Brasilgo Munduko Kopa. F multzoa. Meho Kodro. Bosniako hautatzaile ohia

«Talentuak, buruak eta bihotzak bat egin dute selekzioan orain»

Aurrenekoz ariko da Bosnia Munduko Kopan, eta, Meho Kodroren ustez, «gerra garaiaz geroztik herrialdeak lortu duen lorpenik handiena da». 2008an selekzioaren ardura izan zuen, eta talde ona dela dio.

«Talentuak, buruak eta bihotzak bat egin dute selekzioan orain».
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Meho Kodro (Mostar, Bosnia eta Herzegovina, 1967) gogoz dago gaurko gauerdia heltzeko. Orduan jokatuko du haren herrialdeko selekzioak aurreneko partida Munduko Kopa batean. Aurkari bikaina izango du estreinakorako: Argentina. Realeko eta Alaveseko aurrelari ohia itxaropentsu dago, eta selekzioak lan ona egin dezakeela uste du.

Bosnia lehen aldiz ariko da Munduko Kopan. Handia da hori gero...

Lehen aldia izanik, datu garrantzitsua eta handia da. Gerra bukatu zenetik, ez dakit horrelako gauza handirik bizi izan duen Bosniak.

Zer esanahi dauka Bosniarentzat Munduko Kopan parte hartzeak?

Harrotasuna, zoriontasuna, kezka eta ardura bizi dira aldi berean. Sentimendu asko daude nahasian. Selekzioak zer egin dezakeen jakiteko irrikaz dago jendea.

Jokalariek presioa dute zerbait handia egiteko?

Zama handia kendu da sailkatu eta gero. Behin hori lortuta, beste presio bat sortu da, Munduko Kopan aritzearena. Futbola horrelakoa da, beti dauka presioa bere bueltan. Uste dut egin dutela egin behar zutena, eta sailkatzea da hori. Orain, beste erronka bat dugu, eta uste dut parte hartzearekin ez dela aski izango; zerbait gehiago egin beharko dute. Eta, horretarako, jokalari onak daude. Hasierako partidak zailak izango dira, baina jendeak uste du badagoela taldea edonoren aurka ondo lehiatzeko. Ikusmina dago, eta horri erantzuteko erantzukizuna eta ardura daukate jokalariek.

Bosniak historia laburra du, baina hau al da inoizko selekzio onena?

Zaila da hori baieztatzea. Izan dira selekzio onak lehen ere, baina antolakuntza arazoak eta bestelako kontu batzuk tarteko, ez du inoiz Munduko Kopara sailkatzea lortu. Lehengo selekzioak onak izanagatik ere, hau bezain onak ez zirela iruditzen zait. Hauek besteak baino gehiago hazi dira, jokalari asko Europan hezi direlako futbolari bezala, eta hobeak dira talde bezala jokatzen eta antolatzen lehengo jokalarien aldean.

Zuen garaian anarkikoak zineten?

Ez, ez dut hori esan nahi. Baina falta zen diziplina edo. Balkanetan beti izan dira jokalari onak, baina falta izan zaie ordena pixka bat jartzea. Gerraren eraginez, gainera, bihotzarekin gehiago jokatzen genuen buruarekin baino. Orain, aldiz, talentuak, buruak eta bihotzak bat egin dute. Federazioa ere hobeto dago antolatuta lehengo aldean.

Gerraren ondoren denbora kontua zen antolaketa egokia izatea?

Bai, izan daiteke. Baina kontua da orain talde lana dagoela.

Presio handirik gabe jokatzen badu, Bosnia izan daiteke ezustea eman dezakeen selekzioetako bat?

Izan daiteke, bai. Jokalari zerrenda banan-banan aztertuz gero, jokalari onak eta oso onak daude, eta osagaiak baditu lan ona egiteko. Lan ona izan daiteke multzoen fasea gainditzea, eta hortik aurrera, ez dago jakiterik zer gerta daitekeen, kanporaketak direlako. Jokalari hauekin eta zortea onetik etortzen bada, egin daiteke gauza politen bat.

