Pablo Prigioniri inork ezingo dio leporatu zintzoa ez denik. Jokalari bikaina izan zen eta ikusteko dago zer nolako entrenatzailea den, baina hizlari ona dela argi dago, edo behintzat sinesgarritasuna transmititzen du. Atzo aurkeztu zuten Buesa Arenan, eta argi mintzatu zen bere inguruan dagoen zalantzarik handienaren inguruan: eskarmentu falta. «Jendeak arrazoi du Baskoniaren entrenatzaile izateko esperientziarik ez dudala dionean, baina taldearen apustu bat da. Ondo edo gaizki irten daiteke, baina nik ez diot beldurrik gaizki irteteari».
Gaia behin baino gehiagotan hartu zuen hizpide. Baskoniak entrenatzaile izendatu zuenean hori izan zen mintzagai nagusia, eta Prigionik badaki. «Ez dakit nolako entrenatzaile mota naizen, ez bainaiz inoiz entrenatzaile izan. Lanean hasi ahala nire burua ezagutzen joango naiz. Egun guztiak ikasketa prozesu baten zati dira». Aurkezpenean, alboan, ez zuen Josean Kerejeta presidentea izan, Felix Fernandez kirol zuzendaria baizik, eta hark azaldu zuen taldearen erabakia. «Baskoniak Prigioni nahi zuen entrenatzaile. Konbentzituta gaude. Hau etapa berri bat da, guztiontzat».
Prigionik onartu zuenez, jokalari bezala erretiroa hartu aurretik —urtarrilean utzi zion jokatzeari— zuen garbi entrenatzaile izan nahi zuela. Bokazioa aspaldi jaio zitzaion, eta azken urtean buelta asko eman dio ibilbide berria non eta nola hasteari. Azaldu zuenez, aukera asko zituen: NBAn laguntzaile, Europan, Argentinan... eta Baskoniaren eskaintza onartu zuen. «Askotan irudikatu izan dut nire burua Baskonia zuzentzen. Gauza askok erakartzen naute hemen, baina asko maite dut talde hau, eta lehen pausoa emateko tokia egokia da».
Erabakia hartu aurretik entrenatzaile askorekin hitz egin du. Esaterako, iragan astean San Antonion (AEB) egon zen, Gregg Popovic Spurs NBAko taldeko entrenatzailearekin. Bere estiloa zein izango den ez dakiela onartu zuen, baina NBAn eginiko bost urteek saskibaloiaren bere ikuskera aldatu dutela. «Nire helburua jokalariek hobera egin dezatela da, eta taldeak saskibaloian ondo joka dezala. Ez dut irabazteaz hitz egingo, erridikulua litzateke, inoiz ez baitut talderik zuzendu». Bere zintzotasuna berriz ere utzi zuen agerian.
Prigionik ondo ezagutzen du nongo lema hartu duen, inork ez dio azaldu behar Baskonia zer den, eta zale zein zuzendariek zer eskatzen duten. «Taldearen helburuak eta nireak berdinak dira. ez naiz inozoa, badakit ez dela erraza izango. Baina zerbait ilusio handiz egiten denean, eta nik talde honekiko dudan tamainakoerrespetua dagoenean, onena ematera behartuta zaude».
Baskoniak itzal handiko entrenatzaile laguntzaile baten bila dabil. Prigioniren eskarmentu falta leunduko duen norbait. Izen asko irten dira, eta, zabaldu denez, Gonzalo Garcia argentinarrak ezetz esan dio karguari. Prigionik ez zuen ezer handirik esan hautuaren inguruan, baina aurki jakingo dela eman zuen ulertzera.
Jokalariekin hizketan
Entrenatzaileen lanabesak jokalariak dira, eta Buesako ugazaba berria hasia d haiekin hitz egiten. Iragan sasoian bere taldekideekin zirenekin harremanetan dago, «kontratua dutenekin», zehaztu zuen.Shane Larkinek uko egin dio Baskoniaren lehen kontratu berritze eskaintzari, eta Prigionik ez zuen argibiderik eman negoziazioen inguruan.
Izen bakarra hartu zuen ahotan, Luis Scolarena, eta zuzenean galdetu ziotelako. Lagunak dira, eta batek baino gehiago egin du amets hura berriz ere Gasteizen ikustearekin. Prigionik, baina, zail ikusten du. «Ahalko banu sorbalden gainean ekarriko nuke. Bere erabakia baldintzatzerik banu hamar aldiz deituko nioke egunero. Ez daki zer egingo duen, eta halako jokalariei erabakiak lasai har ditzaten utzi behar zaie».
Taldearen «apustua»
Pablo Prigionik Baskoniaren ausardia eskertu du aurkezpenean, eta lotsarik gabe aitortu du bere eskarmentu urria. Ez du argibiderik eman fitxaketen inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu