Garbiñe Etxeberria. Realeko kirol zuzendaria

«Taldearen bizkarrezurrari eustea espero dugu»

Garbiñe Etxeberria «asebeteta» sentitzen da taldea egiten ari den denboraldiarekin. Jokalariak erakusten ari diren heldutasuna nabarmendu du, eta ilusioz erreparatu dio Espainiako Kopako finalari.

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Denboraldia puri-purian egon arren, hurrengoa prestatzen ere ari da Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria (Hernani, Gipuzkoa, 1967). Bere lanaren parte da, baina onartu du kontratu berritzeak eta fitxaketak egiteko elkarrizketak direla bere jardunaren alderik «desatseginenetako» bat, eta ez duela zerikusirik lehengoekin. «Gaur egun, jokalari gehienek dituzte bitartekariak. Hogei ingururen telefono zenbakiak ditut sakelakoan».

Aste batzuk igaro dira taldeak estreinakoz Espainiako Koparako finalerako sailkatzea lortu zuenetik. Sinetsi al duzue jada?

Uste dut lortutakoa izan zela egiten ari garen lanaren ondorio zoragarri eta polit bat. Ez da kasualitatea izan, taldearen dinamikaren isla baizik. Ligan, adibidez, abendutik ez dugu partidarik galdu, eta gustua ematen du taldea nola jokatzen ari den ikusteak; ni behintzat asebetetzen nau.

Zer duzu bereziki gogoan egun haietan bizi izandakotik?

2011. urtean jokatu genuen finalerdian egoteko aukera ere izan nuen, baina hau oso desberdina izan zen. Batetik, futbola asko asko aldatu da, eta, bestetik, ordukoa Madrilen jokatu genuen,eta oraingoa, Anoetan. Niretzat, gainera, emozionalki oso aste gogorra izan zen azken hura [aita hil zitzaion Sevillaren aurkako finalerdia baino bi egun lehenago]. Une bat aukeratu behar izanez gero, partida ondoren zelaian egon zen ospakizuna aukeratuko nuke. Oso berezia izan zen, eta ez dut sekula ahaztuko. Realaren sentimendua gailendu zen, eta inork ez zion erreparatuemakumezkoen edo gizonezkoen futbola ote zen. Hori ikusteak bete egin ninduen, bai pertsonalki, baita profesionalki ere.

Espero zenuen finalerako sailkatzea?

Partida ero samar hasi zen. Baina lasai egon nintzen, uste osoa nuelako taldearekin. Ziur nengoen irabazteko aukera asko izango genuela gure mailan aritzen baginen. Gainera, uste dut astebete lehenago hasi ginela finalerdi hori irabazten, Athleticen aurkako derbian. Anoetan egon zen giroa, taldeak bigarren zatian egin zuen partida... Ikaragarria izan zen. Bultzada handia izan zen. Arrastoa utzi genuen, Anoeta bi asteburutan segidan emakumeen taldearentzat irekita. Bide horretan segitu nahi dugu; horretarako, funtsezkoa da zaleek emakumezkoen futbolaren alde egitea.

Atletico Madril izango duzue aurkari finalean, ligako talderik indartsuena. Maiatzaren 11 urruti egon arren, zer deritzozu duzu norgehiagoka horri?

Partida bakarrera edozer gauza gerta daiteke, eta faktore askok baldintza lezakete finala: nolako sasoian iristen garen bi taldeak, zer bero egiten duen, epaileen jardunak, lesioek... Haiek banakako jokaldietan oso trebeak diren jokalariak dituzte, eta horren aurka gure talde jokoa gailen dadin lortu behar dugu. Defentsan oso sendo egon beharko dugu, eta arreta handia izan; erasoan, berriz, ditugun gol aukera apurrak ondo baliatu beharko ditugu. Denboraldi honetan defentsako eta erasoko lanaren artean daukagun orekari eutsi behar diogu, azken batean.

Aurreko asteburuan haien aurka jokatuko duzue ligako azken partida. Horrek mesede edo kalte egiten dizue?

Kasualitate hutsa da, baina, oro har, nik ez dut gustuko talde beraren aurka bi norgehiagoka jokatzea jarraian.

Bartzelona arerio aproposagoa izango al zen zuentzat?

Ez dakit, baina arlo psikologikoak eragin handia du finalean. Kopan maiz egokitu zaigu Bartzelonaren kontra jokatzea, eta beti kanporatu gaitu. Alde horretatik, ez dut uste aproposagoa zenik.

Sasoi hasieran uste zenuen taldea ari den bezala arituko zela?

Denboraldiko aurreko plangintza egiten hasten ari zarenetik, beti pentsatu ohi duzu datorren sasoia aurrekoa baino hobea izango dela; nik, behintzat, itxaropen eta ilusio horrekin egiten dut lan. Sasoi honetako gakoa zera da, taldea erakusten ari den heldutasuna, eta jokalari askok aurrerapauso bat eman dutela. Fitxaketak ere primeran ari dira. Ligan maila berean jokatzen eta lehiatzen jarraitu nahi dugu, sailkapenean ahalik eta goren geratzeko; eta, bide batez, horrek mesede egingo digulako Kopako finalera sasoi onean ailegatzeko.

Ligako talde gazteena izanda, nola da posible halako heldutasuna erakustea?

Entrenatzaile taldearen eskarmentua eta eguneroko lana erabakigarriak izan dira, baita jokalarien jarrera ere. Haien arteko tratua oso gertukoa da. Jokalariek gaztetasunaren pizgarri eta bizitasun hori eman diote taldeari, eta teknikariek lagundu eta erakutsi diete heldutasuna eta lasaitasuna izaten erabakiak hartzeko orduan, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Alde horretatik, Gonzaloren [Arkonada] lanarekin batera, Iñaki Goikoetxea bigarren entrenatzailea, Iker Dominguez prestatzaile fisikoa eta Ander Ruiz atezainen entrenatzailea beren esparrutik egiten ari direna nabarmendu nahiko nuke.

Hain denboraldi ona eginda, baliteke jokalari askok eskaintzak izatea. Hasi zarete datorren denboraldiko taldearen inguruan lanean? Bizkortu egin behar izan duzue lan hori?

Kianaren [Palacios] kontratu berritzea izan da lehena. Aurreko sasoietako estrategia eta plangintza berari segitzen ari gara. Ia jokalari gehienekin hitz egin dugu dagoeneko, eta datozen egunetan hitz egingo dugu falta zaizkigunekin. Hurrengo asteak erabakigarriak izango dira; ez dugu maiatz-ekainetara iritsi nahi kontua lotu gabe.

Uste duzu eutsi ahal izango diozuela taldearen bizkarrezurrari?

Gure nahia hori da. Sentipen onak ditugu, eta espero dugu baietz. Guk ahalegin osoa egin dugu; hori argi izan dezatela zaleek. Orain, azken hitza jokalariek dute. Gure politikak berdin jarraituko du: etxeko jokalariak oinarri izatea, eta dauden hutsuneetarako fitxaketak egitea.

Etxeko jokalariek eskaintzak jasotzea espero duzue? Baduzue beldurrik beste esperientzia batzuk nahiko dituztela?

Argi dago sasoi hau erakusleiho handia dela haientzat. Baina ondo ezagutzen dute gure proiektua, eta haiek dute bertan indar gehien. Horretaz jakitun izan behar dute.

Nahikariren kasua da zailena? Zer gertatuko da harekin?

Argi dugu eskaintza asko izango dituela, jokalari handia bilakatzen ari delako Realean. Normala da eskaintzak izatea, eta berak erabaki beharko du zer nahi duen. Baina oso gaztea da, eta beharbada mesede egingo lioke hemen hazten segitzeak. Etorkizunean izango du bestelako erabakiak hartzeko aukera; konfiantza dut haren erabakian.

