Merche Castellanos. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Taldeak aurrerapauso bat eman du Europan denboraldi honetan»

Bera Berak EHF Kopako ligaxkako partida jokatuko du gaur Artalekun (18:00, ETB4), Craiovaren kontra. Lehiaketako egungo txapelduna da hura; beraz, lehia «zaila eta gogorra» espero du Merche Castellanosek.

ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Azken astean egindako bidaiengatik nekatuta, baina gaurko EHF Kopako partida jokatzeko «gogoz eta ilusioz» dago Merche Castellanos, Bera Berako jokalaria (Ciudad Real, Espainia, 1988).

Zer moduz doa urtarrileko partida maratoia?

Jakitun geunden hilabete gogorra izango zela, batez ere bidaiengatik. Baina ondo doa, gogotsu eta ilusioz gaudelako.

Hainbeste partida eta bidaiarekin, nola dago taldea sasoiz?

Ondo. Europako partidak oso gogorrak eta lehiatuak dira, eta antzematen dugu. Baina Imanol [Alvarez entrenatzailea] minutuak banatzen ari da, eta horrek lagundu egiten digu. Uste dut badugula nahikoa talde handia bi txapelketetan aritzeko. Gainera, min hartutako jokalariak osatuz doaz pixkanaka. Maitane [Etxeberria] eta Nora [Sagarzazu] itzuli dira, etahorrek igo egiten du taldearen maila.

Atezainak gehiago nekatzen zarete psikikoki fisikoki baino?

Argi dago guk ez dugula hainbeste ahalegin fisikoa egiten, ez dugulako korrika egiten. Baina mentalki oso adi egon behar dugu une oro, eta horrek nekea eragiten du. Imanol minutuak banatzen ari da, zama guztia atezain bakar bat bizkar ez egoteko, eta denek atsedena izateko. Ondo ari da horretan.

Gaur EHF Kopako ligaxkako bigarren partida duzue, Craiovaren kontra, egungo EHF Kopako txapeldunaren aurka. Nolako partida espero duzue?

Oso partida zaila izango da. EHF Kopako txapelduna izateaz gain, Errumaniako ligako txapeldunordea da. Aurreko asteburuan, Nykobingen aurka, erakutsizuen zertarako gai den. Emaitzak dena esaten du: 18-12. Berez, Nykobing talde indartsuagoa da, eta hamabi golean uztea ikaragarri da. Niretzat, behintzat, ezustea izan zen.

Antzeko partida bat espero daiteke gaur?

Ez dut uste. Seinale txarra litzateke hori guretzat. Erritmo biziko norgehiagoka komeni zaigu, gure jokoa kontraerasoan oinarritzen delako, eta halako lehietan emaitzak altuak izaten dira. Partida zaila izango da, baina etxean jokatuta edozer gerta daiteke.

Argi dago defentsan oso talde indartsua dela. Zer beste ezaugarri nabarmenduko zenituzke?

Oso jokalari altuak eta eskarmentu handikoak ditu, eta urrutitik oso gogor jaurtitzen dutenak. Saiatu behar dugugogor defendatzen, eta erasora bizkor ateratzen. Geldikako jokoan aukera gutxiago izango ditugu, fisikoki gu baino indartsuagoak eta garaiagoak direlako

Zer aukera ikusten dituzu multzoan aurrera egiteko?

Zaila da jakitea oraindik, partida bakarra jokatu dugulako. Baina etxekoak irabaztea funtsezkoa izango da. Izan ere, etxetik kanpo partidarik xamurrena, ustez, aurreko igandekoa zen. Dena den, Europan beti izaten dira ezusteak, eta ez dugu ezer baztertzen.

Aurreko sasoiarekin konparatuta, urrats bat egin duzue Europan?

