Abraham Olano. Txirrindulari ohia

«Taldeburuen txirrindularitza sortzen ari gara»

Erretiroa hartu zuenetik kilo askorik hartu gabe dago Abraham Olano. Vueltako ibilbidearen arkitektua izan da urte askoan, 1998ko Tourreko paper batzuetan haren izena ageri zela-eta kargutik kendu zuten arte.

unai zubeldia
Tolosa
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Fin dago Abraham Olano (Anoeta, Gipuzkoa, 1970). «Alabaren aitzakian, oraindik ere dezente ibiltzen naiz bizikletan». 2002an amaitu zuen profesionaletako ibilbidea, eta bederatzi urte igaro zituen gero Unipublicen lanean, Vueltako ibilbideak prestatzen. Tolosako txirrindularitza eskolan ibiltzen da orain, neska-mutikoei laguntzen. 1991ko Giroari eta Mortirolori begira aztertu du aurtengoak eman dezakeena, eta sakon aztertu du euskal txirrindularitzaren egungo egoera.

Gaur egun gutxik esaten dute ondo bizi direla. Batez bestekoa igotzeko moduan al zaude?

Beti bizi nahi izaten da hobeto, baina ezin naiz kexatu. Orain bi urte arte gustura ibili nintzen Unipublicen, txirrindularitzari lotuta, eta hor jarraitzea gustatuko zitzaidakeen. Gaur-gaurkoz ez daukat ezer, baina saiatzen ari gara zer edo zer sortzen. Gainerakoan, nahiko lasai bizi naiz Tolosan, emaztearekin eta hiru seme-alabekin. Txirrindularitzan dabil neska, futbolean mutiko zaharrena, eta mendira edo ibiltzera joaten gara beste mutikoarekin. 16, 13 eta 11 urte dauzkate, eta ez daukagu aspertzeko aukerarik.

Txirrindularitzak zenbateko pisua dauka zure egunerokoan?

Limousin Tolosako txirrindularitza eskolako neska-mutikoei laguntzen ibiltzen naiz, denbora badaukadalako. Bertan dabil alaba, eta astean bi aldiz joaten gara lasai-lasai bizikletan ibiltzera. Kimu eta haur kategorietakoekin ibiltzen naiz, eskolako gazteenekin.

«Indurainen oinordekoa». Zenbateko kaltea eragin ote zizun bi hitz horiek elkartu izanak...

«Indurain egon ez balitz!», esaten didate askok, nire garaipen zerrenda gutxik daukatela gogoratuz. Baina Indurain egon ez balitz, txirrindularitzak, agian, ez zuen izango hainbesteko jarraipenik. Perico Delgadoren ondoren, Miguel Indurain agertu zen; eta, Indurainen ondoren, ni. Bost Tour irabazita, haren testigua hartuko nuela pentsatuko zuten askok, eta nik nahi bai! Baina norberak ahal duen guztia egiten duenean, ezin da gehiago eskatu. Nik ez nuen nabaritzen pisurik.

Garaipen asko eta askotarikoak dauzkazu. Zein duzu kutunena?

Oihartzunik handiena Munduko Txapelketako errepideko probako urrezko dominak izan zuen. Indurainen Munduko Txapelketa zen; Coloradon ibili zen entrenatzen, Marco Pantani zen aurkari zuzena... Baina 1996ko Giroan Mortirolon gora liderraren maillota galdu nuenekoa gogoratzen dut goxoen. Atzean geratu nintzenean etsitzea izango zen errazena, baina irabazteko aukerarik izan ez arren borrokan jarraituz gero saria jasotzen dela ikasi nuen orduan. Izugarri sufritu nuen, baina podiumera igotzeko gai izan nintzen azkenean.

Eta zein porrot daukazu bereziki gogoan?

Porrota baino gehiago, momentu bat: 1996ko Tourrean Iruñera bidean gertatu zena. Tony Rominger eta biok hirugarren eta bigarren geunden —Bjarne Riis zen lider sendoa—, eta Tourreko podiumari eutsi beharrean hasieratik erasoa jotzeko agindua iritsi zen taldera. Lur jota iritsi nintzen Iruñera [zortzi minututik gora galdu zuten Olanok eta Romingerrek, zortzigarren eta bederatzigarren posturaino atzeratuta], eta etxera joateko zorian egon nintzen. Momentu txarretan altxatzea izaten da garrantzitsuena.

2002an erretiroa hartu, eta askok nahiko luketen lanbidea aurkitu zenuen 2004an, Unipublicen.

Bai... Baina txirrindulari nintzenean ahalik eta lasterketa gehienetan ahalik eta ondoen ibiltzea izaten zen nire lana, eta antolatzaile lanetan hasitakoan erabat aldatu zitzaidan begirada. Txirrindularitza ez dela txirrindularitza bakarrik jabetu nintzen, eta oso zaila dela inguru horretan mugitzea. Gauza politak egin nituela uste dut, hala ere.

1998ko Tourreko paper batzuen harira, zure izena tartean zegoela eta, kargutik kendu zintuen Unipublicek. Nola bizi izan zenuen guztia?

Gaizki, arrazoirik gabe kaleratu nindutelako eta eztabaidatzeko aukerarik ere ez nuelako izan. Kazetari batek kaleratu zuen nire izena, eta kazetariek eskubidea daukate beren iturria zein den ez esateko. Kontu horrek ez du aurrera egin, baina Abraham Olano Unipublicetik kanpo geratu da. Hurrengo egunean jada UCIk esan zuen paper horiekin ezin zela inor zigortu. Jalabertek hor jarraitzen du Frantziako telebistan lanean, beste txirrindulari guztiek jarraitzen dute euren lanbidean, baina ni kalean utzi ninduten. Ez dakit zergatik.

Vueltan zein aldapa edo amaiera utzi zenuen sartu gabe?

Aurten igoko duten bat: Col de la Gallina, Andorran. Etapa amaituta dago bertan, baina handik igarotzea zen nire betiko asmoa, eta aurten egingo dute. Etapa horretan hara joateko deitu didate. Estua da errepidea, oso bitxia. Babestutako gunea da, eta orain gutxi arte asfaltatu gabe zegoen. Bi kilometro besterik ez zen asfaltatu behar, baina ez zuten nahi. Hormigoizko zorua dauka gaur egun, eta langa batekin itxita egoten da. Ikusgarria izango da.

Eta Euskal Herrian ba al dago oraindik ezagutzen ez dugun aldapa gogor horietakoren bat?

Bai, bai. Hemen bertan, Tolosan, badaukagu igoera polit bat. Aldapak asko daude, baina arazoa da baten batek ordaindu behar duela hortik igarotzeko. Urkizun dago igoera, atzealdetik igota. Mendiko bizikletarekin egiten dugun zikloturisten martxan igotzen dugu, eta errepideko bizikletekin ere igo daiteke. Oso gogorra da, eta Tolosan amaitu daiteke etapa.

Aldapa kontuetan, txirrindularitza ez al da ari mugara iristen? Gustuko duzu hartu duen bidea?

Ez. Ibilbideen gogortasunean mugara aspaldi iritsi ginela uste dut. Igoeretan erasoa gustatzen zait niri, eta ez jendea, gogortasunak eraginda, lehertuta ikustea. Bi aldiz pentsatu beharko genuke ikusgarritasuna zer den.

Hain amaiera gogorrekin, ez al da ari irabazten eusteko txirrindularitza, haustekoa ahaztuta?

Taldeburuen txirrindularitza sortzen ari gara. Garai batean mugitu egiten ziren talde bakoitzeko bigarren txirrindulariak, baina gaur egun ez. Zergatik? Zeinek dauka interesa bigarren txirrindulari horiek ez mugitzekoa? Euskal Herriko Itzulian zergatik ez zen mugitu Ion Izagirre? Aukerak izanda eta etxean egonda, zergatik ez zuten baliatu aukera hori? Txirrindulari jakin batek irabaztea komeni da gaur egun.

Hiru astekoak beharko lukete Giroak, Tourrak eta Vueltak?

Egunak jaisten hasiz gero, denak daude jaitsi beharra hiru astetik bira; hori da arazoa. Ordurako ASOk Vueltaren zati bat erosita zeukanean, proposatu ziguten guri bi astera jaistea, baina besteek ere jaitsi beharra zeukatela erantzun genien, gainerakoan maila apalagoko proba litzatekeelako Vuelta. Hiru astetik bira jaitsita, txirrindulariek errazago aurre egingo liekete hiru handiei; bete-betean lehiatuz, gainera. Beste txirrindularitza bat ikusteko aukera emango luke erabaki horrek, baina Giroa eta Tourra ezin direnez ukitu... Betiko borroka.

Zentzurik badauka eraikitzen ari diren World Tourrak?

Zentzua edukiko luke World Tourretik kanpoko lasterketek ere puntuak banatuko balituzte. Txinako Itzulia World Tourrean sartu zuten. Ados. Hara eraman nahi dituzte taldeak. Ados. Baina ez behartu inor pauso hori ematera. Gure garaian ONCEk zergatik joan behar zuen haraino lasterketa hura telebistaz ematen ez bazuten eta egun horietan Valentziako Itzulia jokoan bazegoen? ONCEk kupoiak ez ditu saltzen Frantzian, Italian edo Txinan. Zer interes daukat nik Txinara joateko? Banatu puntuak han, baina gertuagokoek ere eman ditzatela puntuak, askoz gutxiago izanda ere. Proba txikiagoak desagertzen ari dira World Tourraren aitzakian.

Lance Armstrongi kendu egin zioten 2000ko Olinpiar Jokoetako domina, baina zuk uko egin zenion domina hura jasotzeari...

Bere garaian esan nuen uko egingo niola, positiborik eman gabe eta artean deklaratu gabe zegoen pertsona bat zigortzen ari zirelako. Gerora aitortu zuen iruzur egin zuela, bat eta beste, baina hori jada ez da nire kontua. Niri ez didate ezer eman.

Girora jauzi eginda, Ion Izagirre eta Beñat Intxausti dira Movistarren bi taldeburuak, Igor Anton ondoan dutela.

Ion oso ondo ikusi dut aurten; gora egiten ari da. Eta Intxaustik ematen duen baino pixka bat gehiago eman dezakeela uste dut. Bere buruarengan sinestea falta zaio, agian; gai dela ikustea. Garai txarra igaro zuen, eta ulertzekoa da bizitzaren kolpeek eragina izatea. Biek ala biek badakite erlojupeko politak egiten, eta haien garaia iritsi dela uste dut. Taldeburuak dira, eta estrategia jokorako aproposak izan daitezke, bietako bat ihesaldiren batean sartuz gero, ondoren oso zaila izango delako haiei denbora asko kentzea.

Igotzaile finak dira beste biak: Mikel Landa eta Mikel Nieve.

Euskaltelen ez dut uste Mikel Nieveren dohainak erabat baliatu zituztenik. Porteren alde lan egin beharko du, motzean lotuko dute, baina Nieve daukat buruan, adibidez, ihesaldian sartu eta taldeburu argiei min egin dakiekeela diodanean. Portek huts egiten ez badu, ordea, gogotik lan egitea tokatuko zaio. Mikel Landaren kasuan, berriz, ikusiko dugu zer egiteko gai den, baina oso maila onean iritsi da.

Giroko azken podiuma?

Contador, Landa eta Izagirre.

Zein egoeratan dago euskal txirrindularitza?

Txarra da egoera. Euskaltel gabe, zerbait falta zaigu, baina txirrindulariak hor daude. Pena da marea laranja hura galtzea, baina zaleek argi ikusi behar dute euskal txirrindulariek hor jarraitzen dutela. Neska-mutikoek galdu egin dute zeukaten eredu edo ikur hori; Euskaltelera iritsi nahi zuten lehen, baina etxeko talde bat falta zaigu orain. Murias hor dago, baina ez dago World Tourrean, eta jendeak ez dio egiten gertuko jarraipenik.

Zentzurik ba al dauka Euskadi Fundazioa eta Murias, hain gune txikian bi proiektu txiki mutur-joka ibiltzeak?

Nik ez dut ulertzen Euskal Herrian bi proiektuk zergatik ezin duten egin euren lana. «Ni gehiago naiz, Euskaltel izan naizelako». Baina momentu honetan ez badaukazu proiekturik eta beste batek baliabideak badauzka aurrera egiteko, zergatik ez diozu lagunduko proiektua gauzatzen? Zer goaz txirrindularitzaren kontra? Edo norberak egon behar al du beti proiektuetan? Zuk aukerarik ez badaukazu, ez oztopatu ondokoaren lana. Biek bat eginda zergatik ez dute sortuko Kontinental Profesional mailako proiektu bat, eta, horren haztegi gisa, harrobiko beste bat? Ez dut ulertzen. Hasieratik izan nuen Murias prestatzen ari zen berri, eta haren proiektuari etengabe trabak jartzen ari zirela ikusten zuen Jon Odriozolak, jakinik besteenak ez zuela aurrera egingo. Une horretan oso nekatuta zegoen Jon, baina, tira, pausoa eman dute, eta ea pixkanaka proiektua indartzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.