Han eta hemen, hitz onak baino ez dira irakurtzen Eunate Astralaga atezainaren inguruan (Berango, Bizkaia, 2005). Athleticen harrobiko harribitxietako bat da, eta etorkizun oparoa aurreikusten diote. Hark, ordea, nahiago du arreta eguneroko lanean jarri. Sasoi honetan, Eibarren ari da, Athleticek utzita. Bihar jokatuko dute ligako lehen itzuliko azken partida, Real Madrilen aurka, 12:00etan, Alfredo Di Estefano zelaian.
Denboraldi honetan egin duzu debuta Lehen Mailan, 18 urterekin. Nolakoa ari da izaten?
Lasai nago; behin iritsitakoan, konplexuena mantentzea da. Beraz, orain arte egin bezala ari naiz lanean.
Zer sentipen izan dituzu jokatu dituzun partidetan?
Nire lehen partidan, debutean, 0-3 galdu genuen etxean, jokalari bat gutxiagorekin. Oroitzapen ona dut, debuta izan zelako, nahiz eta emaitza ez izan onena. Pixkanaka, erosoago sentitu naiz. Taldekideak ere hobeto ezagutzen ditut. Jokatu nituen azken hiru partidetan bi berdinketa eta garaipena eskuratu genituen, eta gustura aritu nintzen. Gustura eta eroso. Taldekideen eta entrenatzailearen konfiantza sumatzen dut.
Nola sortu zen Eibarrera joateko aukera?
Athleticek eta nik bagenekien zer behar nuen: denbora Lehen Mailan jokatzen eta esperientzia hartzen. Eibarrek ere interesa zuen, eta nire aldeko apustua egin zuen. Guztiok ados geunden. Toki ona da, eta, gainera, etxetik gertu nago. Uste dut erabaki ona hartu genuela; oso pozik nago.
Atezain postuak ezaugarri propioak ditu. Haur kategorietatik zaude Athleticen; lan egiteko orduan nabaritu duzu aldea klub batetik bestera? Eta maila batetik bestera?
Klub bakoitzak bere jokatzeko eredua du, baina uste dut jokalari batek zenbat eta erregistro gehiago izan, orduan eta hobeto arituko dela. Kontua egokitzea da, eta uste dut ondo ari naizela. Mailaz igo ahala antzematen da exijentzia.
Sasoi honetarako, helburu pertsonalik ezarri zenuen?
Jokatzea eta esperientzia biltzea zen nire nahia, eta nire bertsiorik onena azaleratzea. Hobetzen segitu nahi dut.
Eibarrera utzita iritsi aurretik, Athleticekin kontratua berritu zenuen 2027ra arte. Hara itzuli eta han egonkortzea da zure asmoa?
Urratsez urrats noa; oraintxe bertan, gustura nago Eibarren. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, klub bakoitzak zer behar izango dituen...
Adriana Nanclares ari da orain zuri-gorrien atea zaintzen. Lehiakortasun handia dago. Uste duzu taldean tokia egiteko moduan izango zarela?
Bi atezain on daude: Adri eta Mariasun [Quiñones]. Maila handia dago. Itzuli behar badut eta haiekin lehiatu, lehiatuko naiz. Nire onena emango dut. Eta, bestela, ba... ikusiko da.
Zer asmo duzu hurrengo denboraldirako?
Egia esan, oraindik ez dakit. Egunez egun noa.
«Oraintxe bertan, gustura nago Eibarren. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, klub bakoitzak zer behar izango dituen»
Azken urteetan urrats garrantzitsuak egin dituzu. Udan 20 urtez azpiko Munduko Futbol Txapelketa jokatu zenuen, eta aurretik txapeldun izan zinen 19 urtez azpiko Eurokopan. Nolakoa izan zen esperientzia?
Asko markatzen zaituzte horrelako esperientziek. Gutxik dugu halakoak bizitzeko aukera; asko gozatu nuen. Uste dut jokalari hobea egiten zaituztela, eta hazten laguntzen dizute.
