Entrenatzaile batentzat egongo al da poz handiagorik denboraldia prestatzen hasitakoan helburu batzuk jarri eta horiek betetzen ari direla ikustea baino? Egotekotan, bere ardurapean dagoen talde osoa erabili izana garaipenetan. Egongo ez da, bada, pozik Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972), Donostiarra taldeko entrenatzailea, taldea egiten ari den lanarekin: lotu du, dagoeneko, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan aritzeko aukera, eta, KAE 1 ligan, bederatzi bandera irabazi ditu, arraunlari guztiek parte hartuta.
Uste baino azkarrago lotu duzue kanporaketa jokatzeko aukera?
Bai. Aurreneko hiruzpalau estropada egin eta gero, aurreikusten genuen gauzak horrela joanda kanporaketa lotzeko aukera bideratu samar izatea garai honetan, baina lotu egin dugu dagoeneko. Aurreikuspenik baikorrena gainditu dugu, eta pozik gaude.
Zuk taldeari ezarritako pausoak betez joan izateak zer esan nahi du zuretzat?
Konfiantza ematen dit, badakidalako zer zailtasun izan ditugun pausoak betez joateko, eta horrek berak taldea indartu egin duelako.
Aurreikuspena gainditu izanak, baina, ez du esan nahi erraz lortu duzuenik, ezta?
Oso zaila izan da. Azkenean, kirola berez da zaila, eta arrauna zer esanik ez. Egoera asko kudeatu behar izaten dira, eta asteburu guztiak dira ezberdinak; denetan dago zailtasunen bat. Kanpotik begiratuta, beste gauza bat ematen du, baina mundu honetan urteak daramatzagunok badakigu zein zaila den. Estropada batzuetan, ondo irabazi dugu, baina beste batzuetan zailtasun handiak izan ditugu. Helburuak betez joan ahala, taldea indartuz joan da.
Zeintzuk izan dira zailtasun handienak?
Lehengo larunbatekoa, adibidez, Plentziakoa. Erreka bazterrean eta ura behera emanda zegoela jokatu genuen, eta guri tokatu zitzaigun itsaslaster gehien zeukan txanda eta kalerik txarrena. Ikusi nuen gure arraunlariek ez zutela burua galdu, ezta arraunketa ere, eta indartu egin gaitu. Beste batzuk ere izan dira horrelako estropadak, eta egoera guztiak gainditzeko gai izan gara; geure onena eman gabe ere irabazi izan dugunean oso kontuan hartzekoa da.
Taldea helduz joan da estropadak jokatu ahala, edo heldua zen lehendik?
Prozesu bat izan da; taldea gero eta helduagoa da, eta oraindik falta zaio heldutasun betea lortzeko. Heldutasunaren seinale da estropadetara irabazteko aukerarekin joatea eta horri aurre egitea taldea egiten ari den bezala. Aukera dagoenean bandera irabazteko, presioa sortzen da, eta taldea oso ondo ari da hori dena kudeatzen.
Irailerako zerbait gordeta edukiko duzu prestakuntzan, eta horrek esan nahi du bete-betean egon gabe ari zaretela lortzen irabaztea?
Txirrindularitzako adibidea jartzen dut horrelakoetan: txirrindulari bat hiru asteko itzulia egiten ari denean, aste guztietan ez da egongo bete-betean; gorabeherak izango ditu. Bada, zailagoa da hori bera kudeatzea hogei laguneko talde batean. Lan mardula bada kirolari baten sasoia bete-betean egotea hiru astean, ea zer den hogei arraunlarirena uda osoan goi-goian egotea. Oso zaila da lortzea. Teoria da prestakuntza, eta egia da bete-betean heldu nahi dugula irailera; baina praktikak askotan ez du zerikusirik izaten teoriarekin. Taldea nola dagoen ikusita, pozik nago. Garai onean gaude, baina zuku gehiago ateratzeko itxaropena daukat sei aste hauetan. Saiatu, behintzat, saiatuko gara.
Talde osoa ari da arraunean, eta denekin ari zarete irabazten. Gauza handiagorik?
Haiek irabazi dute estropadetan jokatzeko aukera, eta, aldaketak egiten baditugu, hori da erabat sinesten dugulako aldaketak balekoak direla. Hori lortzen dugu denak daudelako esna eta gosez. Entrenatzaile batentzat egoera onenak dira. Bi egunetan segidan estropadak izan ditugunean, konfiantza handiz joan izan gara, aldaketa asko eta maila onekoak dauzkagulako.
Kontxako bi estropada dauzkazue igoerako kanporaketa baino lehen. Lagungarri, ala nahasgarri ere bai, azken pauso horretan despistatzeko?
Lagungarri. Kontxak aukera ematen du talde hobeagoen aurka jokatzeko, eta mesedegarria da. Berriz noa txirrindularitzara, eta hor esaten dute Frantziako Tourretik datorren txirrindulariak aldea duela besteekiko. Gurean ere, antzera: Kontxan aritzeak beste puntu bat ematen du, eta baliatzen saiatuko gara.
Hasi zara kanporaketako balizko aurkariei begira?
Gogoan izan dugu beti kanporaketa prestakuntza osatzeko lanean, baina estropadaz estropada goaz denboraldi osoan, eta KAE 1 liga amaitzeko hiru estropada polit geratzen zaizkigu: Hondarribikoa asteburu honetan, eta Zarauzkoa eta Bilbokoa hurrengokoan. Taldean barneratu dugu aukera polita dugula astero bandera irabazteko, eta urteak egin ditugu aukera hori gabe. Balioa ematen diogu horri, eta Hondarribiko Bandera ere irabazi nahi dugu.
Ariko zara begira, baina, Galiziako ligako emaitzei.
Ez dizut gezurrik esango, eta ari naiz bai; ziurrenik, gure arraunlariek ere begiratuko diete. Nire esperientziaren arabera, beti da gogorra kanporaketa, inork ez baitu ezer barkatzen, eta denek nahiko dutelako bete-betean heldu. Azkenean, aurkarien izenak baino garrantzi handiagoa dauka zeinek asmatzen duen bi egun horietan. Dakidana da lau aurkari oso gogor izango ditugula, eta denentzat izango da aukera emaitza ona lortzeko. Gure ardura izango da gure onena ematea. Hori lortu eta, hala ere, besteak hobeak badira, bi irabazleak zoriontzea besterik ez zaigu geratuko. Ez nioke neure buruari barkatuko guk geure onena ez ematea. Ziur nago onena emango dugula.
Nolakoa izaten ari da KAE 1 liga?
Aurkari oso-oso gogorra izan dugu, Santurtzi. Dezentetan aritu naiz liga honetan, San Juanekin eta Oriorekin, eta inoiz izan dudan aurkaririk gogorrena da. Gu oso ondo ari gara, baina Santurtzi ere bai. Bestalde, hori ari dira ordaintzen atzetik dauzkagunak: Isuntza, Zumaia, Getaria, Deustu eta Zarautz. Ez da ari askorik baloratzen talde horien guztien maila gu biona oso handia delako, baina ederki ari dira beste talde horiek denak ere.
Igor Makazaga. Donostiarra taldeko entrenatzailea
«Taldeari zuku gehiago ateratzeko itxaropena daukat»
Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan ariko dela ziurtatu du Makazagaren taldeak, KAE 1 liga bukatzeko hiru estropada falta direla, eta hamabi estropadatik hamar irabazita. Arraunlariak goraipatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu