Z7ko entrenatzaile aulkietako batean eseri, eta patxadaz mintzatu da Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria (Hernani, Gipuzkoa, 1967). Lanez betetako asteak ditu. Baina lasai dagoela dirudi, eta konbentzituta.
Zein balantze egiten duzu amaitzear den denboraldi honetaz?
Klubarentzat oso-oso denboraldi garrantzitsua izan da, eta kirol mailan aberatsa. Realaren izena Europan jarri da lehen aldiz. Ezin dugu hori ahaztu. Gainera, urtarrilean Superkopako finala jokatu genuen. Kopan, berriz, jokatutako lehen kanporaketan geratu ginen kanpoan, nahiz eta Atletico Madrilen aurka ondo lehiatu. Ligan, egia da, emaitzei erreparatuta, hobeto aritzea espero genuen. Gentozen lekutik etorrita, denboraldia ez da hain ona izan. Baina gertatzen dira halakoak.
Uste duzu emaitzak esperotakoak ez izateak ez dituela ikusten utzi aipatu dituzun gauza garrantzitsu horiek?
Nik uste dut begirada hori zabaldu egin behar dela. Ez gaitezen itsutu emaitzekin. Realak urtero eman ditu aurrerapausoak, eta aurtengo denboraldia ere ikasgai handia izan da klubaren estamentu guztientzat. Europara maiztasunez iristeko eta onenekin buruz buru lehiatzeko zer egin behar dugun ikusteko. Hor jarri behar dugu arreta, eguneroko lanean, jokalariak hobetuz.
Helburuak denboraldiero hiru onenen artean egoteko borrokan sartzea izan behar du? Hori lortzeko kluba egiten ari den apustua nahikoa dela uste duzu?
Nik ez ditut zalantzan jartzen klubak ematen digun babesa, lekua eta eskaintzen dizkigun baliabideak. Bartzelonaren eta Real Madrilen pare egoteko, beste aurrerapauso bat eman behar dugu. Ari gara, baina ez dezagun burua galdu. Argi izan behar dugu nor garen, nondik gatozen, zer esan nahi duen Realak... Egitura oso bat daukagu, hiru talderekin. Eta laugarren talde bat dator atzetik.Osotasunean begiratu behar diogu horri guztiari. Lehen taldeari ematen zaio behar duena? Bai, ematen zaio, eta horri etekina atera behar diogu eguneroko lanaren bidez.
Hasieratik kostatu zitzaion taldeari emaitzak lortzea. Zergatik?
Hasieran hiru berdinketa izan genituen, eta kanpoko faktoreek ez digute lagundu: denboraldiaurrea ez zen ohikoa izan; gero, ia hasi gabe sartu ginen bete-betean Txapeldunen Ligan, eta, nahitaez, jokalariak apur bat itsutu egiten dira txapelketa horrekin, eta Ligaren egunerokotik apur bat despistatu egiten dira;urtarrilean oso egutegi betea izan genuen;Gabyk [Garcia] eta Cecik [Marcos] min hartu zuten luzerako...
Natalia Arroyo nola ikusi duzu? Harentzat ere ez zen denboraldi erraza izango.
Argi dago ezetz. Baina oso entrenatzaile multzo indartsua du, eta hori babes handia da.
Hurrengo sasoian amaitzen du kontratua. Erronka handia izango da hari kontratua berritzea, ezta?
Hirugarren denboraldia du, eta ez da erraza talde berean hainbeste denbora egitea. Ez bakarrik emaitzengatik, baita kudeaketarengatik ere. Aldagelek, multzoek, asko eskatzen dute taldekako kiroletan, eta higadura handia da aldaketa hori. Laugarren urtea du; begira nora eraman gaituen, jokatzeko zein estilo erakargarria duen taldeak, nola hobetu dituen jokalariak... Reala hobea egin du. Hemen gustura dagoela esan du askotan, baina erabakia hartzea hari dagokio.
Aurreko ostiralean iragarri zenuten Iris Arnaizen kontratu berritzea.
Albiste bikaina da, jokalari garrantzitsua baita. Etorriko dira albiste gehiago datozen asteetan.Saiatzen ari gara dugun taldeari jarraipena ematen, eta batez ere gelditzen direnek eta etortzen direnei sinetsarazten klub handi batean daudela, eta hemen egiten den lanari eta ematen zaizkien baliabide nahiz aukerei balioa ematen.
Hamahiru jokalariren etorkizuna dago zehazteke. Askok egingo dute geratzeko urratsa?
Nire ustez, emakumeen futbolean, bai jokalariek, baita klubek ere, ikasi behar dugula gauza hauek lehenago egiten, hobeto kudeatzen. Jokalarien kontratuak horren motzak izateak ez du laguntzen. Halako egoerek ezegonkortasun puntu bat sortzen dute. Egoera hauek hobeto eta lehenago kudeatzeak modua emango die klubei lasaiago lan egiteko, eta jokalariei luzera begirako ikuspegi bat izateko, eta ez momentukoa. Izan ere, honetan guztiak jokalariak protagonista handiak dira, garrantzi handia dute, eta konturatu behar dute beren erabakiek eragin handia dutela.
Azken egunetan zabaldu da balitekeela Nerea Eizagirreren kontratua berritzea laster. Hala da?
Esan bezala, lanean ari gara datorren denboraldiko taldeari forma emateko. Argi dago Nerearen kontratua berritzea garrantzitsua izango litzatekeela, badakigulako zer den eta zer ematen digun, bai zelaian, bai zelaitik kanpo.
Duela bi denboraldi gertatu zena berriz gerta daiteke?
