Helvetia Anaitasunako entrenatzailea

Quique Dominguez: «Taldean irudipena dugu lehen itzulian gauza on asko egon direla»

Anaitasuna zazpigarren izan da Asobal ligako lehen itzulian. Quique Dominguezen iritziz, «askoz gehiago izan du onetik txarretik baino». Pena bakarra du: Espainiako Kopatik kanpo geratu izana.

QUIQUE DOMINGUEZ.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Anaitasunako jokalariek ia astebete daramate oporretan. Quique Dominguez (Vigo, Galizia, 1969), ordea, azken lanak amaitzen ari da. Bihar joango da Galiziara, familiarekin Gabonak pasatzera. 

Lehen itzulia bukatu da. Zer balorazio egingo zenuke taldeak egindako lanaz?

Oso zaila da balorazio orokor bat egitea, gurea bezalako jokalari multzo handi batean denetariko egoerak baitaude: batzuek asko jokatu dute; beste batzuek, gutxi; beste batzuk min hartuta egon dira lehen itzuli osoan; eta beste batzuk ligara iritsi berri dira. Baina jokalariei esan diet asko egin dugula lan, eta oso leial jokatu dugula geure buruari agindutakoarekin: prozesuarekin eta eguneroko lanari erreparatzearekin. Oso diziplinatuak izan gara. Esan diet atseden hartzeko eta burua garbitzeko, urtarrilean berriro lanari ilusioz, gosez eta gogoz ekiteko.

Balorazioa egitea zaila baldin bada, are zailagoa taldeari nota jartzea?

Ez zait gustatzen halakoak egitea. Hori zuei uzten dizuet. Gure lana, jokoa eta puntuazioa guztien begi-bistan dago: hamabost puntu lortu ditugu. Denok dakigu nola ekin genion denboraldiari: taldean sekulako aldaketa izan zen; arlo guztietan, oso garrantzitsuak ziren jokalariak joan ziren, eta hori kudeatu beharra zegoen, eta irtenbidea eman taldearen inguruko zalantza guztiei. Pixkanaka, egin dugu, gure estiloan; horrek asko axola dit niri: gustatzen zait identitate oso argia izatea gauzak egiteko, jokatzeko eta elkarrekin harremanak izateko orduan; finean, gustatzen zait taldeak sinisten dituen gauzak egitea, eta bolada on eta zailei aurre egiteko prest egotea. Lan handia zegoen egiteko, eta normaltasunez eta ausardiaz egin dugu. Barruan irudipena dugu gauza on asko egon direla.

Adibidez?

Gauza on pila bat izan dira. Baina talde honek asko transmititzen du, eta hori gustatzen zait gehien. Denek aitortzen digute: pabiloira datozenek eta iruindarrek, baina baita kanpokoek eta aurkariek ere. Talde honek nortasun handia du: asko transmititzen du, energia eta konpromiso handia eramaten du pistara, eta borrokatzeko gaitasun oso handia du, baita jokalari oso gazteek eta Asobal bezalako lehia handiko liga batera iritsi direnek ere. Haientzat ez da zama izan ez elastikoa, ez liga, ezta klub eta kirol honen ikur izandakoak ordezkatu behar izatea ere. Eman diegun konfiantza bueltatzen ari dira, lana ondo eginez eta ondo jokatuz. Identitate oso argia dugu lehiatzeko, jokatzeko, irabazteko eta ez irabazteko orduan. Gauzak egiteko modu bat dugu. Asko lantzen dugu; ez da berez edo kasualitatez azaleratzen.

Espainiako Kopan gertatutakoa izan da okerrena? Antequerak, hau da, maila beheragoko talde batek kanporatu zintuzten lehen kanporaketan.

Zalantzarik gabe, hori izan da hanka sartzerik handiena. Horren pena dugu. Asko gustatzen zaigu Kopa, ilusio handiz aritzen gara, eta asko gustatuko litzaiguke ahalik eta urrunen iristea. Ezuste handia izan zen. Ez zen izan ez geniolako errespeturik izan Antequerari; bagenekien kanporaketa zaila izango zela. Baina taldea oso ondo ari zen. Han, ondo hasi ginen, baina ordu laurdena pasatuta, dena okertzen hasi zen. Oso partida txarra egin genuen, eta Antequerak merezimendu osoz kanporatu gintuen.

