Talentua eta ausardia, indar

Etzi hasiko da Xakeko Munduko Txapelketako finala. Liren Ding ezustean dago bertan, baina duen sendotasunarekin eta indar mentalarekin ezustea eman dezake.

Liren Ding xake jokalaria, iaz Madrilen jokatutako Hautagaien Torneoan. Bigarren amaitu zuen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Josu Tornay.
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Xakean jokatzen hasi zenean, Liren Dingek—Ding Liren izen-deituren ordena txinatarrean—ez zuen distira askorik egin. 15 urte betetzear zegoenean oraindik 2.300 Elo punturen azpitik zegoen. Adin horrekin, puntako jokalariak 2.500 Eloren gainetik egoten dira, eta maisu handi titulua lortuta, edo eskuratzeko bidean. 16 urterekin, ordea,ezustekoa eman zuen. Txinako Xake Txapelketa irabazi zuen. 2009azen, eta herrialde horretako historiako txapeldunik gazteena izan zen Ding. Urte horretan, 2.500 Elo puntuak gainditu zituen, eta maisu handiko titulua lortu zuen. Dingek xakean izan zuen garapenaren ezaugarria ez zen gaztetasuna izan, baizik eta ziurtasuna eta egonkortasuna. 2017ko abuztuaren eta 2018ko azaroaren artean 100 partida ofizial jokatu zituen galdu gabe, eta Mihail Talen errekorra gainditu. Ondoren, Magnus Carlsenek lortu zuen soilik marka hori hobetzea; 2019an izan zen. Dingek jokoan lortu duen egonkortasunaren adierazle dira Elo puntuak. 2018tik, 2.788 eta 2.816 artean mantendu ditu. Hala, munduko bost xake jokalari onenen artean egon da. Erregulartasun hori erakustea izango du helburu igandetik apirilaren 29ra bitarte jokatuko duen Xakeko MundukoTxapelketako finalean. IanNepomniastxi izango du aurkari.

Ding 1992an jaio zen, Wenzhou hirian. Xakeak indar handia du han. Zhun Txen emakumezko munduko txapeldun ohia bertan jaio zen, besteak bete. Lau urterekin xake piezak mugitzen hasi zen. Bere jokoa garatuz zihoala erakutsi zuen urtero-urtero jokalari gazteentzako egiten zen Li Txengzhi Kopako torneoetan. 2009an jokalari profesional izatea erabaki zuen. Hala eta guztiz ere, gurasoen aholkuari jarraituz, ez zituen ikasketak utzi. Kirol emaitzei esker, Pekingo unibertsitate ospetsu batean hartu zuten, eta Zuzenbide ikasketak egin zituen. Kirolari profesionalaren bizitza eta ikasketa uztartzea lortu zuen. Ezagutzen dutenek pertsona umila eta langilea dela nabarmendu dute. Emozioak oso ondo kontrolatzen ditu, eta behin baino gehiagotan modu ia sinestezinean egin die aurre lehietan izaten diren egoera zailei.

COVIDa tarteko, 2020an, Jekaterinburgen (Errusia) jokatu zen Hautagaien Torneoan parte hartzeko berrogeialdia guztiz bakartuta igaro zuen. Izan ere, Txinatik iritsi zen. Hala, oso gaizki hasi zuen torneoa. Sei partidetatik hiru galdu zituen, eta azken postuan jarri zen. Baina egoera iraultzea lortu zuen. Partida batzuk berdindu, eta azken hirurak jarraian irabazi zituen. Bosgarren amaitu zuen.

2022an Madrilen jokatu zenHautagaien Torneoa, eta inda mental handia duela erakutsi zuen beste behin Dingek. Ez zegoen sailkatuta, baina beste jokalari batek, Sergei Karjakinek, Ukrainako gerraren aldeko adierazpenak egin zituen. Ondorioz, zigortu egin zuten, eta parte hartzeko aukera eman zioten. Horretarako, ordea, torneoa hasi aurretik 30 partida izan behar zituen zenbatuak. Oso urrun zegoen kopuru horretatik, eta xake partiden maratoi bat egin behar izan zuen torneoan egoteko. Hilabete batean 28 jokatu zituen. Partida horietan oso emaitza onak lortu zituen, eta nazioarteko zerrendako bigarren postura igo zen. Ozta-ozta heldu zen torneora, jet-lag-ak jota. Lehen partida, Nepomniastxiren kontra jokatu zuen hain zuzen ere, eta galdu egin zuen. Horren ostean, zazpi partida berdindu zituen jarraian. Berriro ere bazirudien ez zuela distirarik egingo. Baina azken sei partidetatik lau irabazi zituen. Tartean Hikaru Nakamurari irabazi zion. Horri esker, aurrea hartu zion sailkapenean, eta bigarrenamaitu zuen.

Postu oso ona zen. Baina Munduko Txapelketako finala, berez, Nepomniastxik eta Carlsenek jokatu behar zuten. Baina azkenerako Carlsenek uko egin zion munduko txapeldun titulua defendatzeari, eta horrek eman dio Dingi finalean egoteko aukera.

Finala Astanan (Kazakhstan) jokatuko da. Egun, Nepomniastxi munduko bigarrena da, eta Ding hirugarrena. Orain arte, hamahiru partida ofizialetan lehiatu dira elkarren aurka. Zortzitan, berdinduta amaitu zuten; hiru Nepomniastxik irabazi zituen, eta bi Dingek. Errusiarraren abantaila posizio konplexuetan eta dinamikoetan egon daiteke. Baina Ding oso ona da defentsako lanean, eta norgehiagoka luze batean aurkari gaiztoa da. Gainera, egonkortasuna ageri ohi du, eta egoera zailak iraultzeko gaitasuna, eta horrek guztiak irabazteko aukera eman diezaioke. Munduko Txapelketa dago jokoan, eta halakoetan edozer gauza gerta gaitezke. Historiak hori erakutsi du.

Jokatzeko erari dagokionez, ezusterik izan ezean, Nepomniastxi jokoaren ekimena izaten ahaleginduko da; Ding, berriz, posizio sendoak izaten ahaleginduko da, defentsaren bitartez. Azken batean, errusiarrak pazientzia galtzea bilatuko du. Hori gertatu denean, adibidez 2021ko Munduko Txapelketan, Carlsenen kontra, Nepomniastxik huts handiak egin izan ditu.

Sinesgarritasuna airean

Mahai gainean dagoen beste kontu bat da zein sinesgarritasun izango duen garaileak. Izan ere, Carlseni irabazi gabe jantziko du txapela. Halakoak geratu izan dira lehenago, eta beti eman dute zeresana. Anatoli Karpovi gertatu zitzaion 1975ean. Bobby Fischerren kontra jokatu barik jantzi zuen koroa. 1993an, Garri Kasparov FIDE Munduko Xake Federaziotik irten zenean, FIDEko txapeldunek ez zuten sinesgarritasunik izan. Denen iritziz, Kasparov zen txapelduna.

Orain, berriro ere, FIDEk txapeldun bat izango du. Baina gehienen iritziz, benetako txapelduna Carlsen da oraindik ere.Kontuan izan behar da Carlsenek finala ez jokatzeko emandako arrazoia, formatua izan zela. Horrenbestez, gerta daiteke FIDE ez den beste erakunde, enpresa edo norbanako batek beste formatu bat proposatzea, norvegiarrak gustuko izatea, eta diru asko jartzea mahai gainean. Hori gertatuko balitz FIDEk boterea galduko luke, baita Munduko Txapelketak ere. Hala gertatu zen Kasparov FIDEtik irten zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.