Batzuetan kaleko, besteetan baleko. Reala ondoen zebilela zirudienean, Europarako postuetara ailegatzeko egiteko moduan, hiru partida jarraian lotu ditu irabazi gabe, eta moztu egin zaio orain arteko bilakaera ona.
Txuri-urdinen bolada hori taldeko zenbait jokalariren aldartearekin parekatu daiteke. Adnan Januzaj da haietako bat; zaleen gozagarri eta ernagarri izan daiteke Belgikako jokalaria. Datuei erreparatuz gero, hura zelaian denean biltzen ditu puntu gehien Donostiako taldeak. Gironaren aurka aritzeko atarian min hartu zuen 1995. urtean Bruselako Molenbeek auzoan jaiotako erdilariak, eta Realak hutsean berdindu zuen. Atletico Madrilen aurkako neurketa ere harmailatik ikusi behar izan zuen, eta donostiarrek galdu egin zuten. Ordura arte zortzi partida zeramatzaten galdu gabe.
Jipoia are handiagoa izan zen Sevillaren aurka: espainiarrek bost gol sartu zizkieten txuri-urdinei, eta egun hartan Mikel Oiartzabal izan zen Realaren argiune bakarra; Januzaj azken ordu erdian aritu zen, baina ezer gutxi egin zuen. Erritmo faltak zigortu zuen lehia hartan.
Alabaina, iragan ostiralean itzuli zen Realaren hamaikakora, eta, gorputzaldi onak iraun zion bitartean, hura izan zen donostiarren itsasargia. Lehen zatian, bere gain hartu zuen taldearen jokoa; arrisku handiena sortu zuen jokalaria izan zen, eta berak sartu zuen etxekoen gol bakarra. Sasoi honetan sartu duen estreinakoa izan zen. Lehen zatian, bere maila onaren printzak azaleratu zituen. Bigarrenean, ordea, azken partidetako geldialdia nabaritu zitzaion jardunean, eta, gutxika-gutxika, itzali egin zitzaion distira. Belgikakoak akituta amaitu zuen neurketa, eta haren nekearekin batera ilunduz joan zen Realaren ortzimuga ere, harik eta Levantek gol bat sartu eta Anoetatik puntu bat eraman zuen arte.
Gauzakhorrela, bistakoa da Januzajen jardunak Realaren jokoan duen eragina. Hura ondo ari denean, taldeak igarri egiten dio, eta emaitzetan islatu egiten da hori. Hamabi partidatan aritu da hasieratik: neurketari hasieratik ekin dioenetan, aritzen ez denetan halako bi puntu lortu du Realak, batez beste. Alegia, hamaikakoan izan den partida gehienetan garaipena eskuratu dute donostiarrek; ez, ordea, aulkian edo min hartuta egon denetan.
Halaxe ekin zion sasoiari belgikarrak, min hartuta. Munduko Kopa jokatzen ari zela, min hartu zuen entrenamendu batean, Belgikako selekzioko taldekide Romelu Lukaku belaun gainera erori baitzitzaion. Ekainean izan zen hori, eta urriaren amaieran itzuli zen zelaietara.
Ordutik ia itzuli osoa egin zuen jokatzeko moduan, eta tarte horretan bi aurpegiko jokalari gisa azaldu zen zelaian. Bizi aritzen zenean, taldearen jokoak ere erritmo biziagoa izaten zuen, eta, itzalita zegoenean, astun aritzen ziren txuri-urdinak. Januzaj nola, taldea hala.
Hargatik, Imanolen etorrerak, taldearen dinamika ez ezik, Belgikakoaren aldartea ere hobetu egin zuen. Harengandik espero zen maila onenetik urrun, baina bere printzak erakusten hasi zen. Levanteren aurkako lehen zatian erakutsitako mailari eusten badio, Realak eskertu egingo du. Gaur-gaurkoz hori da Januzajen helburu nagusia: segidari eutsi, eta bere distira guztia zelaian etenik gabe erakustea.
Azken urratsaren zain
Izan ere, Januzajen ibilbidearen ezaugarri nagusia horixe izan da,segidarik eza. Oso gazterik egin zuen Manchester United talderako urratsa, gerora Realeko prestatzaile izango zen David Moyesen eskutik. Europako izar handien pare izateko kinieletan agertu zen, artean adingabea zela. Horrek baldintzatu egin dio ibilbidea, eta fokupean jarri du haren jarduna.
16 urterekin iritsi zen Ingalaterrara, eta ezin hobeto hasi zuen Manchesterreko ibilibidea. Lehen taldearekin hasieratik aritu zen estreinako neurketan, bi gol sartu zituen, eta esperantza handia sortu zuen. Ryan Giggs historikoa ordezkatzea zuen xede, baina zama handia zen hori Januzajentzat.
Alemaniako Ligara joan zen gero, utzita: Borussia Dortmundera, hain zuzen ere. Ingalaterrara bueltan, Moyesen esanetara aritu zen berriz ere; orduko hartan, Sunderlanden. 2017ko udan iritsi zen Realera, eta ordutik bere distira guztia azaleratu nahian dabil. Azken urratsa egitea falta zaio oraindik, ordea.
Taldearen ispilua da
Adnan Januzajen aldartea nolako, Realarena halako: Belgikakoa ondo ari denean, halatsu dabiltza txuri-urdinak; eskas dabilenean, igarri egiten dio Imanolen taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu