Ordizia errugbi taldeko jokalaria

Alain Araña: «Taldeak badauka egoerari buelta emateko gaitasuna»

Ordizia errugbi taldeak nahi eta ezin ekin dio denboraldiari; Espainiako Ohorezko Mailako azken sailkatua da lehen zazpi jardunaldien ostean. Edonola ere, Alain Araña jokalariak dio azken jardunaldietan «hobekuntza» nabaritu dutela.

ALAIN ARAÑA
Alain Araña, Altamira estadioan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iñaki Berastegi.
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Denboraldi hasiera oso zaila izan da Ordizia errugbi taldearentzat. Zazpi jardunaldi jokatuta, sailkapeneko azken postuan dago Goierriko talde hori, sei puntu bilduta. Alain Araña jokalariaren iritziz (Ordizia, Gipuzkoa, 2000), defentsan «sendoagoak» izan eta erasoan «eraginkorragoak» izatea falta zaie pauso bat emateko. Hilabeteko etenaren ostean, 2024ko urtarrilaren 14an jokatuko dute ligako hurrengo neurketa, Pozueloren aurka.

Ez da ohikoa Ordizia sailkapeneko azken postuan ikustera. Zer gertatzen zaio taldeari?

Guk ere oraindik ez dakigu zer arrazoi nagusi dagoen partida hauek guztiak galdu izanaren atzean. Dinamika negatibo batean sartu ginen denboraldi hasieran, eta egoera hori iraultzea falta zaigu oraindik. Aurreko denboraldiko jokalari garrantzitsuetako batzuk jada ez daude taldean, jokalari berriak ailegatu dira, eta ezin izan dugu zelaian erakutsi buruan dugun joko hori.

Kezkatua zaudete?

Bai, noski, egoera ez baita erraza. Azken urteetan, taldea ondo aritu da; duela bi denboraldi, ligako finala jokatu genuen, eta orain gauden egoera honetan egotea ez da erraza. Guk ere gure zalantzak ditugu, baina egoerari buelta emateko gai garela uste dugu. Azken partidetan, joko aldetik hobekuntza nabaritu dugu, eta, orain, bide horretatik jarraitu eta emaitzak lortu behar ditugu. Taldeak badauka horretarako gaitasuna. Garrantzitsua den gauza edo detaile txikiren bat aldatzea falta zaigu.

Trantsizio urtea izan zitekeela aipatzen zen, baina beste zerbait bihurtu da, ezta?

Egia da aldaketa asko egin direla, baina uste dut ezin dugula hori etengabe aitzakia gisa erabili. Gaudenok jokatu behar dugu. Berriz diot; geure burua gai ikusten dugu egoerari buelta emateko. Lanean segitu: horixe egin behar dugu orain.

«Azken bi partidak galdu egin baditugu ere, jokoan eta intentsitatean beste zerbait erakutsi dugu; hau da bidea. Geure buruarengan sinetsi behar dugu emaitza onak lortu nahi baditugu» 

ALAIN ARAÑAOrdizia errugbi taldeko jokalaria
Denboraldia ez zenuten erabat gaizki hasi, lehen bi jardunaldietan bost puntu lortu baitzenituzten. Nola ikusi duzu taldearen bilakaera?

Sasoia hasi aurretik ez genekien zehazki sailkapenaren zer tokitan kokatuko ginen. Talde asko ondo indartu dira, eta ziurgabetasun pixka bat bai sentitzen genuen. Lehen jardunaldian, Belenosen aurka, azken jokaldian galdu genuen, eta, ondoren, Alcobendasen kontrakoan, partida guztia atzetik egin eta gero, azken unean lortu genuen garaipena. Agian Belenosen aurkakoa irabazi izan bagenu, beste egoera batean egongo ginateke, baina hori jada ez dugu sekula jakingo.

Ondoren, bost partida galdu zenituzten jarraian, eta Burgosek eta El Salvadorrek 50 puntu edo gehiago egin zizkizueten. Porrot mingarriak izan ziren?

Nire ustez, El Salvadorren eta Cisnerosen aurkako porrotak Burgosen kontrakoa baino mingarriagoak izan ziren, bi partida horiek Koparako ere puntuagarriak zirelako. Guk ikusten genuen irabazteko partidak izan zitezkeela, baina gero zelaian gauzak ez genituen ondo egin. El Salvadorren aurka galdu ostean, jokalariok bilera bat egin genuen, gauzak aldatzeko premia ikusten genuelako. Azken bi partidak galdu egin baditugu ere, jokoan eta intentsitatean beste zerbait erakutsi dugu; hau da bidea. Geure buruarengan sinetsi behar dugu emaitzak lortu nahi baditugu.

Zer hitz egin zenuten bilera horretan?

Jokalari guztiek norabide berean lan egiteko beharraz hitz egin genuen gehienbat. Partida bat galtzen denean, oso erraza da errua beste bati edo taldekide bati botatzea, baina horrekin ez da ezer konpontzen. Argi genuen multzoa batu egin behar genuela. Gure helburua zen Gabonetako etenaldira ailegatu aurretik beste partida bat irabaztea; ez dugu lortu, baina behintzat berriz ondo sentitzea lortu dugu, hori ere premiazkoa baitzen. Cienciasen aurka azken unean galdu genuen, eta Les Abellesen aurka gure bi akatsengatik ihes egin zigun garaipenak.

Zer hobetu behar duzue irabazten hasteko?

Azken asteetan ikusi dugunez, denfetsan sendoagoak izan behar dugu. Argi geneukan partidako hainbeste puntu jasota ezin genuela irabazi. Talde gisa hobeto, gogorrago, defendatu behar dugu, eta aurkariari ahalik eta hutsune gutxien utzi. Ondoren, erasoan eraginkorrago aritu behar dugu. Adibidez, Les Abellensen aurka, 22 metroko lerroan minutu asko igaro genituen, baina gero ez genuen ia punturik sartu.

Denbora kontua da taldeak hobera egitea?

Nik baietz uste dut. Ziur nago denboraldiaren bigarren erdian hobekuntza nabarituko dugula, orain arte gauza asko landu eta egokitzen jardun behar izan baitugu.

«Sasoia hasi aurretik, ez genekien zehazki sailkapenaren zer tokitan kokatuko ginen. Talde asko ondo indartu dira, eta egia da ziurgabetasun pixka bat bai sentitzen genuela» 

ALAIN ARAÑA Ordizia errugbi taldeko jokalaria
Altamiran oraindik partidarik irabazi ez izana da gauzarik mingarriena?

Bai, etxean garaipen bat lortzea oso beharrezkoa zaigu. Duela pare bat denboraldi, aurkariei asko kostatzen zitzaien puntu bat lortzea Alramiran, eta orain ez gara ematen ari zaleek merezi duten hori. Etxeko partidetan asko kostatzen ari zaigu, eta ez dugu lortzen beste urte batzuetan izan genuen sendotasuna.

Kanporaketetarako sailkatzeko helburu nagusia alboratu egin duzue jada?

Argi dago sailkapeneko azken postuan gaudela, eta lehendabiziko lana eta garrantzitsuena hortik ateratzea dela. Halere, horrek ez du esan nahi jada uko egin diogunik kanporaketetarako sailkatzeko helburuari. Partidaz partida joan behar dugu.

Hilabeteko etena duzue orain ligan. Mesede egingo dizue?

Bi astez ez dugu zelaiko entrenamendurik egingo, baina lan fisikoa egiten jarraituko dugu; urtarrilaren 2an itzuliko gara lanera. Gabonak ondo etorriko zaizkigu burua garbitu eta lehen baino indar handiagoarekin bueltatzeko.

Pozueloren aurkakoa da ligako hurrengo neurketa. Aurkari zuzena dela ikusita, partida garrantzitsua izango da, ezta?

Sailkapenean gertuen dagoen aurkaria dela ikusita, bai, oso neurketa garrantzitsua da. Lehen helburu nagusia partida hori Madrilen irabaztea izango da, baina ondoren datozenak ere oso garrantzitsuak izango dira. Garaipen baten premia handia dugu.

Zein da multzoaren aldartea txapelketaren bigarren erdiari begira?

Dugun gauzarik onena hori da, multzoak erabateko fedea duela egiten ari garen horretan. Sinetsita gaude batera lana gogor eginda egoera irauliko dugula. Kontua ez da denboraldia nola hasi den, baizik nola amaitzen den.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.