Azkenaldian fokupean zaude. Presio handiagoa sentitzen duzu?
Presioa, azken finean, jokalari guztiok dugu. Presio hori eramateko moduan dago desberdintasuna. Presio horrek bultzatzen bazaitu hobea izatera eta ez badizu gain hartzen, uste dut positiboa dela. Nik ondo daramat.
Espektatiba handiak jarri dira zure inguruan. Nola eragiten dizu?
Saiatzen naiz pixkanaka pausoak ematen, eta nigan zentratzen. Bakoitzak nahi duena pentsatuko du; zilegi da. Nik nahiago dut nigan eta egunero egiten dudan horretan pentsatu.
Zein esango zenuke direla zure ezaugarri nagusiak?
Beso zabalera handia dut. 1,86 metro luze naiz. Hori abantaila da gure posturako. Aireko jokoan nahiko segurua naizela esango nuke, eta gustatzen zait hori lantzea. Eta, gero, hankekin ere baloiaren desplazamendu ona dut. Bi alor horiek nabarmenduko nituzke.
Futbola ikasketekin uztartzen segitzen duzu?
Bai. Erizaintza ikasten ari naiz; bigarren urtean nago.
Lehen Mailan arituta, zaila da ikasketetarako denbora ateratzea?
Konplikatua da, bai... Ez dut lehenbailehen bukatzeko presiorik, eta, beraz, apurka noa. Gainera, gustatzen zaidan zerbait da.
«Presioa, azken finean, jokalari guztiok dugu. Presio hori eramateko moduan dago desberdintasuna»
Zure anaia Ander Astralaga ere atezaina da; Bartzelonaren bigarren taldean dago. Biok zarete garaiera handikoak; horrek bultzatu zintuzteten atezain izatera? Edo familiatik datorren zaletasun bat da?
Uste dut familiako lehen atezainak garela. Hura ni baino lehenago hasi zen futbolean; halako batean, atezain jarri zuten, eta gustatu zitzaion; ona zen. Ni apur bat geroago hasi nintzen, jokalari moduan. Taldean ez genuen atezainik, eta, altua nintzenez, ni jartzen ninduten. Azkenean, hortxe segitzea erabaki nuen.
Elkarrekin entrenatu izan zarete?
Bai, oso harreman ona dugu. Hona etortzen den gutxitan, egun libre bat duenean edo, elkarrekin entrenatzen gara. Asko laguntzen dugu elkar.
Aurtengo denboraldiari dagokionez, sailkapenean hamahirugarren postuan zaudete. Bolada onean amaitu zenuten urtea, baina Sevillaren aurka galduta hasi duzue 2025a. Nola dago taldea?
Taldea ondo sumatzen dut. Oso ondo amaitu genuen urtea, nahiz eta kostatu zitzaigun irabaztea. Taldea bide berean dago. Azken porrotak min eman digu, baina hurrengo partidan pentsatzen ari gara. Puntuak biltzen segitu nahi dugu; uste dut azkar osatuko garela.
Xedea argia da: mailari eustea.
Bigarren itzuli osoa falta da, eta gauza asko gertatu daitezke, baina uste dut erraz euts diezaiokegula mailari. Horrela lanean segitzen badugu, arazorik gabe bete dezakegu helburua.
Lehen itzulia amaitzeko, Real Madrilen aurka jokatuko duzue bihar.
Badakigu Txapeldunen Liga jokatzen dutela, eta munduko jokalari onenetarikoak dituztela. Baina zelaira atera eta nor baino nor gehiago lehiatuko gara. Kategoria berean gaude. Gure onena ematen saiatuko gara, eta emaitza, ba ikusiko da.
Zein da neurketari aurre egiteko gakoa?
Detaileetan ikusiko da aldea. Defentsan talde sendoa gara, eta, horri eustea lortzen badugu, zerbait positiboa lor dezakegu.