Nik uste dut halako egoerak naturaltasunez bizi behar ditugula. Denborak erakutsi digu, gauzak asko aldatu arren, mundua ez dela bukatzen. Denek ez dute jarraitu. Batzuek ez dute nahi, eta beste batzuetan guk hartu ditugu erabakiak. Zera nahi dugu: taldeak azken urteetako esentziari eustea. Maila ona izango du taldeak hurrengo sasoian. Lasai gaude.
Zein izan behar du taldearen esentzia horrek?
Azken urteetako jokatzeko erari segida ematen dion talde bat nahi dugu, eta Reala zer den ondo ulertzen eta sentitzen duten jokalariak eduki.
23 urtez azpiko jokalariei eusteko formazio klausulak dituzue klubek, eta oraindik kontratua berritu ez duten hainbat jokalariri eragiten die. Aukera hori erabiltzearen alde zaude?
Hitzarmenak jasotzen duen zerbait da, eta klub gisa ikusten dugu erabili beharreko zerbait dela. Babes bat da. Ez erabiltzea geure buruari balioa ez ematea litzateke. Gainera, bi aldeek dakigu aukera hori hor dagoela.
Atean, Elene Letek berritu zuen. Adriana Nanclaresek segitzea posible ikusten duzu?
Atezain oso onak dira, eta erakutsi dute. Olatzekin [Santana] hirukote ederra osatzen dutela. Hirurek segitzea nahiko genuke.
Emma Ramirez eta Nuria Rabano joan eta gero, taldeak atzealdeko hegaletan izan du hutsune nagusia?
Ez dakit hutsunerik handiena izan den, baina bai aldaketa nabarmenena. Izan ere, oso ondo aritu ziren, eta, gure jokatzeko eragatik, funtsezko postuak dira atzeko bi hegalak. Baloi irteeran protagonistak ziren. Argi dago biak galtzea nabaritu egin dugula, nahiz eta jokatu dutenak saiatu diren eskatzen geniena egiten, eta beren mailan beren lana ondo egin duten.
Zer gertatu zen Michael Spechtekin?
Jokalari batzuei egokitzapena kostatu egiten zaie. Eta gero hor dago hemen zer espero zuen. Ez zekien zer zegoen hemen. Hala, gutxiago jokatzen hasi zenean, kosta egin zitzaion. Eta guk nahi duguna da dagoen jendea gustura egotea. Ikusi genuen, gainera, atea irekiz gero ondo geundela atzealdean. Ezin duguna da, hala ere, egokitzen ez den jokalari bakoitzari atea ireki. Ahalegin bat eskatu behar zaie.
Andreia Jacinto ederki aritu da, batez ere azken txanpan. Gustura zaudete harekin?
Fitxaketa bat egin behar dugunean, jokalari onak direla sinetsita ekartzen ditugu. Baina gero egokitu egin behar dute: klubera, hirira, hizkuntzara, jokatzeko erara... Eta hor Andreiak pauso bat eman du azken txanpan. Hasieran oso gaizki pasatu zuen; izan ere, min hartu, eta Europako Txapelketa galdu zuen. Hona ere lesionatuta etorri zen. Taldekideek asko lagundu zioten. Pixkanaka, gero eta gusturago sentitu da, eta erakusten ari da zer maila duen.
Aurrealdean, taldeak ez du aurreko sasoian bezainbeste asmatu. Nola ikusi dituzu hor jokatzen duten jokalariak?
Argi dago ez garela fin aritu. Aurrelariak boladaka aritu dira. Ez dira aldi berean bolada on batean egon, iaz bezala. Erasoari begira, nabarmendu nahiko nuke min handia egin zigutela Gabyren eta Ceciren lesioek. Izan ere, bigarren lerrotik iritsita eta geldikako jokaldietan, Gaby gol asko ari zen sartzen, eta lidergo isil hori zuen zelaian. Eta, Ceciri dagokionez, itxita zeuden partidetan asko ari zitzaigun ematen. Bigarren lesio larria zuen, gainera. Multzoarentzat kolpe gogorra izan ziren bi lesioak
Bigarren taldea eta hirugarrena mailaz igotzear daude. Pozik zaudete?
Bai. Ez da erraza izan, baina helburuak betetzea gertu dugu. Bigarren taldean, mailaz igotzea oso garrantzitsua da gure egiturarako, lehenengo taldetik gertuago egongo delako. Behin igota, datorren denboraldiari begira oso ondo antolatu behar dugu talde hori, erronka Bigarren Maila horretan segitzea izango baita. Beraz, oreka bat bilatu beharko dugu, eta lehen eta bigarren taldeak dituzten beharretara egokitu. Gorka Alvarezek eta haren taldeak lan handia egin du. Aintzane Encinasen aginduetara ere, hirugarren taldea oso ondo ari da.
Bigarren taldeko hiru jokalari hurrengo sasoian lehen taldearekin egongo direla aurreratu zuen Arroyok. Aukera ikusten duzu gehiago izateko?
Etxeko jokalariei aukera eman behar zaie, baina pazientzia izan behar da. Harrobian jokalari oso interesgarriak ditugu. Nahia Apariciok debuta egin zuen aurreko asteburuan, eta Elene Viles eta Nora Sarriegi hor daude. Bidean lagundu behar diegu: erakutsi, baliabideak eman... Gero, lehiaketak esango digu jokalari bakoitza non dagoen.
Garbiñe Etxeberria. Realeko kirol zuzendaria
«Taldeak azken sasoietako esentziari eustea nahi dugu»
Etxeberriak aitortu du emaitza aldetik ligan ez dela esperotako denboraldia izan, baina klubarentzat «aberasgarria» izan dela, bai Europan jokatzeagatik, bai harrobiko bi taldeak mailaz igotzear daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu