Getxo errugbi taldeko jokalaria

Joana Murray Barandika: «Talentu handiko taldea daukagu; postu ona lor dezakegu sailkapenean»

Bi urte jokatu gabe egon ostean, Joana Murray Barandika Getxorekin ariko da sasoi honetan. Igandean, Sevillaren aurka abiatuko dute liga, Faduran.

Joana Murray. Mikel Martinez de Trespuentes / FOKU
Joana Murray. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko urriaren 25a
05:05
Entzun

Sei urteren ostean, Getxok Espainiako Ohorezko Mailako neurketa bat jokatuko du igandean, Fadurako errugbi zelaian (12:00). Joana Murray Barandika (Durango, Bizkaia, 1995) taldeko jokalaria izan zen 2018an, eta, beste talde batzuetan ibili eta errugbitik aldenduta egon ostean, Getxora itzultzea erabaki du. «Errugbian berriro jokatzeko ilusioan nuen». Fernando Gauthier eta Muir Kara dira taldeko entrenatzaile berriak.

Nolakoa izan da Getxora itzultzea?

Oso pozik nago. Besoak zabalik hartu naute klubean. Urte hauetan guztietan, harremanetan segitu dut hainbat jokalarirekin, eta jende ezagun asko dut klubean eta taldean.

Duela sei urtekoarekin alderatuta, oso Joana ezberdina ikusiko dute Getxoko jarraitzaileek?

Jokoa hobeto ulertzen dut orain, eta lehiakorragoa naiz; burua hotz edukitzeko gaitasun handiagoa ere badut. Errugbiaz gehiago dakit duela sei urte baino, eta indarrak hobeto gobernatzen ere ikasi dudala uste dut. Hastear dena Ohorezko Mailan jokatuko dudan bosgarren denboraldia izango da.

Erraza izan da erabakia hartzea?

Bai eta ez. Duela bi urte, lan kontuengatik utzi behar izan nuen errugbia. Orain, dudan lan egoera dela-eta, bi gauzak uztartzea posible zait. Ni oso pertsona lehiakorra naiz, eta baiezkoa eman badut, neure burua neure onena emateko gai ikusi dudalako eman dut. Denbora bat behar izan nuen erabakia hartzeko, baina errugbian berriro aritzeko ilusioa nuen.

Zergatik erabaki zenuen berriro jokatzen hastea?

Nagusiki, oraindik ez nuelako neure burua ikusten errugbian sekula gehiago aritu gabe. Jokatu ez dudan bi urte hauetan, galdetu izan didate ea erabakia behin betikoa zen edo ez. Erantzuteko galdera oso zaila izan da niretzat. Barnean banuen oraindik itzultzeko gogoa, eta hau aukera bikaina izan da.

«Partida guztietan hasi eta buka lehiatzea da garrantzitsuena: irabazteko eta galtzeko moduak garrantzi handia du»

Taldeko jokalari helduenetako bat izango zara.

Bai, hala da, taldea urte hauetan asko gaztetu da eta. 20 urteren bueltan dauden jokalariek osatzen dute taldearen parte handi bat, eta beste multzo batean gaude 26 urtetik gora ditugun jokalariak. Gazteak diren arren, errugbian urte luzez aritutako jokalariak dira. Zaharragoak garenok esperientzia dezentekoa dugu Ohorezko Mailan, eta uste dut hori nahasketa ona dela.

Nolako taldea osatu duzue denboraldi berrirako?

Barbara Pla eta Maider Arestiren hutsune garrantzitsuak izan ditugu, besteak beste. Dena den, normala izaten da talde bat maila batetik beste batera igarotzen denean jokalariak aldatzea. Talentu handiko taldea daukagu, eta, lana ondo eginez gero, postu ona lor dezakegu sailkapenean.

Igoera lortu berritan, Itsaso Reina kapitainak esan zuen funtsezkoa izango zela lehen lerroa indartzea eta talde handiagoa izatea. Lortu da hori?

Uztartzeak indartzeko bizpahiru fitxaketa egin ditu klubak, eta, alde horretatik, nabari da hobekuntza. Hala ere, oraindik ere talde handiagoa beharko genukeela uste dut.

Partida bakar bat galdu gabe igo zen Getxo Ohorezko Mailara. Jakinda oso sasoi ezberdina izango dela, mentalki horretarako prestatzeari ere garrantzia eman behar zaio?

Bai, noski. Argi izan behar dugu mailaz aldatu garela, eta oso aurkari indartsuak izango ditugula aurrean. Gainera, entrenatzaile taldea eta jokalari batzuk ere aldatu direnez, elkar hobeto ezagutzeko denbora ere beharko dugu. Partida guztietan hasi eta buka lehiatzea da garrantzitsuena: irabazteko eta galtzeko moduak garrantzi handia du.

«Nire asmoa da errugbiaz gozatzea, nire mailarik onena ematea, eta, bereziki, taldearentzat baliagarria eta lagungarria izatea»

Helburua mailari eustea dela jakinda, baikor zaude?

Bai. Teknika oneko jokalari gazte asko ditugu, eta plakaketetarako aproposak diren jokalariak ere badauzkagu, adibidez. Talentua badago, eta, orain, zelaian erakustea falta zaigu. Askok Ohorezko Mailan jokatu ez badute ere, taldea lasai dago, multzoari beharrezkoa den esperientzia eman diezaioketen jokalari pare bat badauzkagulako. Gugan sinisten dugu. Helburu logikoa mailari eustea da, baina ni sinetsita nago zerbait gehiago lor dezakegula ere. Hori da, behintzat, nire ilusioa.

Sevilla izango duzue kontrario lehen jardunaldian. Hasteko aurkari zaila egokitu zaizue, ezta?

Bai, baina kasik nahiago dut horrela izatea. Horrek lagunduko digu ondoren datozen partidak hobeto lehiatzen. Uste dut taldearentzat mesedegarria izan daitekeela hasieratik aurkariek gure onena ematera behartzea.

Zein da zure asmoa denboraldi honetarako?

Errugbiaz gozatzea, nire mailarik onena ematea, eta, bereziki, taldearentzat baliagarria eta lagungarria izatea. Ohorezko Mailan ariko da berriro ere Getxo, eta, beraz, neurketa bakoitza ospakizun bat izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.