Baietz uste dut. Iragan denboraldian multzoetako fasean sartzear egon ginen, gol batera geratu ginen. Horrek indarra eta konfiantza eman digu, eta bide horretan segitu dugu sasoi honetan bai Txapeldunen Ligako atarikoan, baita orain EHF Kopan ere. Taldea ondo lehiatu da partida guztietan, eta hori da garrantzitsuena. Aurreko igandean, galdu arren, zertarako gai garen erakutsi genuen. Ñabardurengatik erabaki zen partida. Podravka ez zen gu baino hobea izan. Espainiako Ligan lehiakortasuna gero eta handiagoa da, eta horrek lagundu egiten digu. Koska bat falta zaigu Frantziako, Norvegiako edo Danimarkako talde onenekin nor baino nor gehiago lehiatzeko, baina gero eta gertuago gaude. Ekonomikoki dagoen aldea murriztea erabakigarria litzateke.

Artalekun jokatuko duzue. Nola ikusten duzu hori?

Polita izango da, Artaleku historia handiko pabiloia baita. Gainera, EHF Kopako multzoko lehen partida izanda, jende dezente biltzea espero dugu. Salmenta sarrera ondo doa, eta zaleak ilusioz ikusten ditut. Espero dugu betetzea, eta Bidebietan izaten den giroa edukitzea. Gipuzkoan emakumeen eskubaloiarekiko zaletasuna zabaltzeko modu bat ere badela uste dut.

Entrenatzaileak erakutsitakoetatik harago, aurkarien bideoak ikusteko ohitura duzu?

Europan ditugun arerioena bai, talde eta jokalarietako asko ez ditugulako ezagutzen. Sarean aurreko sasoietako partidak izaten dira, eta horiek ikusten ditut. Jokalarien jaurtiketa aztertu ohi dut. Izan ere, EHFko partidetan j gogorrago eta bizkorrago jaurtitzen dute, eta adiago egon behar duzu, edozein unetan egin dezaketelako. Jokalariak ezagutzeak asko laguntzen dizu. Normalean partida bezperetan egiten dut, nahiago dudalako partidaz partida joan. Gainontzean, erotu egiten zara. Gainera, egutegia hain estua izanda, horretarako baino ez dizu denbora ematen.

Zein da zuen lehentasuna: liga edo EHF Kopa?

Liga, hor dugulako titulua irabazteko aukera gehien. EHF Kopan ahalik eta ondo lehiatzen ahalegintzen ari gara,baina badakigu oso txapelketa zaila eta gogorra dela. Nik, gainera, Espainiako Koparen arantza dut. Ez dut sekula irabazi, eta sasoi honetan lortzea nahiko nuke.

Liga gogorra izaten ari da, ezta?

Bai. Partidak irabazteko asko sufritzen ari gara, gero eta parekotasun eta lehia handiago dagoelako taldeen artean. Hainbat partida gol bakarreko aldeaz irabazi edo galdu ditugu, eta uste dut txapelduna ez dela azken norgehiagokara arte erabakiko. Jardunaldi guztietan daude ezustekoak. Argi dago, hala izanda, gehiago sufrituko dugula. Baina nik gustuko dut parekotasun eta lehia hori egotea, polita iruditzen zait. Irabaztean gehiago gozatzen duzu, eta jendea eskubaloira erakartzeko balio du. Hori ere garrantzitsua da ikusgarritasuna emateko.

Liga irabaztea aurreko sasoian baino zailagoa izango da?

Taldea oso jakitun da aipatutako parekidetasun eta lehia horretaz, eta liga irabazi nahi badu sufritu egin beharko duela. Ez digu inork ezer oparituko, eta sufritzeko prest gaude. Aurreko sasoian oso gogorra izan zen, eta berdin gertatuko da honetan ere.

Gustura al zaude egiten ari zaren sasoiarekin ?

Bai, oso gustura nago. Espero dut atetik berdin laguntzen segitzea. Ez nik bakarrik, baita taldeko beste hiru atezainek ere. Oso ondo ari garela lanean. Giro oso ona dugu gure artean, eta hiruren artean dagoen lehia sanoak mesede egiten dio taldeari. Entrenamendu bakoitzean zure onena eman behar duzu jokatzeko.

Denboraldia amaitzeko falta diren hilabeteei zer eskatzen diezu?

Gauzak orain arte bezala segitzea nahiko nuke, bide onetik goazelako. Gainera, zorte pixka bat gehiago izatea nahiko partidetako azken minutuetan, taldeak erregulartasun gehiago izatea, eta taldean lesiorik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.