Athleticeko entrenatzailea

David Aznar: «Taldearen bigarren itzulia hobea izango dela uste dut»

«Izaera lehiakorra izatea eta baloiarekin protagonista izatea». Hori lortu nahi izan du taldean David Aznarrek, Athleticen aulkian eman dituen lehen hilabeteetan. Lortu dutela uste du, eta etxetik kanpo hobetu behar dutela.

David Aznar
MARISOL RAMIREZ / FOKU
ainara arratibel gascon
Lezama
2023ko abenduaren 20a
05:10
Entzun
 

Irribarrea ahoan iritsi da David Azanar Athleticeko entrenatzailea elkarrizketara (Talavera de La Reina, Espainia, 1980). Lehen urtea du Athleticen, eta gozatzen ari dela nabarmendu du. Patxadaz, taldearen nondik norakoak aztertu ditu. Zelaian ordu asko ematen ditu, baina baita bere bulegoan ere partidak prestatzen. Han izan da elkarrizketa. 

Gabonetako etenaldira hamargarren postuan iritsi zarete, hamasei punturekin. Zer iruditzen zaizu taldeak orain arte egin duena?

Oso positiboa. Talde lehiakorra izan gara, eta erakutsi dugu edozeini egin diezaiokegula aurre. Hemendik aurrera, egun batzuk atseden hartu, eta, bueltan, helburua bigarren itzulia askoz hobea egitea izango da. Horretarako, argi dago etxetik kanpo puntu gehiago lortu behar ditugula. Izan ere, oraindik ligan ez dugu irabazi Lezamatik urrun. Dena dela, engainagarria da, partida oso onak egin baititugu, eta puntu gehiago merezi ere bai. Gogoan ditut, besteak beste, Levante las Planasen eta Betisen aurkako partidak. Horietan eraginkorrak izatea falta izan zitzagun, bi areetan sendoago ibiltzea. Baina ikasketa prozesu batean gaude, eta akatsetatik beti ikasten da. Dena den, esan bezala, gustura nago eman dugun irudiarekin, lehiakorrak izan baikara, eta aurkariei kosta egin zaie guri irabaztea. Azken partidak exijentzia, intentsitate eta erritmo handikoak izan dira, eta primeran erantzun dugu. Taldeak sufritzen jakin du, partidei eusten eta egoera deserosoetan irabazten. Taldea hain gaztea izanda, horrek asko esan nahi du. 

Taldeak espero zenuen bilakaera izan du?

Bai. Ni uztailean iritsi nintzen, eta entrenatzaile berri batek beti dakar jokatzeko eta lan egiteko metodologia berria. Gainera, azken denboraldietan baino fitxaketa gehiago egin ditu klubak, eta jokalari asko oso gazteak dira. Horri guztiari forma eman behar zaio: egokitzapen eta garapen prozesu bat behar du. Prozesu hori nik uste eta espero nuen baino azkarrago doa. Jokalariak izaten ari diren jarrera nabarmendu nahiko nuke. Helburu oso argia nuela etorri nintzen: Iraiak [Iturregi entrenatzaile ohia] egindako lanari jarraipena eman, eta talde hau eraikitzen jarraitzea, ahalik eta lehiakorrenak izateko. Bide onetik goaz.

Iturregik aurreko denboraldietan ezarritako zutarriek balio izan dizute? Zertan?

Dudarik gabe, balio izan didate. Hark jarritakoak, eta Lezaman azken urteetan egindako lanak, oso baliagarriak gertatzen ari zaizkit. Lan eta zutarri horien guztien fruituak jasotzen ari naiz. Hortik abiatuta, nire entrenatzaile ukitua ematen saiatzen ari naiz, Athleticek beti izan duen nortasunetik aldendu gabe.

«Azken partidak exijentzia, intentsitate eta erritmo handikoak izan dira, eta primeran erantzun dugu. Taldeak sufritzen jakin du, eta egoera deserosoetan irabazten»

Zertan eman nahi izan diozu ukitu hori?

Nire intentzioa pentsaera irabazle bat sortzea izan da. Ez dut esan nahi, noski, orain ez duenik. Baina nire helburua taldea partida guztietan lehiakor izatea da, eta jarrera horrekin heltzea norgehiagokei. Lezama aurkarientzat jokatzeko zelai zaila izatea nahi genuen hasieratik, eta uste dut lortzen ari garela. Puntu asko atera ditugu etxean. Zaleekin, gainera, sinergia oso garrantzitsua izaten ari da. Oinarri horretatik abiatu nahi dugu, eta jokalariek ikustea hemen hazi egin daitezkeela, eta onenekin buruz buru lehiatu.

Eta tekniko-taktikoki zer lortu nahi duzu?

Taldea baloiarekin protagonista izatea. Nik entrenatu ditudan taldeen ezaugarria hauxe izan da: jokoaren aginte makila izatea, baloia asko edukita eta atzetik aterata, eta jokalarien artean ondo uztartzea. Uste dut hori egiteko baliabide asko ditugula, eta, gainera, ez dugula galdu zuzen jokatzeko gaitasuna. Horrek aukera asko ematen dizkigu.

Bigarren itzulia hobea izatea jarri duzu erronkatzat. Hala izango dela uste duzu?

Jokalariei azaldu diedan moduan azalduko dut. Lehen helburua lehiakor izatea zen, eta hori lortu dugu. Orain, lortu behar dugu asteburuero izatea lehiakor, horri segida eman. Izan ere, esan bezala, Lezamatik urrun ez gara horren fin aritu. Ez dugu nahi 15 egunetik behin irabazi: astero irabazi nahi dugu. Hori da hurrengo urratsa. Ziurrenik hori da zailena, eta Txapeldunen Ligarako borrokan dauden taldeetara gerturatzen zaituena. Hori egiteko gai garen sentipenarekin amaitu nahiko genuke denboraldi amaieran. 

Eta sailkapenari begira, zer helburu duzu buruan?

Aipatu genuen, eta ez dugu aldatuko: lehen zortzien artean amaitzea. Hortik aurrera, zenbat eta gorago geratu, hobeto. Den den, niretzat sailkapena garrantzitsua da, baina ez erabakigarria. Nahi dudana da, esan bezala, jarraipena  izatea garaipenetan. Kopak ere ilusio handia egiten digu. Aurreko sasoian lauko finalera iritsi ziren, eta ahalik eta urrutien iritsi nahiko genuke. Madril CF egokitu zaigu hurrengo kanporaketan. Aurkari gogorra da, ligan galdu egin genuen haien aurka, eta arantza hori atera nahi dugu. 

Elexpuru, Landaluze, Zubieta, Pinedo, Ortega eta halako jokalariak denbora asko jokatzen ari dira; gorenean finkatzeko aurrerapausoa eman dutela dirudi. Zein izan da horretarako gakoa?

Uste dut jokatzen ari direnean ondo ari direla. Horrek konfiantza eta motibazioa areagotzea dakar. Azken urteetan jokalari garrantzitsu batzuek utzi dute taldea, eta oso gazteak diren jokalari horiek oso bizkor hartu behar izan dute haien lekua. Konfiantza eta aukera eman diegu, eta, egokitu ahala, duten talentua erakusten ari dira, eta lekua egiten. Ilusio handia egiten dit haiekin lan egiteak, erakutsi duten talentutik harago, oraindik ere tarte handia dutelako hobetzeko. 

Azken denboraldietan, askotan aipatu da taldea trantsizio aldi batean zegoela. Aipatutako gazteek emandako aurrerapausoarekin, amaitu al da aldi hori?

Hala espero dugu, eta jokalari multzo hau egonkortu ahal izatea. Uste dut Nahikari Garcia eta halako jokalarien fitxaketarekin ikusi dela proiektu honek egin nahi duen bidea. Lezamako talentua finkatu eta landu nahi dugu, baita pixkanaka kanpoan dagoena berreskuratu edo erakarri ere. Epe ertain eta luzera fruituak jasoko ditugula espero dut. 

Fitxatu berriei dagokienez, gustura zaude haien lanarekin?

Oso pozik. Uste dut multzoari barne lehiakortasun handia eman diotela, eta barne lehiakortasun hori funtsezkoa dagurea bezalako filosofia duen talde batentzat. Gainera, uste dut taldeak behar zituen postuetan ari direla. Ikaragarri ondo ari dira.

Atean txandakatzeak egin dituzu. Bai Mariasun Quiñonesek, bai Adriana Nanclaresek izan dute beren aukera. Hala jarraitzeko asmoa duzu?

Egia esan, oso-oso gustura nago biekin. Luxu bat da halako bi atezain izatea, badakizulako edonoiz ondo erantzungo dutela. Gainera, barne lehian eredugarriak dira multzoarentzat. Are gehiago, atezainak izanda. Errespetu handia diote elkarri, eta izugarri laguntzen diote elkarri. Oraingoz, txandakatzeak egiten ari naiz, eta ikusiko dugu zer bilakaera duen denboraldiak. Baina, esan bezala, oso gustura nago biekin. Oso lan ona egiten ari dira.

Etorri diren jokalarien artean, Maddi Torrek jokatu du gehien. 

