 17 urtez azpikoen selekzioan jokatzeko.
Hugo Tocalli Argentinako gazte mailako hautatzailearentzat, hori onartezina da, talentudunen ihesak urrats arriskutsua egin baitu. Argentinako selekzioaren geroa kolokan jartzen ari dira horrelako erabakiekin. David Trezeguetek zabaldu zuen bidea, duela zenbait urte, eta Mauro Camoranesik ere hortik jo zuen.
INTERESAREN ABERRIA. Gonzalo Higuain aurrelariaren izena mundu osora zabaldu da. 18 urteko jokalaria River Platen hasi berria da. Duela hiru aste Boca Juniorsen aurkako klasikoan sartutako bi golek sekulako oihartzuna izan dute. Bigarren aurrelaria da Higuain, ez da erreferentzia, eta haren mugikortasunak, haren abiadurak, zehaztasunak eta odol hotzak Europako talderik ospetsuenen jakin-mina piztu du. Higuain familia oso pozik dago Gonzalo semearen ibilbidearekin. Futbolean duen etorkizun oparoak areagotu du poztasuna. Pozik daude, aldi berean, Gonzalo jaio zenean hartutako erabakiarekin. Izan ere, Jorge Higuain aitak, Pipa goitizenez ezagun egin zen atzelariak, Frantziako txapelketan jokatzeko eskaintza onartu zuen 1987-88 denboraldian. Atzelari bortitza zen, Argentinan caudillo esaten dieten horietakoa. 1987ko abenduaren 10ean Gonzalo semea jaio zen, Bresten. Jaiotzez, beraz, Bretainiakoa da Gonzalo Higuain, eta Frantziako herritartasunari eutsi dio. Gurasoek ez zioten argentinar herritartasuna eman semeari, frantziar estatusa etorkizunerako onuragarriagoa izango zelakoan. Argentinako pasaportea eskatuz gero, Frantziako herritartasuna galduko luke. Nolanahi ere, Gonzalo Higuain ez da sekula arrotz sentitu Argentinan, izatez argentinarra baita.
Haren euskal jatorriaz ere hitz egin zen duela urtebete. Zurrumurruek Athleticen inguruan ipini zuten, baina Nancy amak dioen moduan: «Zerbait entzun dugu, baina guk ez dakigu ziur euskal jatorriko arbasoren bat ote daukagun. Uste dut nire senarraren aldetik badagoela zerbait, iparraldean, baina ezer argirik ez». Orain, Frantziako herritartasunari eutsi izanak Europako ateak zabalduko dizkio Gonzalo Higuain gazteari. Eskaintza anitz ditu mahai gainean. Real Madrilek du aukerarik gehien Bresten jaiotako argentinarra eramateko, eta badirudi akordioa abenduan itxiko dutela. Baina espero ez zuten zerbait gertatu da aldi berean.
Jorge Higuain aitak aspaldi zekien Argentinako hautatzaileek semea gazte mailako selekzioetara eramateko interesaren berri. Duela bi denboraldi 17 urtez azpikoen deialdiari muzin egin zion, badaezpada. Hori dela eta, Frantziako Federazioaren beldur ziren Argentinan. Frantziako selekzioak Gonzalo Higuain eramateko eskubide osoa du, nortasun agiriari erreparatuz gero. Hala, joan zen astean Raymond Domenech Frantziako hautatzaileak River Plateko aurrelaria aurrenekoz deitu zuen, Greziaren aurkako partida jokatzeko. Gonzalo Higuainek bazekien hori gerta zitekeela. Azken asteetan hedabideek eztabaida piztu dute, eta Frantziako hautatzaileak aurrelari gaztea etorkizunerako lotu nahi izan du, badaezpada. Orain, ordea, kontzientzia arazoak ditu Higuain gazteak. Zer egin? Interesagatik eutsi zion Frantziako herritartasunari, baina izatez eta sentimenduz argentinarra da erabat. Oraingoz ezetz esan dio Frantziako selekzioari. Denbora hartu nahi du zer egin pentsatzeko, eta familiak zeresan handia izango du azken erabakian. Real Madrilen kontratua jokoan dago, besteak beste. Baina, aldi berean, arrotz egiten zaion selekziotik deitu diote, eta bere mailako jokalari batek selekzioan jokatu beharra dauka. Horren haritik, Gonzalo Higuainek ez daki frantsesez hitz egiten. Hamar hilabeterekin alde egin zuenetik behin baino ez da izan Frantzian: Jorge aitarekin itzuli zen, 1998ko Mundialean, familia burua Argentinako hautatzailearen laguntzailea zenean.
NEGOZIOAREN KORAPILOA. Argentinako klubek etorkizunerako diru iturri berria asmatu dute. Hego Amerikan salerosketa zuzena egin aurretik, jokalarien eskubideak partekatzeko joera hedatzen ari da. River Plate dinamika horretan bete-betean sartu da. Azken asteetan Jose Maria Aguilar presidenteak harrobiko bost jokalariren etorkizuneko eskubideen zati handi bat saldu dio MSI (Media Sports Investment) Londresko enpresa gorabeheratsuari. FIFAk berak ere ez daki enpresa hori legezkoa den. Aspaldi ari da ikertzen mundu osoan sarea zabalduta daukan talde ezezagun hori. Besteak beste, Corinthians Brasilgo taldea erosi zuen duela bi urte, Kia Joorabchian irandarra buru zela. Roman Abramovichen laguna da hori. MSI enpresak Tevez eta Mascherano argentinarrak eraman zituen Corinthiansera, besteak beste. Carlos Tevez aurrelariaren fitxa berria Boca Juniorsen halako lau zen, eta MSI enpresak berehala egin zuen negozioa. Joan zen irailean Mascherano eta Tevez West Hamera iritsi ziren, Londresko taldeak enpresa horri sekulako dirutza ordainduta. Horren atzean, West Ham erosteko asmoa ere badago.
Argentinako izar horien jabetza lortu ostean, orain etorkizuneko izarren eskubideak erosteari ekin dio MSI delakoak. River Platen bota du sarea, eta Riverreko presidentea pozik dago. Denbora baterako jokalariak gordeko ditu, eta, dagoeneko, inbertsioaren zati bat egina dauka, MSIk dirua aurreratu diolako. Higuain eta Belluschiren eskubidearen %50 lortu du Londresko enpresa horrek.
Real Madrilek, River Platerekin ez ezik, MSIrekin ere negoziatu beharko du orain. Gonzalo Higuainen kasuan, Jorge aita haserre agertu da River Platerekin. Jokalaria adingabea izanik (Argentinan 21 urte bete arte da), bere eskubideen erdiak gurasoen baimenik gabe saldu dituela leporatu dio River Plateko presidenteari. Hortik saltsa sortuko da.
MESSIREN KASUA. Arazoa ez da behin-behinekoa. Arrakastaren bidetik, emaitza onek urrats bat aurrera egiteko adorea ematen diete klub boteretsuei. Bartzelonak urrea aurkitu zuen Leonel Messirekin. Newells' Old Boys taldean ari zela, hazteko arazoak zituen Messik: arazo hormonalak. Tratamendua garestiegia omen zen haren familiarentzat, eta aitak Katalunia aldera joatea erabaki zuen, lehengusu batzuk han bizi zirela baliatuz. Leo Messi, bien bitartean, River Plateren harrobira joan zen proba egitera, eta arazo burokratikoek dena ezerezean utzi zuten. Orduan Bartzelonaren interesa agertu zen. Jorge Messi aitak semea hartu eta Masiara eraman zuen, Bartzelonarekin proba egitera. Leo Messik 13 urte zituen. Carles Rexach entrenatzailea aho zabalik geratu zen argentinar gaztea jokatzen ikusita. Hazteko arazoak izan arren, Messi txikia Masian sartu zen, eta bost urte geroago izar liluragarria bilakatu da.
Ezina gailendu da Argentinan, gizartearen eta kirol azpiegituren egonkortasun ezaren ondorioz. Joan zen urtean Bartzelonak hitzarmena sinatu zuen lehen mailako Arsenal Sarandi taldearekin, hango harrobiaren ardura hartzeko. Kataluniarrek hezitzaileak eta materiala ipintzen dute eta, trukean, harrobitik irtengo diren jokalariak eramateko lehentasuna dute. Argentina: talentuaren paradisua eta miseriaren biktima.
Talentudunen ihesa
Argentinako futbolari gazteak gero eta gazteago ateratzen dira euren herrialdetik ospearen eta diruaren bila. Argentinan beti izan dira saltzaileak, baina azken boladako isuriak eta agintarien jokabideak argi gorria piztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu