Taldearen joera, aldatuta

Athletic gain behera zihoan Gaizka Garitanok entrenatzaile kargua onartu zuenean. Urtebetean, talde galtzaile bat irabazle egin du, San Mames gotorleku bihurtzearekin batera. Hainbat jokalari garrantzitsuren agur urtea ere izan da.

Ander Iturraspek, Mikel Ricok eta Markel Susaetak udan utzi zuten Athletic. Irudian, zaleak agurtzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
U rte ona izan da 2019a Athleticentzat. Urtarrilean laino beltzak ikusten ziren, baina giroa aldatu egin da hilabeteak aurrera joan ahala. Aurreko bi urteetako joera ezkorra iraultzea lortu du talde bizkaitarrak. Hasieran Europan lehiatzea lortu, eta, handik denbora oso gutxira, mailari eusteko borrokan murgildu zen Athletic. Mailaz jaisteko arriskua inoiz baino gertuago ikusten zen urte hasieran, baina egun bestelakoak dira kontuak. Athletic hazi egin da. Gora egin du, nahiz eta urtetik urtera gero eta gaitzagoa den daukan filosofiarekin lehiatzea. Merkatuan gero eta zailago jarri baitzaizkio gauzak.

GAIZKA GARITANO
Entrenatzailea, ardatz

Athleticen gaur egungo bolada gozoaren zutabe nagusietako bat Gaizka Garitano da. Taldea jota zegoen kargua hartu zuenean: jaitsierako postuetan zegoen, eta ez zen ikusten egoera iraultzeko aukerarik. Josu Urrutia presidenteak eman zion aukeraren parekoa zen teknikariak zuen ardura,inork ez baitu atera gura Athleticek maila galdu zueneko taldeko argazkian.

Taldeak ibilbide okerra daramanean, asko hitz egiten da horretaz, eta egoerak berez duen baino zama handiagoa izaten dute jokalariek. Burua zein oinak geldiarazi ditzakeen presio batekin zelairatzen dira. Bistan da handia zela Garitanok onartu zuen erronka. Baina, era berean, bere entrenatzaile ibilbidea alda zezakeen. Athletic aurrera ateratzeko gai izanez gero, gorengo mailan zuzentzeko balio duten teknikarien zerrendan sartzeko moduan izango zen. Futbolean jokatzeko ateak zabaldu zizkion klubak beste ate bat irekitzeko aukera eman zion. Bada, Garitanok baliatu egin du aukera: itxuraldatu egin du Athletic. Talde hauskor hura lehiakor egin du. Lehen, taldea ez zen gai atea hutsean mantentzeko, eta, orain, aldiz, Espainiako Ligako defentsarik onenetakoa du. Denbora oso gutxian lortu du hori, gainera. Taldea Europa Ligara sailkatzear egon zen; txapelketako azken jardunaldian galdu zuen aukera, Sevillan.

Udako etenaldiak ez du ezer aldatu. Taldeak maila berean jarraitu du denboraldi berrian, eta sailkapeneko goiko postuetan egonkortu da. Defentsan talde fidagarria da, eta erasoan, sormen arazoak izan arren, Europako lehian egoteko adinako eraginkortasuna erakutsi du. Finean, urtea aintzat hartuta, Athletic ligako talderik onenetakoa izan da.

SAN MAMES
Gotorleku bihurtu dute

Athleticek bi aurpegi ditu: etxean otsoa da, eta kalean, usoa. San Mames da taldearenibilbide onaren giltza. Jokatutako hemeretzi partidetatik hamahiru irabazi ditu, bost berdindu, eta bakarra galdu. Valentzia izan da Bilbon hiru puntuak lortu dituen talde bakarra. Zuri-gorriek indar handia erakutsi dute zaleen aurrean, eta lehiakorrak izan dira. Defentsan, pitzadura gutxiko taldea izan da, eta erasoan baliatu egin ditu etorria izan duen uneak. Urteko momentu nagusia Bartzelonaren kontrako garaipena izan zen: Aritz Adurizek azken minutuan sartu zuen gol erabakigarria, erremate ikusgarri bati esker, eta garaipena iltzatuta geratu da jarraitzaile zuri-gorrien artean. Ahaztezina izan zen. Estatistikak eskuan, 2019an txapelketako talderik onenetan bigarrena izan da Athletic etxean, Messiren Bartzelonaren atzetik.

Etxetik kanpo, ordea, bestelakoak izan dira kontuak. Beste talde askori gertatzen zaien legez, Athletici ere ikaragarri kostatu zaio kontrarioari eustea. Etxean baino oker gehiago egin ditu, eta ez da San Mamesen bezain fidagarria. Ondorioz, kosta egiten zaio puntuak irabaztea. Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik erakutsi duen gabezia nagusia izan da.

FITXAKETARIK EZ
Meritu handiagoa

Athleticek azken urtean egin duen gorakadak daukan merituaz ohartzeko, ezinbestekoa da futbolaren egungo testuingurua ulertzea. Telebista eskubideen salmentak diru asko ekarri du Ligara. Talde indartsuek ez ezik, apalagoek ere gaitasun ekonomiko handia dute. Diru kutxa beteta daukate maila oneko futbolariak fitxatzeko, eta horrek zaildu egin du Athleticen lana. Aurkariak boteretsuagoak dira. Jokalari onak fitxatzen dituzte, eta, era berean, ez dute saltzeko premia handirik. Ondorioz, txapelketa parekatu egin da, eta Athletic, etxean daukana hobetzeko merkatua arakatzen hasten den bakoitzean, konturatzen da ez duela ia aukerarik taldea hobetzeko. Neguko merkatuan Kenan Kodro fitxatu zuen;Danimarkako talde batean lekurik ez zuen jokalaria, hain zuzen ere. Betikoek atera behar izan dituzte babak eltzetik.

HARROBIA
Taldea gaztetuz

Athleticen kirol zuzendaritzak bi zeregin ditu. Batetik, ahalik eta talde lehiakorrena osatu behar du; eta, bestetik, etorkizunean onenen artean aritzeko urratsak egin behar ditu. Beraz, ezinbestekoa da harrobiko gazteen aldeko apustua egitea. Apurka-apurka egin beharreko trantsizioa da. Izan ere, jokalari gutxi daude gai direnak bigarren taldetik nagusira igo eta epe laburrean taldean pisua hartzeko. Pauso handia da, eta pazientzia izan behar da. Arlo horri begira ere ari da Garitano. Denboraldi honetan bi apustu handi egin ditu: atean, Unai Simoni eman dio ardura, eta sormen lekuan, Unai Lopezi. Biak ari dira ondo, baina ezinbestean atezainaren ekarpena nabarmendu behar da. Akatsak egin ditu, baina goi mailako atezaina izan daitekeela ari da erakusten. Bestalde, Oihan Sancet eta Gaizka Larrazabal ere ari dira sartzen lehen taldearen dinamikan. Horiek izango dira epe ertainean Athleticen zutabe nagusiak.

AITOR ELIZEGI
Erabaki garrantzitsurik ez

Ibaiganen hartzen dira klubaren inguruko erabaki guztiak. Bada, jauregiak nagusi berria du joan den abendutik: Aitor Elizegik eta haren lantaldeak lehen urtea bete dute kluba kudeatzen. Hamabi hilabete ez da epe luzea, eta oraingoz Elizegik ez du erabaki garrantzitsurik hartu. Kirol arloan, lehengo proiektuari segida eman dio. Gaizka Garitanoren aldeko apsutua aurreko zuzendaritzak egin zuen, eta lehen taldearen bizkarrezurra ere lehengo bera da. Bestalde, San Mameseko giroa biziberritzeko harmaila indartsu bat osatzeko ahaleginean ari dabil. Hori da haren apustu nagusia epe ertainera. Berrikuntzaren bat egotekotan, klubak txapelketa kudeatzeko ardura duen Javier Tebasekin duen harremanean egon daiteke. Urrutia oso kritikoa zen Ligak hartzen zituen erabaki askorekin. Athleticen interesen kontra zihoazela iritzi zion. Egungo zuzendaritza ez da horren argi agertu. Ikusteko dago zer bide hartuko duen klubak arlo instituzionalean.

MARKEL SUSAETA
Atzeko atetik joan da

Erdilari eibartarrak ekainean esan zion agur dena eman dion klubari. Umetan sartu zen Athleticen, eta lehen taldearekin bostehun partida baino gehiago jokatuta esan zuen agur. Garitanorekin, lekua galdu zuen hamaikakoetan, baina oraindik ere taldeari laguntzen ari zen. Haren eskarmentua eta konpromisoa baliagarriak ziren teknikariarentzat. Kontua da zuzendaritzak zalantza egin zuela eskuin hegalekoari kontratua luzatzeko eskaintza egin ala ez erabakitzeko orduan, eta onartu zuenerako beranduegi zen: Susaetak erabakita zeukan beste bide bat hartzea. Hartutako erabakiak baino gehiago, etxeko jokalari batekin erakutsitako epeltasunakritikatu diote zuzendaritzari. Harekin batera, eskarmentu handiko beste bi jokalarik utzi zuten tadea udan: Ander Iturraspek eta Mikel Ricok.

ARITZ ADURIZ
Erretiroa iragarri du

Hala ere, kirol arloko abiste nagusia Aritz Adurizek eman zuen, denboraldi-aurreko azken egunetan. Inor ez da betiko, eta Aduriz ere ez. Adinak eta lesioek nahikoa dela esatera behartu dute. Hala ere, Athleticek inoiz izan duen erdiko aurrelari onenen artean dagoela utziko du futbola. Klub zuri-gorriak mende honetan izan duen futbolaririk erabakigarriena izan da. Nortasuna eta gol sena uztartu ditu. Aduriz da belaunaldi berrien erreferentzia nagusia.

Nork ahaztuko ditu Athleticek irabazitako azken Superkopan Batzelonari sartutako lau golak? Nork ahaztuko ditu Genki Europa Ligan sartutako bost golak? Nork ahaztuko du Bartzelonari txilenaz sartutako azken gola? Nork ahaztuko ditu buruz errematatzeko egindako hegaldiak? Nork ahaztuko du hogeita hamar urte bete ondoren sartu dituen golen kopuru amaigabea? Aduriz aurrelari berezia izan da, ezberdina den klub batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.