Suspertu egin zineten, eta hurrengo lau partidetatik hiru irabazi zenituzten.

Atera behar ziren ondorioak atera genituen, eta ikasi beharrekoak ikasi. Hau kirola da, goi mailako lehia. Taldeak ez zuen hondoa jo, eta barneratu zuen egun txar bat izan genuela; halakoak gerta daitezke, askotan eta edonori. Prest egon ginen hurrengo jardunaldietan lehiatzeko, eta emaitza onak lortu genituen. Hori ere nabarmendu beharrekoa da.

Aurreko denboraldian asko sufritu zenuten mailari eusteko. Halakorik ez pasatzea zen helburua sasoi honetarako. Lortzen ari zarete: hamar puntura duzue jaitsiera. Pozik?

Bai. Sailkapenari erreparatuta, lasaiago gaude: zazpigarren postuan gaude. Baina bigarren itzuli osoa falta da jokatzeko, eta azpian dauden taldeek estutu egingo dute, eta puntuak bilduko dituzte, eta fitxaketak egin. Bigarren itzuliak beti dira zailagoak, lehiatuagoak; talde guztiok dakigu ez dagoela atzera-bueltarik, eta helburu guztiengatik borrokatu behar dela. Guk ere egingo dugu. Ondo prestatuko gara.

«Talde honek asko transmititzen du, eta hori gustatzen zait gehien. Denek aitortzen digute»

Zein da helburua? Posturen bat daukazue begiz jota?

Ez. Kanpotik jendeak zioen sailkapeneko azken-azken postuetan egongo ginela, mailari eusteko lehian. Taldean izandako aldaketa handia dela-eta zioten hori: klubak aurrekontua murriztu zuen, eta jokalari gazteen eta etxekoen alde apustua egin; horrek zalantza asko piztu zituen. Horregatik, jokalari guztiei eskatu diet inor ez ausartzeko esatera zein postuan egon behar dugun. Guk merituak egin behar ditugu egon behar dugun tokian egoteko. Ez diogu geure buruari ez posturik, ez puntu kopuru jakinik jarri behar. Egunez egun joan behar dugu, ondo entrenatuz, eta helduz, jokalari askok asko baitute heltzeko, eta izugarri hobetzeko. Gustatuko litzaidake jendeak baloratzea zer-nolako taldea garen, zer-nolako jokoa egiten dugun, eta zer-nolako gauzak transmititzen dizkiogun gu ikusten gaituenari.  

Anaitasunan funtsezkoa da harrobia, eta sasoi honetan harrobiko hamahiru jokalari aritu dira. Helburu hori ere bete duzue.

Bai. Nik etekin handia ateratzen diot klub honek aspalditik harrobian egin duen lan ederrari; jende asko ari da lanean harrobian. Nire eginkizuna da lan bikain horri segida ematea, eta jokalari gazte horiei aukera ematea; are gehiago, ikusten dudalako Anaitasunaren DNA dutela eta ematen diegun aukerari konpromisoarekin eta lan eta errendimendu onarekin erantzuten diotela. Biziki eskertutako lana da. Niretzat erraza da halako erabakiak hartzea.

Zerbait nabarmenduko zenuke ligari buruz?

Bidasoak 30 puntuetatik 27 lortu izana. Bartzelonak irabaziko du liga, baina aspaldi ez zeukan talde bat horren gertu; Artalekun harekin berdintzeko gai izan da. Nor baino nor gehiago ari da. Horrez gain, parekotasun handia dago: zazpi talde gaude hiru punturen bueltan. Baina ez da ezustea. 

Bidasoa nabarmendu duzu. Hala ere, entrenatzailea aldatuko du. Harrituta?

Kiroletako gauzak dira, klubaren kontuak, eta ni ez naiz sartuko. Baina lehen itzulia sekulakoa egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.