Niretzat, Maddirena egin dugun fitxaketa garrantzitsuenetako bat izan da. Ez bakarrik zenbat jokatu duen ikusita, baizik eta pertsona eta kirolari moduan duen izateko moduarengatik. Sekulako ilusioarekin eta anbizioarekin itzuli dira klubera. Bai zelaian, bai zelaitik kanpo, profesional petoa da. Gazteenentzat eredu aparta da; entrenamendu eta partida guztietan duen onena ematen du. Zelaian, gainera, ziurtasuna, lasaitasuna, konfiantza eta oreka ematen dizkigu. Hori funtsezkoa da, batez ere gurea bezalako atzealde gazte batean. 

Nahikari Garcia zure aginduetara izan zenuen Real Madrilen. Nola ikusten duzu? Jokalari desberdina da?

Bai eta ez. Real Madrilera iritsi zen ilusio eta gogo berarekin ikusten dut, baina Real Madril bezalako talde batetik igaro izanak ematen duen esperientziarekin. Gainera, dagoeneko ez da hasiberria. Eskarmentu handia du, eta, Maddi bezala, eredu da: duen mentalitateagatik, anbizioagatik, profesionaltasunagatik... Sekulako fitxaketa izan da. Pribilegio bat da taldean edukitzea. Zelaian, berriz, ez dut nik deskubrituko. Golez gain, izugarri ematen digu. Batez ere jokoa oso ondo irakurtzen duelako, eta etengabe ari delako soluzio bila. Asko sakrifikatzen da, gainera, taldearen alde. Lan asko egiten du, eta besteak kutsatzen ditu.

Athleticen taldeko izarretako bat da. Zer moduz egokitu da?

Nik batez ere zoriontsu eta lasai ikusten dut. Hona etorri zenean, bai hark eta bai nik argi genuen helburua konfiantza eta protagonismoa berreskuratzea zela. Oso erraz eta bizkor egokitu da. Multzoak asko babestu du, eta berak ere lan handia egin du. Uste dut, gainera, denbora gehiago jokatu ahala gehiago emango digula, Nahikarik behar duena lehiaketa erritmoa baita. 

Aurreko denboraldietan oso jokalari gutxiren artean banatzen ziren taldearen golak. Honetan, berriz, nahiko banatuta daude. Horrek poztu egingo zaitu, ezta?

Noski, erakusten baitu taldeak nolako gaitasuna eta kalitatea dituen. Gure jokatzeko erarengatik aukera asko ditugu areara iristeko, leku batetik baino gehiagotatik, gainera. Horrek jokalari gehiagori ematen die gola sartzeko abagunea.

Zuretzat nolakoa da Athleticeko entrenatzailea izatea?

Oso polita. Gogoan nuen berriz ilusionatzeko, hazteko denbora emango zidan proiektu batean. Eta hemen dena daukat hala izateko: jokalariak, azpiegiturak, baliabideak...

Real Madrilen zenuenarekin alderatuz gero, presioa desberdina da?

Esposizio aldetik bai. Hemen ere presioa dago, baina patxadaz lan egiten aukera duzu, eta balioa ematen diote lortzen duzunari. Han, taldearen lehen urtean, Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen, eta ez zioten garrantzirik eman. Normaltzat hartu zuten, kontuan hartu gabe proiektuaren lehen urtea zela. Hemen, desberdina da emakumezkoen taldea bizitzeko eta sentitzeko modua. Oso integratuta dago, eta, hasi presidentearekin eta azken langilearekin bukatu, oso gertu ditugu, beti daude laguntzeko prest. Izugarria da. Asko mimatzen dute. 

«Arrazoi askorengatik onartu nuen Athleticen eskaintza; besteak beste, filosofia hau barrutik bizi nahi nuelako. Zorte handia dut aukera hau izateaz, eta oso eskertuta nago»

Berehala barneratu duzu Athleticen filosofia?

Arrazoi askorengatik onartu nuen Athleticen eskaintza, baina, besteak beste, filosofia hori barrutik bizi nahi nuelako onartu nuen. Iritsi bezain laster egiten zaituzte horren parte, eta filosofia horrekin astebururo lehiatzea izugarria da. Askotan entzun nuen kuadrilla kontzeptua Athleticen jokalari multzoari lotuta, eta berretsi dut hala dela. Zaleena ere ikaragarria da. Etxetik urrun jokatu ditugun partida guztietan egon da zale multzo bat. Zorte handia dut aukera hau izateaz, eta oso eskertuta nago. Deitu nindutenean, argi izan nuen ezin niela ezetz esan. 

Zein izango du emakumezkoen futbolak hurrengo aurrerapausoa?

Uste dut klub guztiek harrobiak jarri dituztela martxan, eta horrek piramidea zabaldu duela. Gero eta neskato gehiagok jokatzen dute futbolean, eta horrek ekarriko du dagoeneko existitzen den talentua areagotzea. Talentu hori babestu eta sustatu egin behar da. Asko sinesten dut harrobian. Hemen, harrobiko talde guztiak ikustera joan naiz. Talentu handia dugu Lezaman, zorte handia daukagu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.