Xabier Etxeita. Amorebietako jokalaria

«Taldeak erakutsi du gerra asko emateko gai dela»

Amorebietak Eibarren aurka jokatuko du bihar, eta denboraldiko lehen derbia izango da (14:00 Movistar). Berezia izango da Etxeitarentzat, Eibarren ere jokatu baitu.

AMOREBIETA.
pettan uralde
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Zelai barruan nahiz kanpoan liderra den jokalaria da Xabier Etxeita (Zornotza, Bizkaia, 1987). Eliteko futbolean aritu ondoren, herriko taldearen deia jaso zuen, eta ez zion hutsik egin. Igoera historikoa lortu ondoren, Bigarren Mailan mantentzea du helburu, eta, batez ere, «egunerokoaz gozatzea».

Nola hasi duzue hain denboraldi berezi hau?

Hasiera hau egokitze prozesua izan da. Taldeak erakutsi du gerra asko emateko gai dela, eta uste dut maila nahikoa dugula partida guztiak lehiatzeko eta puntuak lortzeko. Baina Bigarren Mailak erakutsi digu gauza asko ikasi behar ditugula. Pausoz pauso goaz. Partida batzuetan oso ondo hasi gara, baina gero ikasi behar dugu emaitza kudeatzen eta aldeari eusten. Oraingoz, balantze positiboa egiten dut.

Lehen jardunaldietan oso aurkari gogorrak izan arren aurrean, taldea ez da ezkutatu.

Edozein zelaitan, hasieratik joaten gara norgehiagokaren bila, eta ez gara kikiltzen inoren aurka. Ausartak izaten ari gara, eta uste dut gure estiloa bide horretatik joango dela. Erasoan ondo gabiltza. Horri eutsi behar diogu, eta defentsan indartsuagoak izan behar dugu. Baina taldea ondo dago.

Oraingoz etxean jokatutako lau partidetan bi garaipen eta bi berdinketa lortu dituzue; kanpoan, berriz, lau porrot eta berdinketa bat. Gogorrak izaten ari dira kanpoko neurketak?

Partida askotan aurretik jarri gara, baina gero emaitzari eustea kosta egiten da. Bigarren Maila horrelakoa da; etxetik kanpo oso zaila da puntuak lortzea. Momentu askotan esperientzia pixka bat falta zaigula igartzen da. Liga aurrera joan ahala hobetuz joango dira kontu horiek, nire ustez. Etxetik kanpo, adibidez, hasieratik gauza guztiei garrantzia ematea falta izan zaigu. Kategoria honetan, momentu batean despistatzen zarenean, edonork gola sar diezazuke, eta gero, markagailuan atzetik jartzen zarenean, zaila da buelta ematea.

Mailari eusteko gakoa kanpoko partidetan egon daiteke?

Bigarren Mailan puntu asko egin behar dira mailari eusteko. Etxean, oraingoz, ondo gabiltza, eta bide horretan jarraitu behar dugu. Etxetik kanpo puntuak pilatzen saiatu behar dugu. Horretan hobetzen badugu, ondo joango zaigu.

Bide beretik, Lezama aurrerantzean ere gotorlekua izatea garrantzitsua izango da, ezta?

Etxeko partidak beti izango dira garrantzitsuak, eta aurreko denboraldian Urritxe izan zen gotorlekua Lezama bihurtu behar dugu. Indartsuak izaten jarraitu behar dugu etxean.

Mugimendu asko izan dira aurten taldean, baina badirudi ondo egokitu direla fitxaketak, ezta?

Jokalari berri asko etorri dira, batez ere gazteak eta proiekzio handikoak. Kirol zuzendaritzak lan ona egin du. Astiro-astiro dinamikan sartuz joan dira, eta gaztetasun hori esperientzia bihurtuz joan dira. Ea hortik aurrera haiek duten kalitate hori puntuetan islatzea lortzen dugun.

Lortzen ari zarete entrenamenduetan landutakoa partidetara eramatea?

Ondo ari gara jokatzen, eta partidako planak ondo ari dira ateratzen. Etxetik kanpo gure jokatzeko moduagatik edo gure ausardiagatik, agian gehiago sufritu dugu, baina normala da. Etxean entrenamenduetakoa islatzen ari da, eta garrantzitsua da jokalari bakoitzaren konfiantzarako. Ez da kasualitatea orain arte egindakoa, eta taldea indartzen du.

Bihar partida polita izango duzue etxean, Eibarren aurka. Nola ikusten duzu derbia?

Oso partida polita da guretzat: derbi bat, goian egongo den talde oso sendo baten aurka. Taldeari begiratzen diozu, zenbat urte doazen elkarrekin jokatzen, beti goiko postuetan... Hasieran zalantza batzuekin hasi ziren arren, haien betiko martxa hartu dute. Oso partida zaila izango da, seguru. Baina polita ere izango da.Giro ederra izango dugu, eta etxean, gainera; ea hiru puntuak lortzen ditugun.

Eibarren ere jokatu zenuen. Berezia izango da haien aurka jokatzea?

Polita izango da. Urte haien oso oroitzapen onak ditut. Denboraldi bikaina egin genuen, baina, azkenean, Alcorconen aurkako partida horretan zapuztu zen dena. Taldearen, klubaren eta taldekideen oso oroitzapen onak ditut. Agian ez zen nire denboraldirik onena izan, batez ere bigarren itzulian izan nituen arazo fisikoengatik. Partida polita izango da niretzat ere.

Alcorconen aurkako partida horrek gauza asko aldatu zitzakeen. Agian ez zinen orain Amorebietan egongo?

Ez dakit. Futbolean ez dakigu inoiz zer gerta daitekeen, eta partida batetik bestera dena aldatzen da. Neurketa bat bukatzen denean eta irabazi duzunean, ematen du onena zarela. Galtzen duzunean, aldiz, ematen du txarrena zarela. Ezin dugu pentsatu zer gerta zitekeen; hurrengoari begiratu behar zaio beti.

Eibarretik atera eta Amorebietara itzuli zinenean, ilusioa berreskuratu nahi zenuela esan zenuen. Lortu duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Eibarren denboraldia amaitu nuenean ez nengoen ondo, eta ez nuen lehiatzeko ilusiorik. Baina Asier Goiria laguna dut, eta azken momentuan beste urtetxo bat egoteko ahalegina egin nuen. Oso urte polita izan zen, gozatzea lortu nuen etxeko taldearekin, eta, gainera, igo egin ginen. Aurten, zalantzak izan ditudan arren, ilusio horrekin jarraitzen dut, eta oso pozik nago. Herriko taldearekin Bigarren Mailan jokatzea oso jende gutxik lortzen du. Pribilegiatu hutsa sentitzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.