Taldea nolako sasoia egiten ari den kontuan hartuta, jokalari ohi baino ahalegin handiagoa egiteko moduan zaudete horiei eusteko ?

Klubak beti egin du ahalegina, eta orain arte bezala segituko dugu. Jokalariei ikusarazi nahi diegu ezin dutela oinarritu emaitzetan beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko orduan. Hankak lurrean izan behar dira. Reala erreferente bat da emakumeen futbolean, eta horiere baloratu behar dute. Beste kontu bat da gero ekonomikoki eskaintza hobe bat jasotzea. Hori geratuz gero, haiek ikusi beharko dute zer nahi duten.

Baldintzei dagokienez, eta profesionalizazioaren bidean, asko aipatzen da goizez entrenatzearen garrantzia. Noiz hasiko da taldea hori egiten?

Orain astean bitan entrenatzen dute goizez. Nik zalantza dut entrenamenduak goizera pasatzeak jokalaria profesionalago egiten duen. Guk nahi dugu jokalariak ahalik eta baldintza onenetan egotea esparru guztietan, eta aldi berean ikasketekin segitzea, futbolaren ondoren etorkizun bat izan dezaten. Izan ere, esan bezala, ligako talde gazteena dugu, eta jokalarien erdia inguru unibertsitate ikasketak egiten ari dira; arratsaldez, hori zailagoa da. Kontua ez da, beraz, ez ditugula lan saioak goizera pasatu nahi; ez da kontu ekonomiko bat, baizik eta ez dugula argi komenigarriena den ala ez. Gainera, arratsaldean gauza bera egin dezakezu, eta baliabide berdinekin.

Zein da, orduan, profesionalizazioan egin nahi duzuen hurrengo urratsa?

Beti dago zer hobetua. Askok esango dute soldatek hobeak izan beharko luketela. Soilik horri erreparatuta, beti egongo da eztabaida, baina hori ere hobetu da, eta gainontzeko esparruetan ere uste dut ondo ari garela: inbertsioan, entrenamenduetan, baldintzetan, gertutasunean... Horretan jarraitunahi dugu, esparru bakoitzean urratsak eginez. Gero, badira txapelketan bertan onartu ezin ditugun hainbat gauza: ordutegi batzuk, adibidez. Horretan aldaketak izan behar dira.

Osasun azterketan hobekuntzak eskatu dituzte jokalariek lan hitzarmenean. Nola dago Reala esparru horretan?

Osasun zerbitzuak oso ondo funtzionatzen du, eta behar duten guztia ematen zaie. Oso ondo zainduta daude.

Lan hitzarmenaren negoziazioa ez al doa espero baino mantsoago?

Ez dut uste. Lan hitzarmena beharrezkoa da, eta gauzak ondo egin behar dira, oso kontu serioa baita. Zerotik hasi da, eta gauza konplexua da, dena adostu behar delako. Ez da erraza.

Zer iritzi duzue Espainiako Federazioak proposatu duen txapelketa berriaz?

Oso kontu berria da, eta ez dakigu zer gerta litekeen. Baina gu Iberdrola Ligako taldeak biltzen dituen elkarteko kide gara, eta hark kaleratutako agiriarekin bat egiten dugu. Gardentasun falta salatu genuen, egin genuen azken bileran ez zigutelako ezer esan. Ikusi beharko da zer gertatuko den, baina uste dut bidea orain artekoa dela. Ez dut uste egokia denik ondo funtzionatu duen zerbait aldatzea.; hobetu bai, baina ez aldatu.

Lehen taldetik harago, zer iritzi daukazue bigarren taldearen lehendabiziko denboraldiaz?

Gauzak espero bezala doaz. Guretzat funtsezkoena formazioa da, eta hori lortzen ari gara. Jokalari batek debuta egin du, eta hainbatek lehen taldearekin entrenatu izan dute. Bide horretan jarraitu nahi dugu hemendik aurrera ere. Ez dugu epe zehatzik jarri emaitzak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.