Jokalari hauetako batzuk entrenatu zenituen?

Asko entrenatu nituen. Baina gazteak ziren. Oso denbora gutxi egon nintzen selekzioan. Batzuekin badut harremana, tarteka elkarri deitzen diogu.

Edin Dzeko eta Vedad Ibisevic aurrelari oso onak dira, eta beste batzuen artean, selekzioaren erreferentzia dira. Nola definituko zenituzke?

Dzeko eta Ibisevic garrantzitsuak dira taldean, baina badira beste batzuk ere: Spahic eta Pjanic, esaterako. Bi aurrelariei dagokienez, ezagunak dira. Dzeko teknikoki oso ona da, eta Ingalaterran denetik, hobetu egin du goiko baloien jokoa. Europako aurrelari onenetakoa da. Ibisevic ez da bestea bezain ona, baina gola sartzeko sena dauka; berezko talentua du aurrelari jokatzeko.

Golegileak edukitzea taldean berme ona izan ohi da emaitza txukunak lortzeko. Bosnia, alde horretatik, Munduko Kopako taldeen artean onenetakoa da?

Aurrealdea da selekzioaren indargune handiena, erasoan oso ona baita. Pjanic eta Misimovic zelai erdian oso onak dira, aurrekoen atzetik jokatzeko; baita Lulic ere hegaletik. Horretan onak dira; baloia erabiltzen-eta oso onak dira. Azken bi urteetan gol asko sartu ditu Bosniak.

Gabezia izan dezake taldeko defentsako lanean?

Arazoa da, bai. Safet Susic entrenatzailea eta bosniar guztiak jakitun gara arazoak horretan izan ditzakegula. Inoiz ezin da jakin, baina kontuz arlo horrekin. Oso ausart jokatzen du Bosniak; beti jokatzen du aurkariak baino gol bat gehiago sartzeko estrategia ardatz hartuta, eta hori horrela izanik, esan daiteke gabezia handiena defentsako lanean duela. Talde guztiek dauzkate alde onak eta ez hain onak, azkenean.

Zenbateko eragina du hautatzaileak jokatzeko ereduan?

Entrenatzaile bezala kanpotik bakarrik azter dezaket bere lana, baina badakit ondo aztertzen eta ikusten duela futbola, eta gertutasun handia duela jokalariekin, bera ere zelaian ibilia delako. Erasoan jokatzea gustatzen zaio, bai, jokalariak horretarako egokiak dauzkalako, eta bera jokalari zenean ere erasokoa zelako.

Argentina alde batera utzita, multzoko kide dituen Iranen eta Nigeriaren jokatzeko eredu irekia eta alaia onerako izan daiteke Bosniarentzat?

Gerta daiteke, baina ezin da jakin. Nigeriak eta Iranek jokalari onak dituzte. Partiden ordena ere kontuan hartu beharko da. Bosniak Argentinaren aurka dauka aurreneko partida, eta galtzen badu, hurrengo biak, akaso, derrigor irabazi beharko ditu. Gauzak asko alda daitezke alde horretatik. Nigeriak Iranen aurka du lehen partida, eta irabazten badu, hurrengo partidan ez da hain erasokorra izango, akaso. Hori dena alde batera lagata, uste dut Bosniak edonori irabaz diezaiokeela, eta Argentinari ere lanak eman diezazkiokeela; lehen partida da, Argentina da faboritoa, Bosnia ez da berez izen handiko taldea...

Telebistaren aurrean esertzen zarenean Bosniaren aurreneko partida ikusteko, inbidia pixka bat ere sentituko duzu?

Ez. Azken batean, nire jokalari ibilia bukatu zen, eta orain beste gauza batzuetara nago. Emozioa sentituko dut, bai, eta saiatuko naiz gozatzen eta laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.