Jonathan Castroviejok eta Ruben Fernandezek babesean hartuta, Nairo Quintanak (Movistar) triskantza eragin zuen joan den igandean, Sabiñanigotik Formigalera bidean. Erdi ezkutuan aurrera egin, taldekideen emanari eutsi, eta azken lau kilometroetan hautsi zuen sailkapena. Taldekiderik gabe, itota helmugaratu zen Chris Froome (Sky), erdi etsita. Tinkoffek eta Movistarrek, talde lan finean, azken-aurreko epaia eman zuten aurtengo Espainiako Vueltan, baina are garrantzitsuagoa izango da gaurkoa, bakarrean egin beharrekoa. Ez taldekideen bizkar zabalik, ez eskura emandako ur bidoirik, eta ez multzoan joatearen konfiantzarik.
Nairo Quintanak gaur dauka erakutsi beharra Vuelta irabazteko gai dela. Kolonbiarrak ondo asmatu beharko du indarrak eta erreferentziak neurtzen Xabia eta Calp arteko 37 kilometroko bakarkako erlojupekoan huts larri-larria ez egiteko. Aubisque gainean 54 segundokoa zen aldea 3.37ra eraman zuen etapa bakarrean, Formigalen, eta Movistarreko taldeburuak aldrebeskeria handiren bat egin beharko luke etzi Madrilen gozatu handia ez hartzeko. Baina gaurko erlojupekoari biharko etapa gogorra gehituta, Quintanaren aurkariek badaukate, oraindik ere, estutzen jarraitzeko motibaziorik.
Eta datuak daude baikortasun horren atzean. Urrutira joan gabe, aurtengo Frantziako Tourrean, 13. etapan, 37 kilometroko erlojupekoari aurre egin behar izan zioten txirrindulariek, eta uztailaren 15 hartan 2.04 minutu atera zizkion Froomek Quintanari. Bigarren denborarik onena egin zuen britainiarrak, Tom Dumoulinengandik (Giant) 1.03ra, eta 20. onena Quintanak. 18. etapan, berriz, 17 kilometroko saio gogorrean, Froomek irabazi zuen etapa, eta 1.10 minutu atera zion kolonbiarrari. Ez lasterketa eta ez bi txirrindulariak ez daude sasoi berean, baina 3.37 minuturen galerari zati handi bat jateko aukera ona dauka Skyko taldeburuak.
Baina oso kontuan hartzekoak izango dira Esteban Chaves (Orica) eta Alberto Contador ere (Tinkoff). Herrikidearengandik 3.57ra dago kolonbiarra, eta 4.02ra espainiarra. Iaz, Vueltan, 17. etapan, Quintanak 1.10 minuturen aldea atera zion Chavesi, 38,7 kilometroko jardunean. Lasaitasunerako beste helduleku bat du hori Movistarreko taldeburuak. Hori bai, Contador, behintzat, ez dago amore emateko prest. «Motibazioz gainezka nago, eta bete-betean lehiatuko naiz erlojupekoan». Lehen erdian gorabehera batzuk izan baditu ere, nahikoa laua eta teknikoa da saioa.
Nielsen garaile, esprintean
Bost laguneko ihesaldia, esprinterren taldeen lana, eta esprinta. Horixe eskaini zuen atzo 18. etapak, Requena eta Gandia artekoak, eta Magnus Cort Nielsen (Orica) izan zen azkarrena. Niklas Arndti (Giant) eta Jean Pierre Drunckerri (BMC) hartu zien aurrea danimarkarrak. Faboritoen artean ez zen izan alderik.
Taldearen babesik gabe ere bai?
Vuelta irabazteko koska nagusia gainditu beharko du gaur Nairo Quintanak: erlojupeko luzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu