Taldearen lanari eskerrak

Ethan Hayterrek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapa. Jon Aberasturi hirugarren izan da, eta Alex Aranburu, berriz, laugarren

Taldearen lanari eskerrak.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gogotik egin zuen lan Ineosek Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapan, eta helmugan merezitako saria jaso zuen. Ethan Hayterrek irabazi zuen atzo lehenengo etapa Bastidan (Araba), Omar Fraile santurtziarrak bideratu zion esprintean nagusituta. Hasiera-hasieratik hartu zuen tropelaren burua Ineosek, eta erreleboka aritu ziren taldekideak, Hayterren mesedetan. Baita Tourra eta Giroa irabazi dituen Egan Bernal ere. Sasoiko lehen garaipena lortu zuen Ingalaterrako txirrindulariak, eta hamar segundoren gainsaria eskuratu zuen helmugan.

Euskal txirrindulariak protagonista izan ziren. Hirugarren egin zuen Jon Aberasturik (Trek), eta laugarren Alex Aranburuk (Movistar). Gainera, Txomin Juaristik (Euskaltel-Euskadi) saiatuenaren saria eraman zuen. Bestalde, Pello Bilbaok gaixorik zegoela adierazi zuen, Gasteiztik abiatu aurretik. Majo sufritu zuen gernikarrak tropelaren erritmoan aritzeko. Etapa amaitu zuen, baina Itzulitik erretiratzea erabaki zuen gero.

Ikusi gehiago:Daniel Felipe Martinez: «Vingegaard? Ni ere hemen nago, eta Itzulia berriz irabazi nahi dut»

161 txirrindulari ziren atzo atera beharrekoak, baina Jaakko Hanninen (AG2R) ez zen tropelarekin batera irten, eta 160 txirrindularik ekin zioten Itzuliari. Etapa lasaiena izan zitekeela aurreikusten zen hasieratik, eta gozo-gozo aritu ziren txirrindulariak tropelean. Haizearen beldur ziren bat baino gehiago irteeran, baina arazo handirik gabe egin zuten Gasteiztik Bastidarako bidea. Soilik azken kilometroetan agertu zen haizea.

Kostata sortu zen eguneko ihesaldia atzokoan. Juaristi, Jon Barrenetxea (Caja Rural) eta Cristian Rodriguez (Arkea) sartu ziren bertan azkenerako. Jose Manuel Diaz (Burgos BH) eta Ibon Ruiz (Kern Pharma) ere ahalegindu ziren hirukotearekin bat egiten, baina ez zuten lortu, eta tropelak irentsi zituen. Berehala iritsi ziren txirrindulariak eguneko mendate bakarrera: Opakua (7,1 kilometro eta %5,8ko pendiza). Hiru minuturen aldearekin iritsi ziren iheslariak tontorrera, helmugatik 132 kilometrora, baina kontrolpean izan zuen tropelak lasterketa une oro.



Mendiko sailkapenari begira, eguneko beste puntu erakargarrietako bat, Barrenetxea izan zen lehenengoa tontorrean. Sei puntu bildu zituen, eta hark jantzi zuen pinportadun maillota. Lau puntu eskuratu zituen Rodriguezek, eta bi Juaristik. Hiru minutu baino gehiagoren aldea izan zuen une batez aurreko hirukoteak, baina motzean lotu zuen soka tropelak, eta helmugarako 30 kilometro gelditzen zirenean ezerezean utzi zuen ihesaldia.

Orduan hasi zitekeen urduritasunen dantza tropelean ondo kokatzeko, baina lasai egin zuten azken kilometroetara bidea, zabal-zabal jarrita. Guardiako tarteko esprintean soilik sortu zen aztarrika tropelaren aurrealdean. Gainsariek garrantzia izango zutela aurreikusi zuten talde gehienetako zuzendariek, eta faborito gehienak mugitu ziren maldan gora puntu horien bila. Daniel Felipe Martinezek (Ineos) lortu zituen hiru puntuak. Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) bi puntu lortu zituen, eta bakarra Marc Solerrek (UAE).

Ikusi gehiago:Ion Izagirre: «Tourrak beste izen bat du, baina xarma aldetik, bakarra da Itzulia»

Esprint horren ostean, lasaitasuna nagusitu zen tropelean berriro ere, eta, amaieran, Mathieu Burgaudeau (Total Energies) urrutitik ahalegindu bazen ere, esprintean erabaki zen etapa. Esprinter petorik gabe etorri dira talde guztiak Euskal Herrira, eta txirrindulari azkarrek aukera izan zuten garaipenaren lehian sartzeko. Azken metroetan aldapatxo bati egin behar izan zioten aurre, eta orduan egin zuen apustua Ineosek. Frailek ezin hobeto bideratu zuen esprinta, eta Hayterrek azken ehun metroetan jarri zion ginga santurtziarraren lanari. Irabazlearen eskuinetik ahal bezala aurreratzen ahalegindu zen Aberasturi, baina indarrik gabe gelditu zen gasteiztarra.

Ibilbide gorabeheratsua

Gaur jokatuko da bigarren etapa. Vianatik abiatuko da tropela, eta 194 kilometro egingo dituzte Leitzaraino. Bost mendate igo beharko dituzte guztira, baina erabakigarriagoak izan daitezke jaitsierak. Helmugarako bost kilometro gelditzen direnean iritsiko dira Arkiskileko tontorrera, eta jaitsiera bizkorra eta sigi-sagatsua izango dute Leitzara. Teknika ona daukaten txirrindulariak maldan behera mugitzen ahaleginduko dira. Beste behin ere lehia bizia izango da gainsariak lortzeko.

Ikusi gehiago:Iritzia, Juan Luis Zabala: 'Itzulia eta Lizardi'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.